23 urte besterik ez dituen arren, Elba Álvarezek bost denboraldi egin ditu Aula Valladoliden; 130 partida jokatu ditu (109 ligan) eta 500 gol inguru sartu. Orain Vigoko zentrala Super Amara Bera Berako jokalari berritzat aurkeztu dute eta ilusioz gainezka” agertu da, eta, aldi berean, “arduratuta, egungo txapeldun den taldera etortzeagatik”,

"Jokalari argia"

Talde donostiarreko eskubaloi saileko arduradun Tati Garmendiak azaldu zuzenez, Alvarez “jokalari argia da defentsan, eta erasoan abiadura, distantzia erdiko jaurtiketa eta bi biren kontrako ona eskainiko dizkigu”. “Pozez zoratzen gaude”, gehitu zuen.

Elba Álvarez Bera Berako jokalari berria N.G.

Galiziarrak “oso pozik” dagoela onartu zuen, “nire ibilbidean aurrerapausoa delako eta gogotsu nagoelako”. Gainera, Alvarezen ustez, “niretzat mesedegarria izan daiteke” Bera Beraren jokatzeko modua, eta, aldi berean “nik neuk ere, Tatik aipatu dituen abiadura eta pibotearekiko joko horretan lagun dezakedala iruditzen zait”.

Bera Beraren deiak “ezustean” harrapatu zuela aitortu zuen Alvarezek. “Behin gorenean dagoen taldearen deia jasoz gero, ez genuen denbora askorik behar izan negoziaketan; talde honen parte izatea sekulakoa da, beti tituluak eskuratzeko borrokan dabiltzalako”. Zentralak onartu duenez, “sekulako ilusioa egin zidan, Aularentzat bost urte hauetan egindako lana maila indibidualean ere islatzen dela jakitea, eta maila honetako talde baten deia jasotzeak”.

Denboraldia

Hala ere, denboraldi bakar baterako sinatu du, nahiz eta eskaintza bi urterako izan: “Bertigo pixka bat sentitu nuen; ea taldean nola uztartzen naizen, postua ere ardura handikoa da eta Boada ordezkatzeak errespetua ematen du. Ahalegin guztiak egingo ditut, baina pixkanaka-pixkanaka”.

Esther Arrojeriarekin eta Laura Hernandezekin batera jokatu zuen Elba Alvarezek, Espainia 2022ko Mediterraneoko Jokoetan nagusitu zenean. “Hona etortzeak Arrojeria eta Laurarekin jokatzea dakar, eta ilusio handia egiten zidan haiekin taldea partekatzeak; bereziki Estherrekin, uste dut asko ikas dezakedala harengandik, eta nik neuk ere pixka bat lagun diezaiokedala. Bost urte eman ditut Tere Álvarezekin, eta orain Estherrengandik eta gainerako jokalariengandik ikasteko aukera izango dut”. Gainera, junior selekzioan Imanol Álvarezekin aritu zen. “Horrek ere alde jokatu du erabakia hartzerakoan. Etortzea nahi zuen, eta izugarri gozatu nuen berarekin junior mailan”.

Sistemak

Elba Alvarezen esanetan, “heldutasun puntu politean nator, eta oso eroso nago kantxan. Partidaren une zailetan agintzeko eta lasai egoteko gauza naiz. Horixe izango litzateke nigan gehien nabarmenduko nukeena”. Horregatik, “gogor defendatu eta korrika egiteko sisteman ondo uztartzea” espero du, horixe baita Bera Berak eta Aulak egiten duten jokoaren oinarria. “Maite dut defentsako lana; kontra-erasora irten eta ordenatzea. Abiadura azkarrean jokatzen ekarpen handia egin dezaket”, gaineratu zuen.

“Heldutasun puntu politean nator"

Elba Álvarez - Bera Berako jokalaria

Ilusio handia egiten omen dio Elbari “tituluak lortzeko borrokan aritzeak”. “Titulu bat lortzeko urduritasun punttu horrekin jokatzea, esate baterako, iraileko Iberiar Superkopa, kitzikagarria da”, aipatu zuen.

Elba Alvarez laster joango da Antequeran egingo diren Unibertsitate Jokoetarako kontzentraziora, eta seguru omen dago “uztailaren amaieran prest” etorriko dela, “Bera Berak betiko nortasunari eutsi eta tituluak irabazten saiatu nahi duen denboraldiari aurre egiteko. Hori ez da aldatuko eta erronka gustuko dut; horregatik etorri naiz hona, estatuko tituluak eta Europako txapelketak lehiatzeko ilusio horrengatik”, esanez amaitu zuen.