Maria Jesus Garijo irrati izarra zendu da. Pertsona bikaina, emakume ausarta, irratilari aparta, lankide paregabea, ama bat bezalakoa berarekin lan egiteko parada izan dugunontzat.
Donostia-Loiola Herri Irratiko ahots ezagunenetako, maitatua Gipuzkoan, Maria Jesus Garijo 1940ean, zazpi urtekin hasi zen irratian mikrofono aurrean Radio San Sebastianen. Bere hitzetan “ume talde bat ginen teatrilloak egiten jolasten genuenak. Umetako batek, gero Donostiako Urrezko Danborra jaso zuen Javier Domingok, orduan 12 urte izango zituenak, ipuintxo bat idaztea okurritu zitzaion, gure artean paperak banatuz, bata erregina, bestea ogroa… Radio San Sebastianen lan egiten zuen bere amak eta gidoia pasa zien irratikoei eta hauek irratira joatea proposatu ziguten. Karameloak emango dizkizuegu esan ziguten eta zer ez egin karamelo poltsa batengatik 1940an! Egin genuena gustatu egin zitzaien eta horrela hasi ginen. Ondoren, “el Ada Palabrita”, Petrita Tamayorekin batera ume irratsaioak egiten genituen eta audizioak antzokietan, Victoria Eugenian, Tolosan… Horrela hasita, helduen irrati saioetan parte hartzen hasi nintzen, irratiko antzerki-taldean umeen abotsak jarriz eta han segitu nuen bertako arte taldeko kide”. Hala ere, Maria Jesus Garijok lehen lan kontratua kontrolista moduan izan zuen, handik gutxira esataria izatea proposatu zioten. Radio San Sebastian irrati-etxean segitu zuen ezkondu zen arte.
Irratigintza zainetan
Maria Jesus Garijo zainetan zeraman irratiarekin berriro lotu zen 1960, sortzear zen Loiola Herri Irratiaren esatariak prestatzea eskatu ziotenean. “Loiolara joan nintzen esatari izan behar zirenei irratiko entonazioa erakustea, batzuetan ni joaten nintzen Loiolara eta beste batzuetan beraiek etortzen ziren nire etxea, orduan besoetako haur bat nuen eta beste bat bidean, berriro haurdun bainintzen. Irratiko ahoskera erakutsi nien, beteranoak hasi berriekin egiten genuen moduan. Egia esanda, ez da oso zaila, azkenean ahotsa jarriz irakurri behar da, hori ikasita ez da zaila. 1961an, Loiolaren emanaldiak hasi zirenean, denbora batean bertan lanean izan nintzen. Estualdiak izaten nituen euskarazko eskaintzak irakurri behar zirenean, nik orduan euskara ez nuen menderatzen, baina ahoskera oso ona nuen eta horrekin salbatu nuen ataka”.
Etxean berriro, familiaren zaintzara zuzendua, Maria Jesus Garijo irrati uhinetara 1972an bueltatu zen, Jesusen Lagundiak, Loiola Herri Irratiak Donostia Herri Irratiaren jabetza hartu zuenean. Juan Lecuonak, irratiaren zuzendariak, Maria Jesus Garijori eskatu zion Donostia Herri Irratian lan egitea. “Herri Irratira etorri nintzenean aldaketa izugarria nabaritu nuen, berrogeita hamarreko urtetan —nik utzitako irratiak— entzulego handia zuen, orduan Donostian zen irrati bakarra baitzen Radio San Sebastian, baina garai hartan ez zen izaten entzuleen parte hartzerik. Aldiz, hirurogeita hamarreko Herri Irratian, haluzinatu egin nuen telefonoa zabaldu genuenean, ez du inork deituko —pentsatzen nuen— eta bat batean konkurtsoetan deiak jaso eta jaso, ia tarterik eman gabe. Orduan somatu nuen garaia eta irratia berria zela, komunikazio —eta konplizitate— handia zegoela entzuleekin”.
Frankismoaren azken urteak
Frankismoaren azken urtetan Donostia-Loiola Herri Irratia askatasunaren irratia izan zen eta Maria Jesus Garijo Donostia Herri Irratiko ahots eta irrati esatari ezagunetakoa eta bikainetakoa izan zen. Maitatua entzuleen aldetik, elkarrizketak, konkurtsoak, magazinak, irrati-esketxak, irrati antzerkia, publizitatea, irratigintzako esparru guztiak jorratu zituen Garijok, 1994an jubilatu zen arte. Paco Sagarzazuren sormenak eta elkarrekin egindako lanak une gogoangarriak eman zituen. Gogoan dira oraindik Fernando Mikelajauregirekin egindako irratsaioak eta oro har bere ahots paregabea, distira berezia hartzen zuena Rafa Brizek produzituta, grabatutako irrati iragarkietan.
Lankide aparta, irakaslea izan zen irratira iristen ziren esatari eta kazetarientzat. Inork gutxik kontrolatzen zuen Garijok bezala irrati deklamazioa. Ama bat bezala sentitu genuen gazte-gazte eta irratigintzan hasi berriak ginenean ezagutu genuenok.
Maria Jesus Garijo solasaldi eta elkarrizketatan beti gogoratzen zuen irratitik geratu zitzaion onena lagun-artea izan zela. “Elkarrekin lan egiten genuen eta lagunak ginen. Zer aparta den lanera joateko gogoarekin izatea. Lagun bikainak egin ditut eta oraindik orain lagunak gara. Urtero urtero elkartzen gara”. Eta horrela izan da gaur arte. Joan den larunbatean Morgan jatetxean elkartu zen, azken aldiz Garijorekin, Herri Irratiko lankide ohi taldea. Lagunak betirako.
Azken urte honetan, gainera, Garijok eta Herri Irratiko lankide ohiak elkarrekin izateko parada izan dugu amaitze bidean den Eneko Olasagastik zuzendutako Zuekin Herri Irratia dokumentalaren prestatze lanean.
Arestiko komatxo arteko hitzak Maria Jesus Garijok irratiko bere oroitzapenei buruz egindako adierazpenei dagozkie.
Ez adiorik Maria Jesus, egun handi arte. Eta agurra, Garijo, Herri Irratiko lankide batek zuretzat idatzitako hitz maitagarri hauekin:
Agur Dama Handia. Agur Maria Jesus Garijo. Mila esker guztiagatik. Beti izango zara ederrena, barrutik eta kanpotik. Zure maitasuna, zure eredua eta zure irribarrea gurekin geratzen dira betirako. Goian bego!
 
        
     
