- Gipuzkoak adineko pertsonen nahi gabeko bakardadeari aurre egiteko estrategia publiko zein pribatua abian jarri du. Bakardadeak. Gipuzkoan pertsonak konektatzen izeneko proiektua 2021rako martxan jartzea aurreikusita dago eta helburua erronka horri aurre egiteko gizarte eta komunitate loturak indartzea da.

Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Adinberrik bultzatutako ekimena da, eta Matia Fundazioak beraiekin elkarlanean burutu duen Bakardadeak izeneko ikerketaren arabera, Gipuzkoan 55 urtetik gorako pertsonen %29,5ak onartzen du nahi gabeko bakardadea sentitzen duela -bakarrik sentitzen ote diren zeharka galdetuz gero- , eta %5,5ak, 15.000 pertsonek, bakarrik sentitzen direla onartzen dute zuzenean galdetuz gero.

"Sekulako erronka da aurrean daukaguna, eta COVID-19ak are gehiago nabarmendu du. Adineko pertsonak gaixotasunaren aurrean bereziki zaurgarriak dira, eta testuinguru honetan, garrantzia berezia hartzen du nahi gabeko bakardadeari aurre egiteak", azaldu zuen atzo Maite Peñak, Gizarte Politiketako diputatuak, Donostian egindako aurkezpenean. Rakel San Sebastian Adinberriko zuzendaria eta Sara Marsillas Matia Fundazioko ikertzailea ere bertan izan ziren.

Adituen esanetan, bakardadea oso gai pertsonala bada ere, gizartean izugarrizko eragina du. Beraz, Peñaren arabera, garrantzitsua da estrategia "bateratu" bat sortzea arazoari guztion artean aurre egin ahal izateko. Helburu horrekin, Adinberriko eta Gizarte Politika eta Gobernan-tzako foru departamentuetako profesionalekin batera, hainbat sektoretako adituak ari dira estrategia diseinatzen: Javier Yanguas eta Mayte Sancho (gerontologian adituak), María Luz Peña (Osakidetza), Eva Salaverria (Donostiako Udala), Sara Marsillas (Matia Fundazioko iker-tzailea) eta Maribel Pizarro (Itxaropen Telefonoa).

Aldi berean, talde sektorialak ere sortzen ari dira, osasunaren, hirugarren sektorearen eta belaunaldi-arteko sare bat zabaltzeko eta gara-tzeko. "Zaintzan eta eragile bakoi-tzak izan behar duen zereginean sakonduko dugu eta belaunaldien arteko harremanak sustatuko ditugu, berrikuntza soziosanitarioa eta teknologikoa aprobetxatuz", azaldu zuen Peñak.

Estrategia Matia Fundazioaren Bakardadeak izeneko ikerketaren gainean garatuko da. Ikerketan parte hartu duen Marsillasek jakinarazi zuenez, bakardadeari lotutako pertzepzioei eta arrazoiei buruzko azterlan kualitatiboaz gain, azterlan kuantitatibo bat ere egin zaie 55 urtetik gorako 2.050 pertsonen lagin bati, Gipuzkoan dauden bakardade profilak agerian jartzeko.

Azterlan kuantitatiboaren emai-tzek erakusten dutenez, 55 urtetik gorako pertsonen %27,3 pertsona bakarreko etxeetan bizi da: %72,4 emakumeak dira, eta %40 80 urtetik gorako pertsonak.

Generoari dagokionez, emakumeen %34,6 bakarrik bizi da, %32,5 bikotean eta %27,8 belaunaldi ani-tzeko etxeetan; gizonezkoak, ordea, %50 inguru bikotean bizi da, eta %17,5 bakarrik.

Adin-tarteei dagokionez, 55 eta 64 urte bitarteko pertsonak belaunaldi anitzeko etxeetan bizi dira nagusiki, 65 eta 79 urte artekoak bikotean, eta 80 urtetik gorakoak pertsona bakarreko etxeetan. Bakardade sentimenduari buruz galdetuz gero, 55 urtetik gorako emakumeen ehunekoa 7koa da eta gizonena, berriz, %3,7koa.

San Sebastianek Gipuzkoako Bakardadearen Mapa amaitzen ari direla azaldu zuen: "Gipuzkoako udalerriei galdetegi bat egin diegu, eta bakardadeari aurre egiteko lantzen ari diren ekimen eta proiektu desberdinak jaso ditugu mapan", esan zuen Adinberriko zuzendariak.

Urrian estrategiaren oinarrizko dokumentua lortuko dute ekarpen horiekin eta parte-hartze prozesua diseinatuko dute. "Jarraian, udalerri eta eskualde desberdinetan parte-hartze prozesua martxan jarriko dugu eta abenduan estrategiaren azken dokumentua prest izango dugu", esan zuen.

Emaitzak. Matia Fundazioak burututako 'Bakardadeak' ikerketaren arabera, 55 urtetik gorako pertsonen %27,3 pertsona bakarreko etxeetan bizi da: %72,4 emakumeak dira eta %40 80 urtetik gorako pertsonek.

Generoari dagokionez. Emakumeen %34,6 bakarrik bizi da eta gizonak %17,5 dira.

Adin-tarteei dagokionez. 55 eta 64 urte bitarteko pertsonak belaunaldi anitzeko etxeetan bizi dira nagusiki.

Bakardade sentimendua. 55 urtetik gorako pertsonen %29,5ak bakarrik sentitzen dela onartzen du zeharka galdetuz gero.

"Bakardadeari aurre egiteko ekimen eta proiektu desberdinak jaso ditugu mapan"

Adinberriko zuzendaria

"Sekulako erronka da aurrean daukaguna eta COVID-19ak are gehiago nabarmendu du"

Gizarte Politiketako diputatua