Elhuyarrek urrezko ezteiak bete berri ditu aurten. 50 urte dihardu euskara eta zientzia elkarrekin uztartzen, gai honen "dibulgazioan erreferente izatea" lortu duen arte. Bidean mugarri ugari lortu izanik ere, etorkizunari begira proiektua "mantentzea eta aurrera eramatea" dute erronka nagusietako bat, Jon Abril, fundazioaren koordinatzaile orokorraren esanetan.

Ekimena 1972an jaio zen Donostiako Ingeniaritza Eskolan, ikasle eta ikas-ohiez osaturiko talde baten eskutik. Euskarazko edukien faltak zientzia eta teknologiaren arlo akademikoan utzitako hutsunea ezagututa, hura betetzeari ekin zioten. Bi proiekturekin hasi zuten ibilbidea: alde batetik, euskarazko terminologia zientifikoa eratuz eginiko hiztegiarekin, zeina 50.000 fitxa sortuz konposatu zuten; eta, bestetik, artikulu zientifikoz osaturiko Elhuyar.

Frankismoaren azken garaiak ziren haiek, eta argitaratu beharreko guztiak zentsuraren filtroa pasatu behar izan zuen. Elkartzeari zegokionez, "politikoki oso giro nahasia" bazegoen ere, Círculo de San Ignacioren San Martzial kaleko lokalean bilerak egitea lortu zuten.

  • Gehiago: "Poz handia da gure seme-alabak eta bilobak euskaran txertatuta ikustea"

Lehenbiziko hamar urtetan "egituraketa propiorik" gabe jardun zuen taldeak, ahalik eta 1982an elkarte izaera lortu zuen arte. Hamarkada haietan, heuren "indarra, batez ere", irakasleek zientzia eta teknologia euskaraz irakasteko eduki eta testuliburuak sortzen jarri zuten. Horretarako, Elkar argitaletxearekin aritu ziren elkarlanean.

2002an, 30. urteurrenean, fundazio izaera hartzea erabaki zuten. Finantziazio aldetik, "beste aukera batzuk irekitzen zituen", Abrilek gogoratu duen lez; adibidez, irabaziak izanez gero, "proiektuan berrinbertitzeko aukera", dirua bazkideei eman ordez. Baina, agian, aldaketa esanguratsuena egitura eta elkarlanean legoke. Azken puntu hau, "hasieratik" Elhuyarrentzat "oso garrantzitsua" izan zen, segituan hasi baitziren Elkar argitaletxearekin, Udako Euskal Unibertsitatearekin (UEU) edota ikastolekin batera proiektuak eratzen, baina baita ikerketa zentroekin, unibertsitateekin, administrazio publikoarekin edota enpresa pribatuekin lan egiten ere. Fundazio izateak, "izaera horretako eragile diferenteek" erabaki organoetan parte hartzeko aukera eskaini zion Elhuyarri. "Gaur egun ere horrela osatua dago" fundazioa, Abrilen esanetan.

Lan egitura

Gizartearen zati handi batek, hiztegiarekin lotzen du Elhuyar, baina hori baino askoz ere gehiago da. Egun, fundazioaren lana, ehun pertsonez osaturiko lan-taldeak aurrera eramaten duena, lau arlotan banatzen da eta euskara eta hizkuntza zerbitzuenean kokatzen da hiztegia. Eremu horretan, itzulpen zerbitzuak, korpusak eta enpresa eta administrazioentzako euskara planak ere kokatuko lirateke.

Jorratzen duten beste zerbitzu-lerro bat eta "jatorrizkoa" dena, zientzia eta "kultura zientifikoaren sustapenean" datza. Hau, bi arda-tzetan banandu dute. Batetik, komunikabideei dagokiena; bai hedabide ezberdinetarako programak sortuz, hala nola, Teknopolis telebistarako edo Norteko Ferrokarrila irratirako, bai eduki propioak argitaratuz, Elhuyar aldizkaria edota Zientzia.eus atariaren kasuan bezala. Bestetik, gazteei zuzenduriko lana dago, eta alde horretatik garatzen dituzte zientzia azoka edo nerabeek "aisialdian zientziarekin gozatzeko" zentroak.

Adimen artifizialarekin lotutako lan-ildoa ere "beste eremu zabal bat" da, Abrilek azpimarratu duen bezala. Heuren kasuan, 20 urtetik gora daramatzate hizkuntzaren prozesamendu naturalean aurrera egiten, eta makinei "gure ohituretatik" irakatsiz edota patroi batzuk emanez lortu dituzte Elia.eus itzultzaile automatikoa eta Aditu hizketa-ezagu-tzailea sortzea.

