Hurrengo Diadan manifestatzeko eskaria luzatu zion Kataluniako gizarte zibilari Dolors Feliu ANCko presidenteak, Volvamos para vencer: Independencia lelopean, oso argi utziz ez dutela “ezer espero inorengandik”, soilik Kataluniako herritarrengandik. “Independentzia eztabaida politikoaren erdigunean jarriko dugu berriro, eta hori herriak egin behar du. Kalera irten eta aldarrikapen hori egin behar dugu. Soilik herritarrek ekar lezakete aldaketa hori. Ezin gara alderdiekin fidatu”, adierazi zuen, alboan Jordi Pesarrodona erakundeko presidenteordea, Jordi Arcarons Omnium Culturaleko batzordeko kidea eta Jordi Gaseni AMIko presidentea zituela.

Pesarrodonaren hitzetan, Kataluniako herriak independentzia bultzatuko duela berresteko izan behar du aurtengo Diadak, eta bere iritziz, “herria mobilizatuta eta bat eginda dagoenean egiten dute aurrera herriaren aginduari jarraitu behar diotenek”. Horregatik, indarkeriarik eza oinarri hartuta kalea berriro mobilizatzeko eskatu zuen, bere ustez, gizarte zibila antolatuta dagoenean geldiezina delakoan. “Borroka eta amore ez ematea”, aldarrikatu zituen Feliuk, mugimendu independentistak goranzko eta ziklo aldaketarako unea bizi duela argudiatuz, eta tamalez, independentziaren gaia azken urteotan alderdien eta eztabaida politikoaren erdigunean egon ez izana onartuz.

Omniumeko Jordi Arcaronsek argi adierazi zuen ez diotela uko egingo Kataluniaren askatasunaren eta independentziaren alde mobilizatzeari. Horregatik, kalera itzultzeko deia egin zuen, “katalanen interesak defendatzeari aspaldi uko egin dion eta mugimendu politiko legitimo bat zapaltzen jarraitzen duen Estatua salatzeko. Gure herriaren askatasuna lortzeko gaude, eta fronte askotan jardun beharko badugu ere, kalea oinarrizkoa da zapaltzen eta zelata-tzen gaituen Estatuari aurre egiteko”. AMIko presidente Jordi Gasenik gogora ekarri zuen aurtengo Diadan bost urte beteko direla U-1eko erreferenduma egin zenetik, aukera ona “kanpora begira mezu indartsua bidaltzeko”.