Hamasei urterekin murgildu zen Oihane Vicente (Zumarraga, 1988) dantza munduan, berandu. Euskal dantzekin hasi eta diziplina ugaritan dabil geroztik, etengabeko mugimenduan. Dantza, mugimendua eta musika baliatuta terapia saioak ematen ditu, haur zein helduentzat. Gorputzarekin konektatzea osasungarria dela uste du, eta saioen bitartez nork bere burua ezagutzea du helburu.

Dantza-mugimendu terapeuta zara. Nola definitzen duzu diziplina hau?

Espazio bat sortzean datza, dantzaren eta mugimenduaren bidez gorputzarekin konektatzeko eta, hala, gure emozioekin konektatzeko eta horiek modu sortzaile batean adierazteko.

Nori zuzenduta dago?

Nik helduekin eta haurrekin egiten dut lan; baina, berez, edozein pertsonari zuzenduta dago. Talde mugatuetan egiten dugu, gehienez hamabiko taldeetan. Saio indibidualak ere egin daitezke, edo familian.

Azalduko zenuke nolakoa den saio bat?

Haurrekin ordubeteko saioa egiten dut eta helduekin ordu eta erdikoa. Intentsiboa bada, bi ordukoa izan daiteke, baina asteroko saioak ordu eta erdikoak dira. Hasieran beroketa pixka bat egiten dugu gorputzarekin konektatzeko, oso buruan bizi baikara. Besteekin harremana sortzera eta konfiantza sortzera ere bideratuta dago beroketa. Gero dinamika ezberdinak lantzen ditugu. Niri, terapeuta moduan, beroketak balio dit bakoitza nola datorren ikusteko, zein den taldearen energia. Aldez aurretik prestatzen dut; baina, taldeak beste zerbait behar badu, moldatu egiten dut. Dinamikak egiten ditugu binaka, talde handian, banaka… egunaren arabera. Bukaeran, normalean, erlaxaziorako ariketak egiten ditugu eta saioan bizitakoa partekatzen dugu. 

Gorputzarekin konektatzeari ematen diozu garrantzia. Zer dela eta?

Gorputzarekin konektatzea garrantzitsua da gorputzean bizi garelako. Bizitza ematen diguna gorputza da eta bertan informazio asko daukagu. Gorputzak esaten digu nola gauden eta kasu egiten badiogu osasuntsuago biziko gara, baita mentalki ere. Ulertuko dugu zergatik pasatzen zaizkigun gauza asko. Terapia hau ez da soilik emozioak azaleratzeko, ulertzeko ere bada. Taldeko dinamikak horretara bideratuta daude: gauza asko ateratzen dira eta, adibidez, nolako harremanak ditugun aztertzeko balio du. Nork bere burua ezagutzeko balio du.

Zure saioetara bertaratzen direnek, zeren bila egiten dute?

Denetarik dago. Adibidez, emakume taldera datozenak emakumeentzako espazio bila datoz, beste batzuk askatzera, beste batzuentzako terapia da…

Esan duzu emozioak azaleratzea bilatzen duzula. Taldekako kasuetan, nork bere emozioak atera ditzake?

Saioak ez daude emozionalki bideratuta. Bakoitzak dakarrenari espazioa ematen diogu. Pertsona bat triste egon daiteke eta bestea pozik, emozio desberdinek lekua dute espazio berean. Taldeetan egoera desberdinak sortzen dira, nork bere bizitza du eta modu desberdin batean dator egun bakoitzean. Gakoa hori da: taldeak nola hartzen gaituen gure emozioen arabera.

Beste diziplina batzuk ere nahasten dituzula aipatu duzu.

Aromaterapia, adibidez, Raquel Sanchez aromaterapeutarekin egiten dut. Olio esentzialak eta egiptoarrak erabiltzen ditugu. Hasieran olio batzuk ezagutzen ditugu, usaintzen ditugu, automasajea egiten dugu eta gero mugimendua ematen diogu horri guztiari.

Margoekin ere egiten dituzu saioak, ez da hala?

Hori eskoletan eta helduekin egin izan dut Oier Fernandezekin batera. Dantza-mugimendu terapia saio bat da baina pintura erreminta bezala erabilita. Gela bat papereztatzen dugu eta hankekin edo eskuekin pintatzen dugu, oso sentsoriala da. Ez dugu irudi estetikorik bilatzen, esperimentazioa besterik ez.

Emakumeak Mugimenduan proiektua egiten duzu. Zergatik da garrantzitsua emakumeok espazio berezituak izatea?

Nire esperientzia propiotik uste dut txikitatik modu batean hezi gaituztela eta gure gorputzarekin borrokan bizi garela. Espazio hauek beharrezkoak dira gure buruekin eta gorputzekin harreman osasuntsuak eraikitzeko, eta baita beste emakume batzuekin ere.

Euskal dantza irakaslea ere bazara. Nahasten al dituzu bi diziplinak?

Euskal dantzetako haurren saioetan dinamika txikiak sartzen ditut; baina, alderantziz ez dut inoiz egin. Momentuz ez diot erabilgarritasuna ikusi euskal dantzak dantza-terapian sartzeari. 

Nola heldu zara dantza-terapian aditua izatera, terapiaren mundutik edo dantzarenetik?

Dantzaren mundutik. Dantza-terapiaren inguruko formakuntza bat bilatzen hasi nintzen eta Bartzelonako master topatu nuen, horrela iritsi nintzen.

Beti izan zara dantzaria?

Euskal dantzekin 16 urterekin hasi nintzen, nahiko berandu. Ordutik dantza mota ezberdinak egin izan ditut: areto dantzak, dantza garaikidea… horrekin guztiarekin ere jarraitzen dut.

Euskal Herrian terapia mota hau lantzen duzuen pertsona asko zaudete?

Batzuk bagaude, baina oraindik ez gara oso ezagunak. Bartzelonan eta Madrilen apur bat ezagunagoa da dantza-mugimendu terapia; hemen hasten ari gara.