Duela hilabete eta erdi Sant Llorenç de Morunys herrian, Lleidako Solsonès eskualdean behi batekin izan zuen istripuaren ondoren, lan bikaina egin du Sara Alonsok lehiara itzuli denean. Donostiarrak bosgarren postuan amaitu zuen OCC (Orsières-Champex-Chamonix), aste honetan Chamonixen eta inguruan UTMB (Ultratrail del Mont Blanc) dela eta egitekoak diren 8 trail probetako batean.

Sara Alonsok 5h50:26ko denbora markatu du 61 kilometroko proba gogorraren ibilbidea amaitzerakoan. Euria ere egin zien, eta hala iragarrita zegoenez, 57 kilometro eta 3.400 desnibel positiboa zuen ibilbidea, aldatzea erabaki zuten antolatzaileek.

Esanda bezala, bosgarren izan da korrikalari gipuzkoarra, eta bere aurretik sartu dira helmugan, irabazlea izan den Joyline Chepnegeno kenyarra, 5h34:03ko denbora egin duena; 5h35:13ko denborarekin bigarren sartu den Miao Yao txinatarra, 5h38:22ko kronoarekin hirugarren izan den Judith Wyder suitzarra, eta 5h45:43rekin laugarren izan den Maude Mathys suitzarra.

Aritz Egea

Proba horretan bertan hartu zuen parte Aritz Egea urretxuarrak, baina ia lau orduz korrika aritu ostean, tamalez erretiratu egin behar izan zuen.