Síguenos en redes sociales:

Xalbador salbatzera dator Herri Urrats

hilaren 13an ospatuko da iparraldeko ikastolen 29. festa, senpereko laku ertzeanAurten bildutako dirua, iazkoa eta heldu den urtekoa bezala, Xalbador ikastegiko lanak finantzatzeko izango da

Donostia. "Uda aurreko festa izan ohi da Herri Urrats, baina aurten udaberririk ukan ez dugunez, badirudi oharkabean heldu zaigula". Oharkabean heldutakoa oharkabean pasatzerik ez du nahi, ordea, Hur Gorostiaga Seaskako zuzendariak, eta atzo eskainitako `prentsaurrekoan dei egin zuen hilaren 13an Senpereko lakura joateko, Herri Urratsen 29. edizioak "fun-tzio garrantzitsua" beteko duelako.

Urte osoko proiektua jokatzen da egun bakarrean, eta ongi aterata ere, ez da nahikoa izaten: "Botere publikoek ekartzen ez duten dirua ekarri behar du jaialdiak, eta Iparraldeko ikastolek azkenaldian izandako garapenari erreparatuta, Herri Urrats bakarra ez da aski, bi edo hiru beharko genituzke".

Aurten, Calandretak (okzitaniarrak) izango dituzte gonbidatu berezi. Baionatik hasi eta Italiako mugaraino hedatzen da Okzitania, eta hiltzear dute bertako hizkun-tza. "Haien borroka adibide ona da besteontzat ere, eta elkartasun bideak jorratu nahi ditugu", esan zuen Gorostiagak.

Iraultza lasaia Bildutako dirua Xalbador ikastegiko berrikuntzak ordaintzeko erabiliko da, iazko edizioaren eta heldu den urtekoaren gisara. Bigarren hezkuntzako kolegioa da Xalbador, hamaika eta hamalau urte bitarteko haurrak jasotzen dituena, eta 1987an erosi zuen guraso talde batek, berme gisa beraien etxe pertsonalak hipotekatuz. Egun, 260 ikasle ari dira bertan, eta urtero 20 gehiago sartzen dira, Gorostiagak jakinarazi zuenez: "Ez du aski gaitasun, dena berritu beharra dugu, eta zati bat bertan behera bota. Eraikuntza lan garrantzitsuak hasi ditugu jada, nahiz eta oraindik dirua lortu ez".

Guztira bost milioi eta erdi euroko lanak izango dira: horietatik milioi bat eta erdi Pirinio Atlantikoetako Kontseiluak emango du, eta gainerakoa mailegu bidez lor-tzeko asmoa dute, "nahiz eta bankuekin maileguak egiteko ez diren garai onenak".

Azken hamarkadetan, Iparraldeko ikastolek Gorostiagak "iraultza lasai" gisa izendatu duen zerbait bizi izan dute; izan ere, ikasle kopuruak "etengabe eta handizki" egin du gora ama ikastoletan zein lehen mailetan eta, azkenaldian, kolegioetan ere sentitu dute efektu positibo hori. Hala, Ziburun (Lapurdi), Kanbon (Lapurdi) eta Larzabalen (Nafarroa Beherea) dituzten kolegioez gain, laugarren bat sortzeko asmoa ere badute. Gisa berean, Baionako lizeoa (15-18 urte bitartekoei zuzendua) ere honezkero txiki geratzen zaiela uste du Gorostiagak, eta Herri Urratsek "agintariei pauso berriak emateko" balio behar lukeela iruditzen zaio.

Selektibitatea euskaraz Seaskaren buruhausteak haratago doaz, baina: hizkuntzak hezkuntzan duen tokiak kezkatzen ditu, bere osotasunean, eta lege bat nahi dute euskararentzat: "Martxoaren 31n euskararen aldeko manifestazio jendetsu bat izan zen Baionan, eta frantziar estatu osoan 60.000 lagun mobilizatu ziren orotara. Espero dugu datorren lehendakariak hizkuntzari zor zaion ezagupena emango diola".

Era berean, baxoa (selektibitatea) euskaraz egin ahal izatea lortu nahi dute. "Gure ikasleek ikasketa guztiak euskaraz egiten dituzte, baina baxoa frantsesez eginarazten diete. Lan bikoitza da, eta nolabaiteko handicap bat, gainerako ikasleekin konparatuz gero. Hala ere, gure lizeoek lortzen dituzte emaitzarik onenak. Aurten neurri guztiak hartuko ditugu gutxienez materia bat euskaraz pasatua izan dadin, erran nahi baita, selektibitateko azterketa guztiak blokeatzeko prest gaudela, ez badugu lortzen azken urteetan hitzeman zaiguna. Ez dugu eskatzen goizetik gauera dena aldatzerik, lehen urrats hori eman dezaten baino", adierazi zuen.

Fokua non jarri da gakoa, Gorostiagaren irudiko: "Igande honetan Frantzia hauteskundeei begira egongo da. Ondoko igandean, espero dugu Euskal Herri guztia Senperera begira egonen dela, euskarak eta ikastolek izugarrizko beharrak dituztelako".