- Eibarrek eta Leganesek gaur Ipuruan duten norgehiagokan sekulako aukera du talde armaginak: batetik, mailari eustea bideratuta utzi lezake, eta, aldi berean, bere aurkaria, Leganes, ia Bigarren Mailara kondenatuko luke. Garaipena lortuz gero, maila gorenean jarrai-tzea bermatuta izango luke talde gipuzkoarrak.
Egia da, talde armaginak ez diola sentsazio onenekin aurre egingo partida honi; azken bi norgehiagokak galdu ditu, etxean Osasunaren aurka eta kanpoan Sevillaren aurka, golik sartu gabe, gainera, baina azken neurketa horretan aukera ugari izan zituen gutxienez berdinketa lortzeko.
Leganesen aurkako hitzorduak, hala ere, alboratu egin ditu azken jardunaldietako atsekabeak. Izan ere, azken partidetan asko nabarmendu diren Gonzalo Escalante eta Fabian Orellanaren hutsak nola bete asmatu nahian baitabil talde eibartarra.
Pedro Leon, De Blasis eta Kike Garcia bezalako jokalari garran-tzitsuek ez zuten minutu askorik izan Sevillako azken partidan, eta atseden hartuta iritsiko dira hasierako hamaikakoan espero diren partida honetara.
Eibartarren denboraldiko partidarik erabakigarriena izan daitekeen honetan talde gorriurdinak Ivan Ramisen baja izango du, arazo fisikoak dituen Arbilla ere kili-kolo dago, eta Sergio Alvarezek ezingo du jokatu txartel pilaketa dela eta.
Azpimarratzekoa da Leganesek ez diola inoiz irabazi Eibarri Lehen Mailan jokatu dituzten aurreko zazpi partidetan, bi berdinduta amaitu ziren eta gainerako bostak armaginek irabazi zituzten.
Leganesek, bere aldetik, ondotxo daki Eibarri egingo dio bisita ia hil ala bizikoa izango dela, garaipena lortuz gero salbazioan fedea izaten jarraitu ahal izango duelako, aurkari zuzen baten kontura, gainera.
Norgehiagokaren hasieran, bi taldeen arteko aldea zazpi puntukoa izango da, eta euskaldunek gol-averagea ere alde izango dute, Butarquen 1-2 irabazi baitzuten. Inolaz ere, madrildarrek garaipena lortuz gero, eta bi goleko aldea gaindituko balute, sailkapena izugarri estutuko litzateke.
Horretarako ezinbestekoa izango da Leganesek golak egiterako orduan asmatzea, eta hori ez da batere ohikoa izan koronabirusak eragindako geldialdiaren ondoren txapelketara itzuli zirenetik, partida bakarra irabazi baitute, eta zazpi partida horietan lau gol bakarrik lortu. Garaipen bakar hori joan den jardunaldian iritsi zen Espanyolen zelaian Jonathan Silvak lortutako golari esker; taldeak nolabait itxaropenari eustea lortu du, denboraldi honetan mailari eustea oso zaila dirudien arren.
Partida garrantzitsu honi begira, Javier Aguirre entrenatzaileak ez ditu jokatzeko moduan izango golak egiterako orduan bere bi erreferente nagusi diren Carrillo eta Oscar Rodriguez. Itxura batean, Oscar Rodriguez osatuko omen da azken norgehiagoketarako, baina oraingoz ez omen daude arriskatzeko egokieran.
Taldeko gainerako kideak jokatzeko moduan izango dira, besteak beste, aurreko jardunaldian txartel pilaketagatik zigortuta egon zen Roque Mesa erdilaria, eta baita bere lesio larria gainditu ondoren aurreko partidan espedizioarekin bidaiatu zen Alexander Szymanowski ere.