Indarkeria deslegitimatzeko eta pertsonen duintasuna defendatzeko ekitaldia izan zen. Ana Ollo bigarren lehendakariorde eta kontseilariak honako hau esan zuen: “Indarkeriaren deslegitimaziotik biktima guztiekiko aitorpen eta konpromiso integralak demokrazia eta bizikidetza indartzen ditu”. Horregatik, azaldu zuenez, ostegun honetako ekitaldia “iraganean legez kanpoko eta justifikaezina den kaltea eta indarkeria jasan zenuten pertsonei aitorpena eta ordaina eskaintzeko izan zen: indarkeria, tortura, tratu txarrak, atentatuak. Ekitaldi horrekin, Nafarroako Gobernuak aitortu egiten du, aitortu egiten dugu, iragan bortitz hori; garai batean eragin zizueten kalte bidegabe hori gaur onartuz, benetan demokratikoa eta baketsua den gizarte bat eraiki ahal izateko”.
Bere iritziz, “biktimei justizia egitea, funtsean, hiru eskubide oinarrizkoen inguruan ordaina eskaintzea da: eskubide morala, lehengoratzea eta duintzea; eskubide materiala, erreparazioarekin lotuta dagoena; eta azken eskubidea, politikoa izenda daitekeena, memoria kritikoarekin zerikusia duena, alegia, etorkizuna eraikitzeko orduan ez dezagun egituratu iraganean ezer gertatu izan ez balitz bezala”.
Honakoa ere gaineratu zuen: “memoria integral batean aurrera egitea da helburua, beti ere begirada ausart batekin, gure iraganaren ispiluaren aurrean kokatuko gaituena, nahiz eta bueltan etorriko zaigun irudia askotan deserosoa izan. Olloren apustua garbia da, “bizitzeko eskubidean, giza duintasunean, errespetuan, giza eskubideen defentsan eta sustapenean eta indarkeriaren zentzugabekeriaren deslegitimazioan oinarritutako zoru etiko partekatuaren oinarri baten alde egiten dugu; ez kausa politikorik ez Estatu arrazoirik ez dagoelako gizakiaren duintasunaren gainetik”. Oinarri horiek guztiak, Nafarroako Gobernua prestatzen ari den Bizikidetzarako Planaren (II. Plana) ardatz izango direla azaldu zuen.
“Iraganera begiratzea”, jarraitu zuen Ollok, “guztioi dagokigun betebeharra da, egia eta justiziarako eskubide besterenezina berrezar-tzekotan. Iragan bortitz hori berriro ez errepikatzea bermatzeko. Eta, batez ere, etorkizuna oinarri sendoen gainean finkatzeko ”.
kontaketa osoa “Sufrimendu guztietan partekatutako eta oinarritutako kontakizun bat eraikitzeko gauza izaten ez bagara, ez dugu sekula izugarrikeriarekiko zorra kitatuko“, azpimarratu zuen bigarren lehendakariorde eta Memoria eta Bizikidetza sailburuak. “Biktimekiko eta gizarte osoarekiko konpromiso bikoitzetik abiatuta, inoiz berriro ez ”mezua helarazi nahi izan zuen. Hori guztia, nabarmendu zuenez, gaur egun “konplexua” den testuinguru batean, “ez bakarrik Europako era guztietako negazionismoen eta inboluzioen ingurumariagatik, Nafarroa bezalako espazio txiki batean mota guztietako testuinguru biktimologikoek bat egiten dutelako baizik. Min ugari elkar-gurutza-tzen dira. Biktimak eta biktimarioak. Errealitateak aurpegi anitz ditu. Nolanahi ere, istorio latz eta bizitza apurtu gehiegi”.
Iragana, oraina eta etorkizuna
“Enpatiaren garaia da, bestearen lekuan jartzeko garaia, eragindako mina aitortzeko garaia. Desberdintasun ideologiko edo politikoa errespetatuz eraiki edo berreraikitzeko garaia, beti ere, giza duintasunarekiko errespetuaren eta indarkeria ororen deslegitimazioaren gutxieneko izendatzaile bateratu horretan oinarrituz. Eta horretarako, egia ezagutzea beti da garrantzitsua. Eta egia hori ezagutu eta zabaldu dadila”, aipatu zuen Ollok. Horrexegatik, “belaunaldi berriek ere zer gertatu den jakitearen alde” lan egiteko konpromisoa berretsi zuen. 2015etik hona Nafarroan bultzatu den bidea, “indarkeria politikoaren berezko historia konplexua eta tragikoa jasan dugulako, eta garai latz hauetan gu ere ez garelako uharte isolatu bat estatuan eta nazioartean. Mundu mailako testuinguru zabal horrek, “zentzu positiboan, 2019ko legegileak inspiratu zituzten Giza Eskubideei buruzko Nazioarteko Zuzenbidearen euskarri osoa ematen digu, eta harexek gidatu du Errekonozimendu eta Erreparazio Batzordearen jarduna beti. Zoriondu egin nahiko nituzke, gainera, egindako lan gogor eta zaila aitortuz, betiere itsasargi gidaritzat Giza Eskubideak hartuta. Garai nahasietan, orduan eta tinkoago eutsi behar zaie printzipioei eta etikari”. Bizikidetzaren bidean “Hori delako iparrorratzik onena”.
Demokraziak saihesbiderik ez
“Indarkeria eta giza eskubideen urraketa ezin dira sekula justifikatu. Ez demokrazia lortzeko, ezta ustez hura defendatzeko ere... Inoiz ez, inorentzat ez, inon ez. Memoria kritikoa ezinbestekoa da banakako eta taldeko akatsen errepikapenak saihesteko. Baita inoiz gertatu behar ez zukeena eta egin behar ez zena aitortzea ere –eta zer esanik ez erakundeen aldetik–”. Ollok “memoria eta bizikidetza integraleko eta koherenteko” politika publikoen baitan kokatu nahi izan zuen ekitaldi publikoaren funtsa eta mamia. “Helburuak ezin ditu inoiz bitartekoak justifikatu”, esan zuen amaieran Ollok, eta “demokrazia bizirik mantentzeko” deia egin zuen, “Demokrazia osatugabea izango da agian, baina lortzea izugarri kostatu zaiguna”.