Euskal Herri distopiko bat imajinatzen duen 'Artxipielagoa' podcasta gazteei zuzendutako komiki bihurtu dute Xabier eta Martin Etxeberria anaiek, Alex San Vicente ilustratzaile eta Sergio Roman Sedyas margolariarekin batera. Podcastak 2103 urteko mundu distopiko bati buruz hitz egiten du, zeinetan itsas maila ehun metro igotzen den, berotze globalak eta poloen urtzearen azelerazioak eraginda.

Baliabide gutxiko mundu horretan, potentzia berriak sortzen dira eta euskal artxipielagoan ordena ezarri gura dute. Getxoko Komiki Azokan ari dira lan berria aurkezten, asteburuan. 

Irudimenetik irudira egin duzue salto. Podcasteko entzule bakoitzak bere artxipelagoa imajinatzen zuen lehen, eta alegiazko paisaia horri irudia jarri dio komikiak orain. Nondik dator ideia?

EITBren ideia izan zen, EITB Podcast kanalerako sortu genuelako Artxipielagoa. Laster estreinatuko da hirugarren denboraldia, baina lehenengoak arrakasta izan zuen, kritika onak jaso zituen eta arduradunei ere asko gustatu zitzaien. Hala, web-komikia ateratzeko proposamena egin ziguten, eta hala egin genuen. Behin digitalerako lana eginda, paperean ere atera nahi genuen, eta Elkar argitaletxeak bat egin zuen proiektuarekin. 

Euskal komikiaren mundua ezagutzen duzue, baina podcasta komiki bihurtzea gauza berria da zuentzat ere. Zelako erronka izan da?

Polita bezain zaila. Martin eta biok komikien munduan sartuta gaude, Artxipielagoaren aurretik beste komiki batzuk eginda dauzkagulako, 'Broken eye' komiki estatubatuarra, esaterako. Hala ere, lan horiek hasieratik komikirako idatzi genituen, eta proiektu hau bestelakoa izan da. Lehenengo aldia da euskarazko podcast batek komikira jauzi egiten duena -gazteleraz ere ez dut kasurik ezagutzen-, eta apustu handia da. Podcastean, entzule bakoitzak bere modura imajinatzen zituen pertsonaiak, eta horiei aurpegia jarri behar izan diegu. Ariketa zaila izan da.

Hiru denboraldietatik lehenengoari eman diozue kolorea, eta 30 minutuko zortzi atal laburbildu behar izan dituzue. Erritmo aldaketarik badago?

Podcasteko lehen denboraldiak orri askoko gidoia zeukan, eta hori 80 orriko komiki batean laburbildu behar izan dugu. Itzela izan da laburtze ariketa, baina istorioaren esentzia mantentzea lortu dugu. Podcastean, beharbada, istorioari tentsioa jartzeko minutu bateko soinu errekurtsoak behar genituen, baina komikian bineta batekin aski da. Komikia podcasta baino azkarrago doa, erritmo biziagoa dauka.

Euskal artxipelagoari irudia jartzeaz gain, istorioa gazteentzat egokitu behar izan duzue.

Bigarren egokitzapen hori benetan zaila izan da. EITBren helburua komikia gazteei zuzentzea zen, gazteengana iristea, alegia. Ondorioz, podcastaren tonua eta istorioa gazteentzat egokitu behar izan dugu. Egia da edozeinek irakur dezakeela, baina podcastak baino erritmo handiagoa dauka, bizkorrago doa eta pertsonaia gazteagoak ditu. Egokitzapena ariketa bikoitza izan da. 

Ikuspegi aldaketa horrek istorioa aldatu du? 

Podcasta entzun duenak nabari dezake aldaketa, komikiak gauza asko erreproduzitzen dituelako, baina beste asko berriak dira. Komikiko irakurleak podcastera joatea espero dugu, eta alderantziz, podcasteko entzuleak komikira hurbiltzea. Elkar elikatze hori bultzatu nahi dugu. 

‘Artxipielagoa’ lanak badu abentura eta badu fikzioa, baita irakurketa politiko eta soziala ere. 

Distopia guztiek abentura kutsua daukate, baina, entzuleei klima aldaketaz pentsarazi gura genien. Izan ere, klima aldaketari kasurik egin gabejarraituz gero, baliteke Artxipielagoak kontatzen duenabenetan gertatzea. Hasieratik, bai podcastean, bai komikian, gure asmoa zen kontzientzia sortzekoale hori jartzea. Gainera, aprobetxatu dugu etorkizuneko eszenatoki distopiko horretan euskal artxipelagoa estatu burujabe bezala irudikatzeko: uharte txikiz osatutakoa, neutrala. 

Istorio eta helburu horiek hizkuntza grafikora eraman dituzue, San Vicenteren eta ‘Sedyas’en laguntzarekin. Talde lan horretan, nolakoa izan da elkarlana?

Beraien lana azpimarratu nahi dut. Izan ere, komikietan, gidoilariak gara hazia jartzen dugunak: aitak. Baina obra sortzen dutenak, benetako lana egiten dutenak, marrazkilariak dira: amak. Sekulako luxua izan da beraiekin lan egitea. Sanvi lehenagotik ezagutzen genuen, Sedyas ez, baina punta-puntako margolaria da, Europako argitaletxe onenekin lan egiten duena. Askatasuna utzi diegu sortzeko, eta beraien gustuen arabera irudikatu dituzte pertsonaiak, jantziak eta paisaiak. Talde lana oso aberasgarria izan da, eta, komikia, azken batean, talde lana da. 

Beste bi denboraldiak ere komiki formatura egokitzeko asmoa daukazue?

Hori litzake gure asmoa, bai. Hirugarren denboraldia labean dago, amaitzen ari gara, eta udazkenean plazaratuko da. Hirurak komiki formatuan argitaratzea gustatuko litzaiguke, baina ikusi egin beharko da nolako arrakasta duen lehenengoak eta irakurleek zelan erantzuten duten.