Azken urteetan arlo sozioekonomikoan euskara sustatzeko egin duen lanagatik Abbadia Saria emango dio Gipuzkoako Foru Aldundiak Fagor taldeari abenduaren 1ean. Berria gaur bertan jakinarazi du Aldundiak eta albistea entzun bezain laster, Leire Okarantza Fagor taldeko Gestio Sozialeko arduradunarekin jarri da harremanetan egunkari hau.

“Oso pozik gaude. Euskararen normalizazioaren aldeko bidea luzea da, baina noizbehinka badakar fruiturik. Horren adibide da Abbadia Sariaren bidez Gipuzkoako Foru Aldundiak eginiko aitortza”, adierazi du Okarantzak. Nabarmendu duenaren arabera, oro har, saria ez da aurten edo azken hilabeteetan egindakoaren fruitua izan, “urteetako ibilbidean egin dugun urrats bakoitzaren emaitza baizik”. Beraientzat, aurrera begira lan arloan euskararen normalizaziora iristeko dituzten erronkei aurre egiteko “indarra eta babesa” ere bada Abbadia Saria.

Fagor taldea zortzi kooperatibek osatzen dute eta bakoitzak bere euskara batzordeak ditu. 150 pertsonatik gora dira batzorde horietan parte hartzen dutenak. Talde mailan, ordezkari desberdinekin osatutako Euskara Batzordea dute eta bertan, ildo estrategikoak lantzeaz gain, helburuen betetze mailari jarraipena egiten diote praktikak partekatuz eta hausnarketak sustatuz.

Fagorrek duela 22 urte jarri zituen martxan euskara planak haren kooperatibetan. “Finean, gizarte beharrei erantzun egokiak emateko sortu zen kooperatiba taldea da Fagor eta euskararen aldeko hasierako ekimenek gertuko gizartean euskararen biziberritzearen aldeko mugimendua izan zuten abiapuntu”, azpimarratu du Okarantzak.

Gau eskoletatik hasita, Batzar Nagusietan aldarriak egin zituzten bazkideek euskarari lan esparruan presentzia emateko. Hortik abiatuta, 1997an Emun Kooperatiba Elkatearekin hitzarmena sinatu zuten euskara planak ezartzeko. “Erakundearen apustu sendoa eta estrategikoa da euskararen normalizazioa”, zehaztu du.

Gaur egun ere Emunen aholkularitza dute bidelagun. Euskara planak ezarri zituztenetik urrats desberdinak egin dituzte eta momentuko beharrei erantzuteko neurriak eta ekimenak garatu dituzte Fagorren. “Gaur egun hizkuntzen kudeaketan ari gara lanean. Gure kooperatibetan egunero hamaika hizkuntza desberdin erabiltzen dira eta errealitate horretan, euskarari funtzio komunikatibo propioak esleitzeko lanean ari gara”, adierazi du Okarantzak.

Ildo horretan, 2021-2024 epealdirako estrategiak eta helburuak zehazteko hausnarketa burutu dute aurten eta urte amaierarako horiek onartuta izatea espero dute.

EUSKARA PRAKTIKAN

Talde mailako ildo estrategiko komunak zehaztu ondoren, kooperatiba bakoitzak bere euskara planetara ekartzen ditu, hizkuntzaren ezagutza bermatzea eta erabilera sustatzea helburu izanik. “Horretarako, euskara eskolak antolatu, ekipoetako lanketak bideratu, teknologiaren erabilera sustatu (itzultzaile automatiko neuronala), metodologia desberdinak praktikan jarri eta motibazioan eragiten saiatzen gara”, azpimarratu du.