Euskal Herriko Abesbatzen Elkarteak bultzatzen duen KORUKIRI proiektuak '50 milioi segundo' izeneko ikuskizuna estreinatu du larunbat honetan Tolosan, Leidor aretoan. Haur eta nerabez osatutako abesbatzen jarduna bizirik mantentzea helburu duen ekimenak Gipuzkoako zazpi koru bildu ditu, eta ehun partaide baino gehiago igo dira agertokira, ganbera-orkestra eta hainbat bakarlarirekin batera.
Euskal Herriko Abesbatzen Elkarteko idazkari teknikoa den David Azurzaren hitzetan, “azken urteetan Euskal Herrian haur eta gazte abesbatzetan beherakada nabarmena eman dela ikusirik sortu zitzaigun kantata hau egiteko ideia”. Haren ustez, “proiektuak eskaintzen ez badira koruak husten joango dira”, eta elkartearen ideia nagusia koruak datozen urtetan pixkanaka dinamizatzea da.
Ikuskizuna euskarara moldatutako obra batean oinarritu da, eta antolatzaileen ustetan “koru dinamizazio programa berri baten abiapuntua” izango da. Lehen aldiz sustatu du programa hau Euskal Herriko Abesbatzen Elkarteak, eta Gipuzkoako Abesbatzen Federazioak gauzatu du lehen emanaldia. '50 milioi segundo' obra eskolan ematen dugun denborari eta horrekin lotutako esperientzia eta oroitzapenei buruzko hausnarketa dibertigarria eta parte-hartzailea da.
“Azken urteetan Euskal Herrian haur eta gazte abesbatzetan beherakada nabarmena eman dela ikusirik sortu zitzaigun kantata hau egiteko ideia”
Azurzaren arabera, “Euskal Herriko elkartetik sortutako proiektu bada ere, gero Gipuzkoa, Araba eta Bizkaiko elkarteei eskaini zaie”. Leidorren eskaini dena, esaterako, Gipuzkoako koruekin egindako emanaldia izan da eta, bere ustez, "zentzu handia" zuen Tolosan egiteak.
KORUKIRI proiektuaren asmoa, haur eta gazteen artean abesbatza jarduera bizirik dagoela eta etengabe berritzeko gaitasuna duela erakustea da. “Haur-koruen ahotsak inoiz baino biziago daudela erakutsi nahi dugu KORUKIRIrekin, eta belaunaldi berriak abesbatzen eremuan parte hartzera gonbidatu nahi ditugu”, adierazi dute Euskal Herriko Abesbatzen Elkarteko ordezkariek.
Azurzaren esanetan, estreinatu dena, gazteei erakartzeko oso proiektu “aproposa” omen da, “musikal eszenaratu antzeko bat”. “Ideia da proiektuarekin jarraitzea, '50 milioi segundo' KORUKIRIren baitan dago eta aukera ona eskaintzen du marko horretan lanean jarraitzeko”, gaineratu du.
Ikuskizuna Obra hori 2011n sortu zuten Joan Vivesek (musika) eta Piti Español & Joan Vivesek (testua), Bartzelonako L’Auditoriaren enkarguz, Cantania egitasmorako. Euskal Herrirako moldaketa Juan Kruz Igerabide idazleak egin du, eta musika egokitzapena Junkal Guerrerok.
Partaideak
Ikuskizunean parte hartu duten koruak honakoak izan dira: Azpeitiko Antxieta Abesbatza (zuzendaria, Felipe Murillo), Arrasateko Goikobalu Txiki Abesbatza (zuzendaria, Maialen Gonzalez), Donostiako Easo Eskolania (zuzendaria, Eva Ugalde), Legazpiko Doinua Musika Eskolako Haur Abesbatza (zuzendaria, Miren Gurutze Plazaola), Ordiziako Oroith Txiki Abesbatza (zuzendaria, Zuhara Etxabe), Zegamako Orkatz Txiki Abesbatza (zuzendaria, Malen Otaegi) eta Usurbilgo Zumarte Txiki Abesbatza (zuzendaria, Jon Imanol Etxabe).
Horiez gain, instrumentu talde bat eta bi abeslari bakarlari izan ziren haur eta nerabeekin batera: Aitor Mitxelena (klarinetea eta saxoa), João Fontela (kontrabaxua eta baxu elektrikoa), Kirian Uraide (tronpeta), David Cid (teklatua), Rafa García (tronpa), Iñaki Gezala (pianoa), Gorka Otamendi (perkusioa) eta Nicolas Alvear (gitarra). Bestalde, antzezle-abeslari paperean Jare Torralba eta Jon Imanol Etxabe aritu dira, Eva Ugalde izan da koruen zuzendaria eta Mirari Etxeberria zuzendari nagusia.
'50 milioi segundo' haur, gazte eta familiei zuzendutako ikuskizuna izanik, publiko guztientzako esperientzia kultural eta hezitzailea eskaintzen du. “Ikuskizun dibertigarria, zirraragarria eta biziz beterikoa da” antolatzaileen esanetan.
Azurzaren hitzetan, “proiektu parte-hartzailea da, Gipuzkoako koruentzat, bai eta beste probintzietako koruentzat ere”. Izan ere, KORUKIRI proiektuaren helburua haur koruen dinamizazioa bultzatzea, gizartea sentsibilizatzea eta abesbatza jardueraren balio kultural eta hezitzailea nabarmentzea baita. Proiektu irekia eta malgua da, eta Euskal Herriko federazio guztiek beraien lurraldeetan garatu ahal izango dute.