Festak dauzkagu nonahi eta, horren inguruabarrean, jendearen pilaketak gertatzen ari dira toki guztietan, baita eraso sexisten ugaritzea ere. Gertakari horren atzean, bi arrazoi egon daitezke. Batetik, kontzientzia hedatzen ari dela eta bidegabeko egitateok salatzea gero eta ohikoagoa dela. Bestetik, izurritearen ondorioz, festak bertan behera geratu zirela eta, ondo pasatzeko gogoa irakiten dagoela eta gibelerraiak ustelduta dituztenek, festen eremuan, jendearen pilaketak baliatzen dituztela eraso sexistak egin eta orbainik gabe ateratzeko.

Kontu horrek baditu ertz batzuk, aztertu beharko genituzkeenak. Izan ere, eraso sexistak salatzeko jarrera geroz eta irmoagoa azaltzen ari bada ere, aldi berean, azkenaldian, geroz eta mezu gehiago azaltzen ari dira, bereziki, eskuin muturreko alderdi eta hedabideen aldetik, gertaerak erlatibizatzen, lausotzen eta garrantzia apaltzen saiatzen direnak. Horrek halako portaerak indartu besterik ez ditu egiten. Beste horrenbeste gertatzen da indarkeria matxistari edota berdintasun politikei buruz ari garenean.

Hezkuntzan eta abarretan urrats garrantzitsuak egin ditugu... baina, bistan denez, ez da nahikoa. Nago familietan behar dugula eragin, familiek hartu behar dutela erantzukizuna horren sustraitua eta barruratua dagoen jokabideari aurre egingo badiogu, eraldatzen saiatuko bagara... eta nago familietan gero eta gutxiago jorratzen direla horrelako zein bestelako gaiak, eta baloreetan heztea bigarren mailan laga dugula, horrek dakarren guztia aintzat hartuta. Gertaera horri teknologia berrien hedapen izugarria, kontsumo ohituren aldaketa eta sexuaren zein beste giza harreman batzuen bestelako ikuspegien inguruko irizpidea gehitu beharko genioke. Aurrekoari ekin behar diogularik, nago gehiago babestu behar ditugula eraso sexistak pairatzen dituztenak, plaza publikoan, sare sozialetan eta gainerakoetan, horren erraz erakutsi beharrean, eta saiatu behar dugula erasotzaileak gaitzespen sozialik handiena jaso dezan, berriz errepika ez dadin, inork pentsa ez dezan halakoak egiteak ondoriorik ez dakarrela.