Ardi latxen herrian, hotzaren aberrian; laino beltzen erdian, ardi latxen herrian. Ardi latxen herrian, hari latzen erdian; ardi latxen herrian, berde zuri gorria. Hala dio Merina Grisen Ardi latxen herrian abestiak, eta animalia berak hartu ditu protagonistatzat Idoia Lahidalgak bere lehen argazki liburuan. 

Euskal Herriaren izaerari buruz berba egiten dute ardi latxek, eta herri horri buruzko begirada propio bat eskaini gura izan du Lahidalgak Ardi latxen herria liburuan. “Argazkien bidez erakutsi gura nahi izan dut zelan ikusten dudan gure herria”, dio; izan ere, argazkiz jositako obra horretan euskal kultura, tradizioa eta natura dira jorratzen diren gai nagusiak.

Azken bost urteetan ateratako argazkiak harilkatu ditu liburua eratzeko, ze, “nahi barik” bada ere, gai konkretu horiei buruz hitz egiten dute Lahidalgaren argazkiek: “Liburua egiterakoan konturatu nintzen, beti, gai konkretu batzuk jorratzen nituena. Ez nintzen kontziente argazkiak beti gauza berdinen bueltan ateratzen nituela”. Disko gogorra harakatzerakoan konturatu zen horrekin, baina egindako lana aprobetxatu eta hori josten hasi zen. 

Beraz, hainbat dira liburu baten parte izango zirela jakin barik liburu batean amaitu duten argazkiak. Beste batzuk, ordea, sortu egin ditu, lana biribiltzeko. “Nire inguruan presente dauden gaiak dira. Argazki asko edozein arratsaldetan ateratako ilunabarrak dira, edo lagunekin egoterakoan eginak.

Gehienak zertarako izango ziren jakin barik ateratakoak dira”, onartu du argazkilariak. Besteren artean, baina, mendian dantzan ageri direnak lana osatzeko izan direla adierazi du, “guztiari zentzu oso bat emateko”. 

Tradizioak leku garrantzitsua dauka obran, eta hori modu natural batean irudikatuta dago. “Gaur egun ikusi ahal baldin bada, edo kopiatu baldin badaiteke, hori tradizioa da. Hala, une konkretu batzuk irudikatu ditut argazkietan. Lehen ateratzen ziren argazkiak gaur egun ere existitzen dira, eta horiek agertzea bilatu dut, argazkiek itxura tradizionalago bat izatea, alegia. Hala, lagunak hartu, trajeak jantzi eta baserri batera joan gara argazkiak ateratzera. Ez dut muntaketa handirik behar izan”.

Argazkilariak ‘Ardi latxen herria’ liburuan jaso duen argazki bat; dantzari batzuk mendian. Idoia Lahidalga

Tradizioak ez ezik, ingurumenak ere presentzia dauka, naturarekiko lotura hori txikitatik duelako argazkilariak: “Familiak beti eraman izan nau mendira edo basora, eta txikitatik transmititutako balio horiei garrantzia eman nahi izan diet. Nahi izan dut erakutsi zelan ikusten ditudan nik leku horiek. Bai naturaz, bai tradizioaz erakutsi dudana txikitatik jasotakoa izan da”.

Ardi latxei dagokienez, herriaren izaera deskribatzeko balio izan diote, beraiek baitira liburuaren eta paisaien gidari. Bertoko ardien arrazari garrantzia ematea ere bilatu du Lahidalgak. “Ez nekien zelan laburbildu liburua, baina dena lotzeko gai bihurtu ditut ardiak. Belardian edo hortik jaisten ageri dira, eta horrekin esan nahi nuen gu ere mendian ibili gaitezkeela, bai gora eta behera, bai dantzan. Ardi latxak dira narratzaileak. Horien argazki asko nituen, eta lan horretan jarri ditut”, azaldu du.

Argazkilaria

Kamera, argazkilaria, eta kitto. Hala ateratzen ditu argazkiak Lahidalgak. Ez dauka ekipo handirik, ez ditu flashak ez erreflektoreak erabiltzen. Hala lan egitea gustatzen zaio, argazkia ateratzeko beharrezko baliabideak “ahal duen horretatik” atera behar dituelako. “Zer egiteko gai zaren ikusteko balio du era horrek”, dio. Gero, badagoela edizio lana adierazi du, baina hor ere kolorea eta enkoadraketa bakarrik fintzen ditu, argazkia horrela delako “naturalena”. 

Hain zuzen ere, lan honek balio izan dio bere burua argazkilaritzat onartzeko: “Egun, edozeinek esan dezake argazkilaria dela, edonork atera eta argitaratu ditzake horiek. Hausnarketa horren aurrean, liburua nire burua berresteko modu bat izan da hau, nire alde egin dudan apustua”.

Transmititzen saiatu dela helarazi duela uste du, liburua ikusten duenak bera ezagutu dezakeelako hein handi batean, hala pertsonalki, nola profesionalki. “Ikusi dutenek nirekin lotu dute liburua. Nire isla da, eta hori jendeak ulertzea oso polita da”. 

Liburu honek aurrera begira jartzeko parada ere eman dio Lahidalgari, eta orain atseden hartu gura duen arren, erakusketaren bat edo beste egitea gustatuko litzaioke, dantzarekin zerikusia duena edo. “Ez daukat ezer hasita, baina buruan badut halako asmo bat”, onartu du. 

Asko dira bost urtetan ateratzen diren argazkiak, eta asko dira alboratu behar izan dituenak. Egindako lana ezeztatu beharrak “pena” eman dio, baina esan gura izan duena esan du, argazkilaritza lengoaia modura ulertzen baitu. “Argazkiekin esan nahi dudan hori esatea lortzen dudala uste dut. Azaldu ezin ditzakedan gauzak trasmititu ditzaket horien bidez; hitzak erabiltzen ez ditudan arren, lortzen dudala uste dut, argazkilaritza adierazteko modu baten modura ulertzen baitut”.