Xabier Zeberiok dionez Alos Quartet hari laukotea ez da sold out-etara ohituta dagoen taldea. Halere, aspaldi agortu zituen hilaren 21ean Arantzazuko Santutegian eta Musika Hamabostaldiaren baitan eskainiko duen kontzerturako 1.300 sarrerak. Beste saio bat eskaintzea desiragarria izango zela uste du tolosarrak, hain zuzen ere, joateko gogoz dagoen inor kanpoan gera ez dadin. Zeberio, Lorena Núñez, Francisco Herrero eta Iván Carmona ez dira bakarrik arituko, gonbidatu bereziak izango dituzte. Olaia Intziarte, Gorka Urbizu, Amorante, Amaia Elizaran eta Natxo de Felipe ere igoko dira oholtzara. Musikariak onartu duenez, azken horrekin berriro ere agertokia partekatzea, Oskorriren azken kontzertuaren hamargarren urteurrenaren atarian, oso berezia izango da.
Nola sortu zen ikuskari hau?
Musika Hamabostaldiaren gonbidapen batetik. Duela hilabete batzuk deitu ziguten kontzertu hau euskaraz egiteko gonbitarekin. Pixkanaka hasi ginen zer egin eta nola egin pentsatzen, ekitaldi berezia izan zedin. Pentsatu genuen gonbidatu batzuk eramatea polita izango zela. Aukeraketa konplikatu samarra izan da, asko baitira gonbidatu nahiko genituzkeenak. Hori bai, partaide guztiek lehenengo mementotik baiezkoa eman digute: oso kontentu gaude eta guretzat ohore bat izan da. Ikuskariaren formaren aldetik, Alos Quartet-en estiloko kontzertua izango da eta azken hilabete hauetan kontzeptuari forma ematen aritu gara, gehienbat aurre-produkzioan zer egin edo nola egin pentsatuz.
Zergatik diozu aukeraketa zaila izan dela?
Hori diot bost orduko kontzertua egiteko adina musikari gonbidatu nahiko genituzkeelako, noski! Baina maratoia izango litzateke hori. Denbora mugatua batean, zein elementuekin kontatzea... hori izan da erabakia hartzerakoan zailena, baina jakina, erabakia hartu beharra zegoen.
Punta-puntako musikariengana jo duzue: Gorka Urbizu, Olaia Intziarte, Natxo de Felipe...
Niri, pertsonalki, ilusio handia egiten zidan berriro ere Natxorekin agertokia partekatzea. Kontuan izan aurten, azaroan, hamar urte beteko direla Oskorrirekin Bilbon azken kontzertua eman genuela. Eta beste gonbidatuei buruz, zer esan? Gorka, Olaia, Amorante eta dantzan Amaia Elizaran… batzuekin gehiago eta besteekin gutxiago lan egin dugu gure ibilbidean zehar, baina guztiak miresten ditugu. Pozik gaude ikusirik zer nolako ilusioz hartu duten proiektua, entrega handiarekin.
Alosek lehenengo aldiz joko du Arantzazun.
Gauza asko egin dugu, baina inoiz ez dugu Arantzazun jo. Lekua ere paregabea da eta zer esanik ez halako programazio baten barnean. Arantzazuk magia berezia dauka, emozio berezia sortzen du, eta horrelako agertoki batean zure musika jo ahal izatea, aukera handia da.
Arantzazuk kontzertuak espiritualismo kutsu batekin girotzen dituela dirudi.
Bai. Oso leku berezia da. Bai erlijiotasun aldetik, bai euskal kulturaren ikuspegitik. Euskararen alde guzietatik, alegia. Horrelako emanaldi baterako leku paregabea. Antzoki hotz bat baino, askoz ere erakargarriagoak egiten ditu Arantzazuk emanaldiak.
Nolakoa izango da emanaldia? Musika Hamabostaldia musika klasikoa hizpide duen jaialdia da, zuek ere landu izan duzuena. Gonbidatuak, ordea, folk, pop edo rock musikatik datoz.
Alos Quarteten musika katalogatzea beti izan da zaila, hori izan da gure patua. Ez gara ez musika klasikoko, ez popeko, ez folk estiloko musika talde bat. Denetarik jo izan dugu. Hori aldeko ere bada, batzuetan jaialdi ezberdinetan eta giro ezberdinetan jotzeko aukera ematen digulako, bai musika klasikoko jaialdietan, folk jaialdi handietan, jazzekoetan edo bestelako hamaika lekutan. Emanaldiaren oinarria gure musika edo errepertorioa izango da. Eta, hortik abiatuta, gonbidatu guztiekin azken hilabeteetan espresuki buru belarri landu ditugun moldaketak tartekatuko ditugu. Mimo handiz egindako lana izan da. Zer kantatu eta bakoitzarekin zer jo erabakitzea ere nahikoa kostatu zaigu, euretako bakoitzaren errepertorioak ere oso zabalak direlako. Buruari asko eragin behar izan diogu.
