- Bere estreinako lana, Los privilegios del ángel (2009), berreskuratzeko prozesuan jarraitzen du Dolores Redondo idazle donostiarrak. Orain hilabete, urte luzez deskatalogatuta egon den obraren edizio berri bat atera zuen, gaztelaniaz Booket argitaletxearekin, eta katalanez, Labutxaca zigilupean. Oraingoan, euskarazko bertsioa iritsi da, Aingeruaren pribilegioak, Ereinen eskutik. Liburuki honekin, argitaletxeak Redondoren obra guztiak euskaraz eskuragarri ditu.

Baztango trilogiarekin bi milioi eta erdi irakurle lortu aurretik, 2009an lehen eleberria kaleratu zuen idazleak, "edizio txiki batean". Redondok berak, nobelaren hitzaurrean gogoratu du, nola, lehen lanetik, jada, gerora garatuko zituen zenbait elementu jaso zituen: "Nire eleberri guztietan ageri da geruza bat bete ipar haize, euri eta hezetasun, nire sustraietatik zuzen datorrena, jaio eta hazi nintzen lekutik, nire inguruan zegoen familia-eredu matriarkaletik, gogor lan egitearen kulturatik, pobreen ohoretik eta heriotzatik".

Bere "arima osoarekin" zuenaz idaztea erabaki zuen Redondok; horregatik lekutu zuen eleberria Pasaian. Donostiarra izan arren, umea zela egun asko pasa baitzituen bere aitona-amonek badian gobernatzen zuten ostatu baten inguruan, "zikinkeria", "gasolina-usaina", "arraina", "estiba-kaxak", "arrantzale" eta lutoz jantzitako emakumeen artean.

Gorrotoak, ordea, onarpenari bide eman zion. "Maite ditut nire sustraiak, bakean naiz. Gaur egun, badakit hori ezinbestekoa dela, eta egia horren ondorioz izan dutela nire hurrengo liburuek halako harrera ona orain arte", idatzi zuen 2016an Hori guztia emango dizut liburuarekin Planeta Saria irabazi zuen autoreak.

70. hamarkadan kokatzen da Aingeruaren pribilegioak liburuaren istorioa -izenburua, aldiz, Henry Miller-en Kaprikornioko tropikoa eleberritik atera zuen- eta erdigunean, bost urteko bi neskato, oso hurbileko bi adiskide: Pakutxa eta Celeste. Lehenengoaren heriotzak, bigarrenaren etorkizuna baldintzatuko du.

Redondok azaldu du doluaz eta heriotzaz idaztea erabaki zuela bazekielako "infernu horretara bidaiatzea dela nolabaiteko bakea eskuratzeko modu bakarra". "Bost urte nituela, nik neuk bizi izan nuen prozesu hori, eta, gainera, besteen doluen lekuko izan nintzen: beren aldaera guztietan, bere krudeltasun osoan, ikusi nituen gizon-emakumeen doluak, haurren doluak, istripuek edo gaitzek eragindakoak, heriotza, heriotza heroikoen zein bortitzen ondoriozkoak. Txiki-txikia zarenean galera handi bati aurre egin behar badiozu, haurtzaroa eten egiten da, eta ez da berriro berreskuratzen: desagertu egiten da, batzuetan, betiko", dio.

Bere estreinako liburuak gai "erosoak" ez dituela tratatzen jakin badaki Redondok; are gehiago, askori irakurketa aldapan gora egingo zaiela, baina argi dauka, sendatu eta aurrera egin nahi duenak ezin diola heriotzari eta doluari izkin egin.

Izenburua: Aingeruaren pribilegioak.

Egilea: Dolores Redondo.

Argitaletxea: Erein.

Orriak: 328.

Salneurria: 19 euro.