Azkeneko alorra berdintasunarena eta eraldaketa sozialarena dute. Aholkularitza lana egiten dute; berdintasun-planak eratzen dituzte enpresa pribatu eta administrazio publikoentzat eta partaidetzarekin lotutako egitasmoak ere sortzen dituzte gizarte eragileekin batera.

Emakumea zientzian

XXI. mendean izanda ere, emakumeak zientzian duen lekua eta harekin duen harremana hobetzeko bidea luzea da, eta Elhuyarrek garrantzia handia ematen dio gai honi, heuren lan taldetik hasita. "Aspalditik dugu berdintasun plana", dio Abrilek; langileen %70a emakumezkoa da eta proiektuetan "genero ikuspegia txertatzen" dute. Baina fundaziotik kanpo, oraindik ere "joera oso nabarmenak" daude, emakumeak zientzian batez ere osasunarekin lotutako ikasketak egitearena, adibidez, eta eremu teknologikoa bezalakoetan "askoz ere sarbide gutxiago" edukitzearena. Egoera honen arrazoietako bat erreferente faltarena da, eta horregatik saiatzen dira Elhuyarren, heuren proiektuetan emakume zientzialariak ikustarazten eta haiei protagonismoa ematen. "12, 13, 14 urteko neska gazte batek, ikusten duen zientzia gizonen ahotik eta ikuspegitik badator, ez du erreferenterik aurkituko eta askoz zailagoa izango da zientzialari izan nahi izatea", laburbildu du Abrilek.

Baina beti ez dute aurretik planifikatutako lana egiten. Duela bi urte, koronabirusa zela eta, konfinamendua bizitzea suertatu zen; "bat-batean, denak etxera joan ginen" eta lekuz kanpo" topatu zen gizartea, egoera oso ondo ulertu ezinik. Elhuyarreko zientzia lan-taldeak galdera horiei "erantzunak emateko bide bat" topatu zuen eta bederatzi bideo labur eratu zituzten, gaia modu "erraz" eta "ulergarrian" dibulgatu eta azaltzeko. Heuren kanaletan zabaltzeaz gain, euskarazko hedabideen eskura jarri zituzten ikus-en-tzunezko pilula hauek eta 40 komunikabidek elkarbanatu zituzten.

  • Gehiago: adimen artifiziala, makinek gizakiek bezala hitz egiteko gakoa

Mende erdi honetan zehar, Elhuyarrek mugarri ugari ezarri ditu bere ibilbidean, baina Abrilek lau azpimarratu ditu. Batetik, "euskarazko zientziaren dibulgazioan errerente" izatearena; bestetik, hiztegia bera, bai duela 25 urte paperean argitaratu zenean, baita digitalizatu eta egun "euskarazko webgune bisitatuenetako bat" bihurtu denean. Hizkuntza-teknologien mundura "jauzia eman izana" ere esangura-tsua iruditzen zaio, euskaraz eginiko lehenengo CD-ROM didaktikoa Elhuyarrena izan baitzen. Azkenik, "euskara lan mundura eramatea" izan zen mugarria legoke; lehenbiziko euskara planak CAF eta Elai enpresentzat egin zituzten.

Ospakizuna

Fundazioaren urrezko ezteiek ospakizun ugari izango dituzte. Datorren hilabeteei begira, badituzte hainbat ekintza aurreikusita; ekainean, UEUrekin batera antolatuko dute ikastaro bat, uztailaren 1ean gauzatuko den informatikari euskaldunen biltzarreko antolaketan dabiltza buru belarri eta EHUko udako ikastaroetan ere pare bat aldiz izango dira. Baina ospakizun nagusia azaroaren 10an izango da, "jai giroko ekitaldia" egingo dutenean, gizarte-eragile, bazkide, enpresa languntzaile eta administrazioarekin batera.

Etorkizunari begira, heuren lana "nahiko dibertsifikatua" dutenez, eremu horiek jorratzen jarraituko dute, baina, bereziki, adimen artifizialarena izango da "ildo estrategikoa" hurrengo aurrerapausuetan. Hala ere, badituzte hainbat erronka; batetik, "proiektua bera mantentzea eta aurrera ateratzea" eta, bestetik, gizartearen beharrak zeintzuk diren jakiten jarraitzeko "irakurketa egiten" asmatzea. "Seguruaski, erronka handiena hor dugu", baieztatu du Abrilek.