Proposamena askotarikoa izango da, orduan.
Kontraste handiko emanaldia izango da, oso memento sotilekin, emotiboekin, jai girokoekin, indartsuekin... Ez da erraza izan proposamena ordu eta erdira mugatzea, bereziki zer ez egin erabakitzea. Ikuskizun biribila osatu dugula iruditzen zait, hori da behintzat gure intuizioa. Azkenean, emanaldi egunera arte ez dago ziurtasun osoz jakiterik nola funtzionatuko duen, baina ilusioz gaude. Mimo eta ardura handiz lan egin dugu, artista guztiekin elkar lanean. Guztiak ere izugarri inplikatu dira
Gonbidatu bakoitzak duen errepertoriotik ere egongo da zerbait, ezta?
Batzuekin beraien doinuren bat joko dugu, beste kasu batzuetan bertsioren bat egingo dugu beraiekin... Denetarik egongo da. Sorpresak ez ditugu iragarri nahi (barre egin du). Hain zuzen ere, Hamabostaldiak, ohi bezala, esku-programa bat egitea eskatu zigun, eta egiten ari nintzela pentsatu nuen, hobe izango zela ezer ez iragartzea, jendeak emanaldian bertan deskubritu dezala errepertorioa zein izango den eta sorpresa txiki guztiak, musika modernoko emanaldietan gertatzen den bezala.
'Spoiler' gehiegirik egin gabe, beraz, nolakoa izango da Amaia Elizaran dantzariaren parte-hartzea?
Momentu konkretu batzuetan dantzatuko du. Gonbidatuak dosifikatu egingo ditugu, bakoitzak bere parte-hartze berezitua, indartsua, hunkigarria eta neurtua izango du.
Euskal musikari belaunaldi bakoitzeko gonbidatu bana duzue.
Ez da nahita egindako zerbait izan, gero konturatu gara horretaz. Baina bai, hiru belaunaldi daude bertan. Natxo da beteranoena. Gero, Gorka eta Amorante daude, gure kintakoak; eta gaztetasunaren erakusle Olaia dago, kantari puska bat. Polita da ikustea zer nolako gogoa daukaten denak elkarrekin aritzeko, zelako errespetu dioten elkarri. Alos Quartet-entzat ohore handia izan da hori guztia harilkatzen aritu izana.
Espektatibak handiak direla dirudi, sarrerak aspaldi agortuta baitaude.
Alos Quartet ez da sold out-aren kulturako taldea. Normalean areto txikiagoetan jotzen dugu. Badugu gure jarraitzaile masa, baina ez da areto handi bat betetzen dituen masa horietakoa. Ilusio handia egin digu, bi aste aurretik, 1.300 sarrerak salduta zeudela ikusteak. Gauza potentea da, bai guretzat baita partaide guztientzat ere. Jendearen erantzunak horrelako onespena ematen dio proposamenari, jendeak ilusioz hartu duela dirudi eta gogotsu dagoela horrelako emanaldi berezia ikusteko. Lekuak ere asko lagundu digu, baina aldi berean, askoz konplikatuagoa da Arantzazura joatea Kursaalera baino. Ez da hain erosoa. Esan beharra dago, gainera, penaz gaudela halako ikuskizuna muntatu eta hainbeste jende geratuko delako kanpoan, ezin ikusi eta ezin dastatu. Bi funtzio egin ahal izatea nahiko genuke, ikusi nahi duen guztiak ikus dezan, baina horrela suertatu da.
Zaila izango da ikuskari hori berriro egitea, ezta?
Zaila da, bai. Oso berezia izango baita. Batek daki, agian bai. Batek daki nolako oihartzuna izango duen halako zerbaitek, nola hartuko duen jendeak. Gauza batzuk kontrola ditzakezu, baina beste batzuk ez. Eta bueno, guk gure aldetik egin genezakeena egin dugu: dakigun guztia mahai gainean jarri dugu, baita gure gogo eta ilusio guztia ere. Nik uste publikoak hori sumatuko duela.
Gaurko musikaren sektorean edo kulturaren sektorean, emanaldi esklusiboagoak direnak edo errepikatzen ez direnak, erantzun potenteagoa izan ohi dute.
Bizipenak nahi ditugu, gauza berezietan parte izan. Ikuskaria pentsatu genuenean, ez genuen inondik inora pentsatzen horrelako oihartzuna izango zuenik. Gure espektatiba guztiak oso goitik gainditu dira, eta urduritzen hasita gaude ea jendeak espero duena jasoko ote duen. Nolanahi ere, polita da, azken batean, jendearen babesa eta nahi hori ikustea, aurrera jarraitzeko gogoa eta indarra ematen dizu.