Medicus Mundi Gipuzkoak, Farapi Koop. Elkarteak, Euskal Herriko Unibertsitateak eta Donostiako Udalak otsailaren 13an emandako prentsaurrekoan, "Online kontrolatzen den gauza ederra ote da maitasuna? Euskal eta perutar nerabeak harremanen kudeaketa birtualean" ikerketaren emaitzak aurkeztu ditugu.

2016ko otsailean aurkeztu zuen Medicus Mundik "Gaizki amaitzen den gauza ederra ote da maitasuna? Amodioa, sexua eta osasuna. Gipuzkoako nerabe eta gazteek maitasunari buruz dituzten ideiak". Orain aurkezten den ikerketa, 2016ko txosten haren jarraipena da. Izan ere, ikerlan haren emaitzek agerian utzi zuten, nerabeek sare sozialetan euren harremanak nola kudeatzen zituzten aztertzeko premia.

2016ko iraila eta 2018ko iraila bitartean Gipuzkoan eta Perun burututako bigarren ikerketa honen helburu nagusiak izan dira, batetik, maitasun erromantikoari dagokionez nerabeek online inguruan ohitura, balio eta usteak nola eraikitzen dituzten aztertzea; eta, bestetik, horiek ziberbortizkeriarekin duten harremana ikertzea, gazte eta nerabeen osasun integralerako suposatzen duen mehatxua dela eta. Gainera, ikerketa berriak aztertutako eremu geografikoa zabaldu du, Peruko hiru ingurutara hedatuz.

Gipuzkoako hainbat ikastetxe, hezkuntza eragile eta Gazteleku, ekimenan laguntzaile izan dira; horien artean, Donostiako Udaleko Gaztelekuen sarea. Donostian, Gazteriatik, 2014tik, kolaborazioan egon gara Gaztelekuen bitartez egitasmo honekin. Ordutik hona, hainbat ikerketei loturiko informazioa jasotzeko beharrezko elkarrizketa sakon eta tailerrak egin dira Donostiako Gaztelekuetan eta horri loturik, bertako hezitzaileek ere beharrezko formakuntza jaso dute. Izan ere, oraingo ikerketa honi begira, hezitzaileak berak izan dira behaketa lana egin dutenak Donostiako 8 Gaztelekuetan.

Ondorio nagusiak

Txostenaren ondorio nagusien artean honakoak aipatu daitezke; batetik, helduen eta gazteen artean dagoen arraila digitala eta bestetik, mutilek zein neskek sare sozialetan "egoteko" duten moduaren eta egiten duten erabilpenaren desberdintasunak.

Bestalde aipatu, ikerlan honek barne hartzen duen egitasmoa haratago joango dela, gida batek osatuko du eta. Baliabide hau Gipuzkoa eta Peruko hainbat hezkuntza eragileri helaraziko zaie, ikerketan jaso den problematikari aurre egin eta nerabeekin haren inguruan lan egiteko asmoz.

Ikerlan hau Medicus Mundi Gipuzkoak, Farapi Koop. Elkarteak eta Euskal Herriko Unibertsitateak, Medicus Mundi Gipuzkoak lankide duen Peruko Movimiento Manuela Ramos erakundearekin batera aurrera emana dute. Finantziaketari dagokionez, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak diruz lagundutakoa izan da.