Ez dira 24 ordu igaro Barajasen Spanair konpainiako 5022 hegaldiak istripu larria izan duela: 153 hildako. Biharamunean, Hondarribian inork ez du horretaz hitz egin nahi. Zer esan giroa igartzera joan diren kazetariei? Listua irentsi eta airera. Madrilera iritsiko dira, orduz geroztik joan diren guztiak bezala. Duela bi aste abiadura handiko tren bat errailetik atera zen Kordobako Adamuz herrian, eta kontrako norabidean zihoan tren batek haren aurka talka egin zuen: 46 hildako. Istripua nolatan gertatu jakin nahi duenaren arreta errailan jarrita dago. Orban hori, fabrikatze-akatsa? Fokoa, baina, aspaldi atera da hortik. Egunak dira ikerketaren behin-behineko datu eta hipotesiak errelatoen mesedetan erabiltzen direla. Horrelako istripu baten ostean egia ezagutzea gutxi ez balitz, bada sistema osoa jomugan jarri nahi duenik. Zalantzak erein zuhaitz horren fruitua gobernu moduan eror dadin. Aspaldi nahastu ziren beharrezko ardura eskaerak sistema osoa zalantzan jartzearekin. Dena da susmagarri, ez da konfiantzarik. Estatu Batuetako eta Extremadurako hauteskundeetan ikusi da: akatsa, hankasartzea edo istripu larria ez dira orbana, sistema oso baten matxura baizik. Antzekoak ekiditeko behar diren baliabide eta kontrol mugagabeak jartzea errazagoa da sistema oso batek behar duen konfiantza berreskuratzea baino.