Donostiako Musika Hamabostaldiak Jesus Guridiren Amaya opera programatuko du bere historian estreinakoz kontzertu bertsioan; datorren larunbatean Kursaalen interpretatuko du “ehuneko ehun artista euskaldunekin” osatutako taldeak, Arantza Ezenarro eta Gillen Munguía bakarlariak eta Euskadiko Orkestra buru direla.
Diego Martin-Etxebarriak zuzenduko duen maila goreneko emanaldi horretan Easo Abesbatzak ere parte hartuko du, euskal abeslari talde bikain batekin, tartean Marife Nogales mezzosopranoa ere kantari izango dugularik.
Gauzak horrela, Hamabostaldiaren 86. edizioko kontzertu bertsioko lehen hitzordu operistikoa hartuko du Kursaalek, eta "oso berezia" izango da zalantzarik gabe, Donostiako musika jaialdiaren programazioan estreinatuko den euskaraz idatzitako opera bakanetako bat entzun ahal izango delako. Interpreteak aukeratzeko orduan euskal labeldun taldea bildu du Hamabostaldiak, bakarlari lanetan, esate baterako, aurrez aipatutako Arantza Ezenarro sopranoa eta Gillen Munguía tenorea.
1879an Francisco Navarro Villosladak idatzitako Amaya o los vascos en el siglo VIII eleberrian oinarritutako konposizioaren libretoa Jose Maria Arroita-Jaureguik sinatu zuen, hiru ekitaldi eta epilogoa ditu, eta Bilbon estreinatu zen 1920an.
Amaya ren konposizio prozesua konplexua izan zen, pertsonaien dimentsio emozionala harrapatzeaz gain, epopeia kutsuko partiturari forma aman nahi baitzion Guridik, beste arazo zabalago bat ere proiektatuz: bi zibilizazioen arteko talka, paganoa eta kristaua. Musika Hamabostaldiak ohar batean azpimarratu zuenez, Estatuaren panorama lirikoan aparteko bilakatu zuen dimentsio epikoa eman zion dualtasun horrek obrari, drama musikalaren maisutzat Guridik zuen ospea betiko sendotuz. Amayaren arrakasta gorabehera, Gasteizen 1886an jaio eta 1962an Madrilen hil zen musikagileak ez zuen beste operarik idatzi eta zarzuela generoan murgildu zen buru-belarri.
VIII. mendearen hasieran girotutako opera horretan, trantsizioan dagoen euskal herri bat irudikatzen da, non maitasunaren, familiaren eta, batez ere, tradizioen zamak harrapatutako pertsonaiak kokatzen dituen.
2015eko Musika Hamabostaldiaren beste euskal opera batean -Usandizagaren 'Mendi-Mendiyan' obran- kantarien buru izan zen Arantza Ezenarrok antzeztuko du Amayaren pertsonaia. Teodosio erregea berriz, Gillen Munguía donostiar tenorea izango da, eta Amagoyaren papera Marife Nogales mezzosopranoak egingo du.
Bestalde, hurrenez hurren orkestraren eta abesbatzaren ardura izango duten Euskadiko Orkestrak eta Easo Abesbatzak, bi emanaldi eskainiko dituzte hilabete honetan Kursaal Jauregian Musika Hamabostaldiaren baitan, hilaren 20an berriro elkartuko baitira, bigarren aldi horretan West Side Story musikala interpretatzeko.