Paul Urkijoren Irati pelikularen aurrestreinaldia ospatu zen astelehenean Donostian NOTICIAS DE GIPUZKOAren babesarekin. Principe zinemetako 7. aretoa lepo bete zen Urkijok euskal mitologiari eskainitako omenaldia ikusi nahi zuten herritarrekin. Irati Euskal Herriari egin diodan oparia da”, esan zuen zinemagile arabarrak. Emanaldira, gainera, XVIII. mendean girotutako kontakizunean parte hartu duten aktore ugari hurbildu zen. Edurne Azkarate, Eneko Sagardoy eta Itziar Ituñoz gain, Ramon Agirre, Kepa Errasti, Nagore Aranburu eta Iñaki Beraetxe ere bertan izan ziren, besteak beste.

Gauza guztien gainetik, Irati “amodiozko istorio bat” dela esan zuen Urkijok emanaldiaren aitzin-solasean. Euskal mitologiari, historiari eta munstroen pelikulei idatzi dien maitasunezko gutuna da zinemagilearen bigarren film luzea: “Material hori guztia nik bezain beste maite dutenentzat egindako pelikula da”. Proiekzioaren amaierako txalo zaparradak eman zion bide publikoa eta pelikularen taldearen arteko solasaldiari. “Mitologia guztiek sare bat osatzen dute”, erantzun zion Urkijok, euskal legendarium-aren eta beste tradizioen arteko antzekotasunei buruz galdetu zion ikusleari. Esate baterako, Mariren figura bera, beste kultura batzuetan ere topa daitekeela gogoratu zuen: Babilonian, Ishtar; Erroman, Venus; Egipton, Mut; Grezian, Artemisa, eta kultura katolikoan, Ama Birjina bera.

Sinkretismoaz hitz egin zuen gero, hau da, tradizio horien guztien mugak lausotzen dituen prozesuari buruz. Sugaarren kasua ere adibidetzat hartu zuen. Suge gorri hau Mariren seme eta maitalea da, eta Egiptoko eta Greziako ouroboros eta mitologia nordikoko Jörmundgander sugearekin uztartu zituen. Sugea, beti ere, berpizkundearen ideiarekin erlazionatu ohi da. Horra hor beste antzekotasun bat, Ama Birjinaren semea ere hiru egunetara berpiztu baitzen.

'Irati', baliabide handiko pelikula

“Pelikula epiko eta handia” egin nahi izan dutela aitortu du Urkijok. Zentzu horretan, filmaren argazkia, efektu digitalak, soinu banda, artea eta jantziak tentu handiz landu dituzte. “Luxua da horrelako baliabideak dituen proiektu batean parte hartzea”, adierazi zuen Kepa Errastik. Aktoreek ere lan fisiko handia egin behar izan dute, euripean antzeztu, baita Iratiko basoan arropa gutxirekin jardun ere. Zaldi gainean ere ibili dira horietako asko. “Eskatutako guztia ematen du Paulek”, esan zuen Azkaratek.

Euskara berri bat ere ikasi behar izan dute. XVIII. Mendean kokatzen den istorioari behar bezala heltzeko, antzinako hizkuntza izan zitekeenaren “testura” ere landu dute. Gorka Lazkano izan dute aholkulari. Bera izan zen Errementari filmean Arabako antzinako euskalkia berreskuratu zuena. Oraingoan, “lizentzietarako tartearekin” hizkuntza proposamen bat egin zuen. Zenbait arau idatzi eta, bereziki, ahozkotasunean oinarritutako erabakiak hartu zituen. Halere, mugak ere ezarri zituzten, “ulergarritasunaren alde”, noski. Landutako arauen artean adibide adierazgarri bat jarri zuen Azkaratek: Iratin paganoak antzezten dituzten pertsonaiek ez dute inoiz latinezko jatorria duten hitzik erabiltzen; katolikoek bai, ordea. Hain zuzen ere, horixe da Iratik erakusten duena, zaharra eta berriaren arteko talka eta bien arteko sintesia. Ostiral honetatik aurrera ikusgai izango da zinema areto komertzialetan.