Gizartearentzat "adimen artifiziala" kontzeptu ezaguna izan arren, izenetik haratago galdetuz gero, inkognita handiak sortzen dituen esparrua da. "Pertsonek makinekin harremana edukitzeko sistemak garatzen laguntzen duen" eremua omen da, Jon Abril, Elhuyarreko koordinatzaile nagusiaren hitzetan.

Fundazioak berak, bi hamarkada baina gehiago daramatza gai honi buruz "ikertzen eta teknologiak garatzen", beti ere lengoaiari lotutako ibilbidean, hizkuntzaren prozesamendu naturala deritzonean. Programazioaren bidez, makinek "gure ohituretatik" edota "ematen dizkiegun patroietatik" ikasten dute eta, honen bidez, itzulpen automatikoa bezalako sistemak garatzeko aukera dago. Elhuyarren kasuan, Elia.eus itzultzailea eta Elia.eusAditu dira Abrilek nabarmentzen dituen proiektuak, azkeneko urteei dagokienez.

  • Gehiago: Elhuyar, 50 urte euskara eta zientzia uztartzen

Makina eta gizakiaren arteko harremana "gero eta estuagoa izango" dela aurreikusi du Abrilek eta, beraz, "eremu digitalean egotea ezinbestekoa izango" dela "aurrera egin" nahi bada.

Bide horretan, baina, adimen artifizial "etiko bat" lantzea "inportantea" da Elhuyarrentzat, "gizartearen zerbitzura" eta honen onurarako garatuko dena. Horregatik , hainbat arrisku ekiditen saiatu dira eta, adibidez, ez dituzte pertsonen datuak erabiltzen edota "salgai" jartzen.

  • Gehiago: "Poz handia da gure seme-alabak eta bilobak euskaran txertatuta ikustea"

Teknologia hauen beste arrisku bat "dauden abakalak areagotzearena" da, hau da, makinek "sesgoak erreproduzitzea". Berdintasunaren kasuan "oso nabarmena" omen da hau, Abrilek dioenez. "Zuk mediku jartzen baldin badiozu itzultzaile automatikoari, médico itzuliko dizu gaztelaniaz, eta ez médica. Zergatik? Orain arte itzuli den moduan, masiboki, medikua gaztelaniaz gizona izan delako". Hori zuzentzeko, genero ikuspegia erabiliz lan egitea beharrezkotzat jotzen du.

Hala ere, "teknologia guztiek" heuren arriskuak dituztela kontuan hartu beharrekoa dela gogorarazi du Abrilek eta "batzuetan, arriskatu ere egin beharko" dela.