Donostiako Karmelo Balda pilotalekuak lehen aldiz hartuko du Jai Alai League zesta punta txapelketako azken fasea.

Lehen finalerdiak irailaren 15ean jokatuko dira, astelehenarekin, honako bikote hauen artean: Ihart-Frida, Sorozabal-Arairen aurka, emakumezkoetan, eta Johan-Lekerika, Urreisti-Basqueren kontra, gizonezkoetan.

Handik astebetera, hilaren 22an, orduan ere astelehenez, jokatuko dira bigarren finalaurrekoak: Elaia-Maiak eta Maite-Maialenek, alde batetik, eta Erkiaga-Gorkak eta Barandika-Lopezek, bestetik, neurtuko dituzte indarrak.

Eta iraileko azken astelehenean, hilaren 29an, jakingo dugu zein-tzuk diren Jai Alai Leagueko garaileak, finalak jokatuko diren jardunaldia orduantxe izango baita. Barandika eta Lopez iaz lortutako tituluari eusten saiatuko dira.

Final Four honetako hiru jardunaldiak ETB1ek eskainiko ditu 22:00etatik aurrera.

Aurtengo edizioa historikoa izan da emakumezkoen kategorian, ligan estreinakoz parte hartu dutelako. Guztira, bederatzi master txapelketa jokatu dituzte, eta 20 puntistak hartu dute parte. Gizonezkoetan, liga hamaika hilabetez luzatu da, 30 torneo jokatuta.

Hondarribiko Grand Slam

Ostiralean Hondarribiko Grand Slam-aren finalerdiak jokatuko dira Jostaldi pilotalekuan, 20:00etatik aurrera, EITBko kamerak han ere izango direlarik. Lehen finalerdian Arbe-Argoitiak Bixente-Atainen aurka jokatuko dute; eta bigarrenean, Hormaetxea-Bailok Erik-Kanpanen aurka.