Fagor taldeak eskuratuko du aurtengo Abbadia Saria eta horren bidez, Fagorrek azken hamarkadetan arlo sozioekonomikoan euskara sustatzeko egin duen lana saritu nahi du Gipuzkoako Foru Aldundiak. Abenduaren 1ean, euskararen egunaren atarian, ospatuko da sari banaketa euskal munduko eragileak elkartuko dituen ekitaldi batean.

Eider Mendoza foru bozeramaileak gaur goizean eskaini duen prentsaurrekoan azaldu duenez, Fagor 70eko hamarkadan hasi zen euskara batzordeak sortzen lan munduan hizkuntza indartzeko eta gaur egun 150 lagun baino gehiago biltzen dituzte taldearen euskara batzordeek. 4.000 langiletik gora dituen enpresa hau euskaraz lan egiten dutenen lantoki handien artean "aitzindaria" dela uste du Aldundiak, eta baita etorkizunera begira "eredu" izango dela ere.

Euskararen bidegurutze honetan, Fagorrek "hizkuntzaren normalizazioaren alde" egindako lana sarituko du erakundeak, izan ere, euskal eragileak une honetan kezkatzen dituen arazo nagusietako bat lan mundua baita. Horixe erakutsi zuen iaz ospatu zen Euskaraldiaren bigarren edizioak ere. Ariguneak sortzea izan zen Euskaraldiaren berrikuntza nagusiena eta horien helburua lantokietan euskaraz lasai aritzeko espazioei tokia egitea izan zen.