Bermeon, euria ari du, trumoia; bizitza grisa da eta maitasunik eza nagusitzen ari da. Ingurune horretatik ihes egin nahi du Mikelek (Joseba Usabiaga), eta, horretarako, dituen trasteak bizkarrean hartu eta itsasoz bestalde salto egingo du. Argentinara joango da, diasporan lana eskaini dion senide baten tentazioei jarraiki (Eduardo Blanco). Han, ordea, munduaren beste muturrean, ihes egiterakoan atzean utzi nahi zuen guztia topatuko du, Mikelek espero baino euskalduntasunaren parte izatearen sentimendu sakona duen komunitatea. Horixe da Jabi Elortegik zuzendutako El vasco filmaren argumentua, eta Zinemaldiko Zinemira saila inauguratuko du gaur, herrialdeko ekoizpen nagusiak biltzen dituen atala.

Izaskun Arandiaren ‘My way out’.

Guztira, euskal ekoizpeneko edo koprodukzioko 17 zinta eskainiko dira Zinemaldiko sail guztietan. Sail Ofizialean, Mikel Gurrearen Suro eta Fernando Francoren La consagración de la primavera lehiatuko dira, ekoizle lanetan ere Koldo Zuazua donostiarrak jardun duelarik. New Directors-en María Elorzak bere lehen film luzea aurkeztuko du, A las mujeres y a los libros canto, eta Zinemiran zortzi film eta Kimuak ekimeneko sei film labur.

Mikel Fernández Elorzek ‘Bi arnas’ filma zuzen du du.

Jabi Elortegiren komedia “unibertsalak” zabalduko du gaur Kursaaleko ganbera-aretoaren oihala; filmeko lantaldea bertan izango da eta solasaldirako aukerarik ere izango da. Handia filmean egindako lanak famatutako Joseba Usabiagak, gazte lotsati, isil, eta lehorraren papera antzeztu du; bizitzak ezer onik ez diola opa uste du, eta horregatik egingo du ihes jaioterri duen Bermeotik, aurki jabetuko da, ordea, baztertu nahi dituen arazo horiek motxilan bertan daramatzala. Ricardo Darinekin eta Juan José Campanella zinemagilearekin hainbat kolaborazio egindako Blancok, “argentinar txanta” tipikoaren pertsonaia egiten du, Elortegik azaldu duenez. Alegia, senide aprobetxatua, zorrez leporaino dagoena, eta edozein unetan traizionatuko zaituela dakizuna, nahiz eta horrek berak irribarre bat sorrarazi.

El vasco bost astez filmatu zen Argentinan, Mendozan eta Cordoba probintzian. Euskaraz eta gaztelaniaz filmatuta dago, eta parte hartu duten aktoreen artean nabarmentzekoak dira Inés Efrón aktore latinoamerikarra, 2008an Zuzendari Berriak sailean lehiatu zen Amorosa soledad filmeko protagonista izandakoa; eta Itziar Aizpuru getariarra –80 egunean eta Loreak–, orain urte asko Bermeotik Argentinara joan eta herrimin ikaragarria duen Mikelen izeba amona baten azalean sartu dena.

Gatazkaren begiradak

Hainbat sari jasotako Alauda Ruíz de Azúaren Cinco Lobitos ezagunaz gain, euskal gatazkaren errealitateari ertz desberdinetatik begiratzen dioten hainbat film luze biltzen ditu Zinemira sailak. Horietako bat dugu Xuban Intxaustiren Gesto dokumentala, Bakearen Aldeko Gesto Por La Paz Koordinakundeak zer suposatu eta ekarri zuen aztertuz. Ander Iriartek, aldiz, 1960-2014 bitartean Euskal Autonomia Erkidegoko tortura eta tratu txarrak ikertzeko proiektuaren idazketan parte hartu zuten profesional ospetsuak elkarrizketatu ditu; Jon Mikel Fernández Elorzen Bi Arnas filmak, berriz, Iratxe Sorzabal ETAko kide izandakoak jasandako torturen berri emango du, aldi berean, amarekiko harremanean arreta ipiniz. Doc Lisboa Jaialdian saritutako 918 Gau dokumentalean, Aran-tza Santesteban Batasuneko kide ohiak, kartzelan emandako hiru urteko esperientzia kontatuko digu.

Izar Filmseko ekoizle ezaguna den Izaskun Arandia tolosarrak, gatazkarekin zerikusirik ez duen istorioa dakarkigu. My Way Out izeneko bere lehen dokumental luzean, Londresko trans kolektiboaren babeslekua den izen bereko diskotekaren errealitatean murgilduko da.