Mikrofono baten aurrean eserita dago haur bat. Parean ordenagailu pantaila dauka; bertan agertzen diren hitzak irakurtzen ari da eta, mikrofonoren bidez, grabazio sistema baterantz joaten dira. Hamar urteko mutil horren izena Ugaitz da, Ziburuko Piarres Larzabal Kolegiora doa eta bere ahotsak Askhezi garatzeko balioko du, ezgaitasunak dituzten haurrei ikasketa-prozesuan lagunduko dien erreminta.

Proiektua entitate ugariren arteko elkarlanaren emaitza da: Langune eta Orai Askheziren garapen teknikoaren prozesuan lanean dabiltza; eta Ikastolen Elkarteak, Sortzen-ek (Nafarroako Euskal Eskola Publiko Berriaren Aldeko Elkarteak) eta Seaskak (Ipar Euskal Herriko Ikastolen Federazioak), hezkuntza entitate diren heinean, erremintaren garapenean ere parte aktibo dira. Finantzazioa, berriz, Euroeskualdearen eskutik dator, EAEk, Nafarroak eta Akitania Berriak osatutako instituziotik.

Baina, zer da Askhezi? “Hizketa ezagutzako teknologia da”, Igor Leturia, Elhuyarreko hizkuntza teknologien koordinatzailearen esanetan. Hau da, ahots ezberdinek esaten dutena errekonozitu eta transkribatzeko gai den tresna. Horretarako, erremintaren garapenean “grabaketa eta audio mordo bat” ematen zaizkio adimen artifizialaren unibertsoan kokatzen den teknologia horri, behar den bezala funtziona dezan.

Askhezi sortzearen ideia ikasketa zentro batzuen eskaeratik suertatu zen. Errenteriako Orereta ikastolako arduradunak lehenbizi eta Hendaiako ikastolakoak geroxeago, Elhuyarrekin harremanetan jarri ziren; euren zentroetako hainbat ikaslek hizketa ezagutzako teknologia baten premia zuten ikasketa prozesua aurrera eraman ahal izateko. Fundazioak bazeukan jada halako tresna bat, Aditu izenekoa; arazo bat topatu zioten, baina: haurren ahotsak ez zituen ondo ezagutzen.

Izan ere, Adituk “oso ondo funtzionatzen du”, baina “ezaugarri jakin batzuk dituzten audio edo ahotsekin”, Leturiak dioen lez; helduen bozei eta euskara batuan dihardutenei egokituta dago. Txikienen kasuan, ordea, tonua eta ahoskera ezberdinak direla eta, ez ditu behar bezala errekonozitzen. Horrexegatik erabaki zuten Askhezi eratzen hastea.

Teknologia honek “psikomotrizitate finaren” gabezia betetzen lagundu nahi du, Lohitzune Txarola, Languneko zuzendariak egunkari honi azaldutakoaren arabera. Askhezi garatzea eskatu duten zentroetan badago, adibidez, “istripu baten ondorioz tetraplegiko geratu zen” haur bat, edota dispraxia dela eta idazteko gaitasunik ez duen beste bat eta, ordenagailua erabiltzerako garaian, beti alboan laguntzaile bat behar duena. “Laguntzaile hori kendu” eta autonomia handiagoa lortzeko “metodo oso erabilgarria da”.

Lohitzune Txarola, Languneko zuzendaria, eta Igor Leturia, Elhuyarreko hizkuntza teknologien koordinatzailea Ruben Plaza

Behin proiektua idatzi eta finantzazioa lortu ondoren, grabaketa prozesuari ekin zioten. Oraingoz, Elhuyarren egoitzan ariko dira jardun honetan, haur gutxi batzuekin, “Babes Datuen Legearen hainbat eskakizun” direla eta, dio Txarolak. Egitekoa oso astuna izan ez dadin, txikietako bakoitzak 10-12 minutu baino ez ditu grabatzen.

Helburua, baina, “horrelako ehunka batzuk edo, ahal bada, gehiago egitea” denez, prest dauden ikastetxeek “zentro horietan bertan edo haurren etxeetan, ordenagailu eta mikrofono batekin” egiteko hori gauzatzeko plataforma bat sortuko dutela azaldu du Leturiak. Horren harira, “Ikastolen Elkarteak duela gutxi izan zuen zuzendari guztiekin bilera bat gai honi buruz hitz egiteko, eta zein ikastola egongo liratekeen prest esateko”, aipatu du Txarolak. Helburua, ikasturte honetan zehar grabaketa prozesu masiboa jorratzeko aukera izatea da.

Askhezik, printzipioz, Adituk duen funtzionamendu berbera izango du; alegia, “nabigatzaile bat eta mikrofono bat daukan edozein ordenagailutan erabili ahal izango litzateke”, zehaztu du Leturiak. Sortzaileek ez dute, oraingoz, mugikorretan edo tabletetan espresuki funtzionatzeko aplikaziorik aurreikusi, baina gailu horietan ere erabili ahal izango da, web interface delakoa izango duelako.

"Askhezi nabigatzaile bat eta mikrofono bat daukan edozein ordenagailutan erabili ahal izango litzateke"

Igor Leturia - Elhuyarreko hizkuntza teknologien koordinatzailea

Aurrez esan bezala, garapen prozesuan ikastolak dira hezkuntza-arloko parte-hartzailerik aktiboenak, baina etorkizunean Askhezi ez da soilik haiena izango; “behin erreminta existitzen denean, edozein ikastetxek erabili ahal izango du”, berretsi du Txarolak, izan publiko, kontzertatu ala pribatu. Baita hezkuntza-sistematik at ere, noski; Aditu-rekin bezala, “telebista saioak zuzenean azpititulatzeko, eta hitzaldiak edo emanaldiak ere zuzenean azpititulatzeko” aukera izango da, esate baterako, Leturiak esan duenez.

Hizkuntzari dagokionez, euskara da nagusi Askhezin. Baina, Euskal Herrian gaztelania edota frantsesa egunerokotasunean ere erabiltzen direnez, Leturiak ez du lengoaia hauek gehitzea baztertzen “beharrik egongo balitz”; eta, are gehiago, gaztelaniaren kasuan horrelako erremintarik ez dagoela jakinda. Halaxe baieztatu du Txarolak egunkari honekin izandako elkarrizketan; duela pare bat hilabete Alacantera eginiko bisita batean “gaztelerarekin arazoa berdina dela” baieztatu ahal izan omen zuen, “haurren mundu hori ez dela jorratu”.

Eta, noizko izango da prest Askhezi? Langunek, Oraik eta Elhuyarrek bi urteko proiektu gisa antolatu dute; lehengo urtea grabaketak gauzatzeko eta “bigarren pausu batean, zuzenketak egiteko”, dio Txarolak. “Sistema hauek ez dira inoiz perfektuak izaten, eta beti edukitzen dituzte akatsen batzuk”, gehitu du Leturiak. Datozen faseetan, esate baterako, ahotsaren transkripzioan izan daitezkeen akatsak teklatu gabe zuzentzeko aukera gehitzea espero dute. 2024rako, beraz, Askhezi errealitate bihurtu daiteke Euskal Herriko ikastetxe guztietan.