30 urte beteko dira aurten Latzenek bere lehen diskoa, Kontzientzia ala infernua, argitaratu zuenetik. 2007 eta 2008ko agur biraren ostean –aurretik ere utzitakoak ziren–, 17 urte eman dituzte isilik. Orain beraien heavy, trash eta rockarekin itzuli dira errepideetara, disko berria besapean dutela.
Zuen azken diskoaren izenburua baliatuz, denborak utzi al dizkio orbainik Latzeni?
–Bai, bat baino gehiago. Bizitzan orbainak sortzen dira, handiagoak, txikiagoak, sakonagoak... Batzuk besteak baino hobeto sendatzen dira. Esperientzia hori ere bada, ordea, orbainak batzea aurrera egiteko.
30 urte pasa dira zuen lehen diskoa, ‘Kontzientzia ala infernua’, argitaratu zenutenetik. 17 urte, aldiz, 2007 eta 2008an egin zenuten lehen itzulera hartatik. Zerk eraman zaituzte berriro errepidera?
–Itzulera hura despedida on bat egiteko aitzakia izan zen. Bira horren ostean eta 17 urte pasa eta gero, geratzeko itzuli garela esan genezake. Beraz, argi genuen disko berria, bira eta egin beharreko guztiak egin behar genituela.
Berriro bideari ekiteko itzulera da, beraz.
–Bai. Ez dakigu bizitzak zer ekarriko digun baina intentzioa hori da.
1990. hamarkadan hasi zineten eta dagoeneko pasa dugu XXI. mendearen lehen laurdena. Nola topatu duzue sektorea?
–Gure belaunaldia oso nostalgiko eta gogotsu topatu dugu. Oso jende gaztea ere aurkitu dugu, Latzenen kamiseta jantzita, gure kontzertuetan. Denetarik topatu dugu: Latzenen jarraitzaileak zirenak baina inoiz kontzerturen batera joan ez zirenak, zuzeneko askotara joandakoak, baita orain deskubritu gaituztenak ere. Hori guretzat oso polita da.
Publikoa oraindik ere heavy metalaren egarri da?
–Heavy zaleak ez dira gehiengoa, bai ordea, publiko fidela. Heavya bada piska bat fetitxista.
Euskal Herrian eman dituzuen edo eman behar dituzuen aretoetako kontzertuetako sarrera guztiak agortuta daude. Horrek ere zerbait esan nahiko du.
–Madrilgo kontzerturako bakarrik geratzen dira sarrerak, eta Estatu mailako jaialdietarako ere badira oraindik. Guretzat oso gauza polita da. Kontzertuetan publikoaren berotasuna sumatzen ari gara.
Iaz Hatortxu Rocken itzuli zineten agertokietara.
–Jarraian grabatu genuen diskoa eta urtarrilaren 3an hasi genuen bira. Atarrabin, Bilbon eta Gasteizen jo dugu orain arte eta kontzertu bakoitza mundu bat izan da.
Eta nolakoa izan da, hainbeste urteren ostean, errepidera itzultzearen sentsazioa?
–Fisikoki exijentea da. Niretzako entsegu egun bat ia gimnasiora joatea bezalakoa da. Entsegutik etxera kristo bat eginda itzultzen naiz. Kontzertuek are gehiago behartzen dute. Exigentzia badago. Ez hori bakarrik, hiru disko ditugunez, orain errepertorioa ere luzeagoa da. Urteek eta orbainek ematen duten begirada ere aldatu egiten da, eta garrantzitsuak ez diren gauzei garrantzia kentzen ere ikasten duzu.
Beste proiektu batzuetan ere aritu zara, baina agertokietatik urrun ibili zara azken aldian. Nola izan da zuretzat, pertsonalki, mikrofonoa berriz hartzea?
–Azkeneko urteetan, egia da, dibortzio moduko bat bizi izan dut musikarekin eta beste zeregin askotan ibili naiz. Azken aldian neu musikarekin konektatu naiz berriro, kontzertuetara joanez. Prozesu horretan, gure bateria Gorka Lazkanok animatu ninduen musikara itzultzeko.
‘Denboraren orbainak’ aurreko diskoekiko oso fidela da baina, esango nuke, soinua ere oso ondo eguneratu duzuela.
–Gure buruarekin harrituta geratu gara. Ia 30 urte zeuzkaten abesti batzuk berreskuratu ditugu, disko erdia dira. Beste erdia abesti berriekin osatu dugu. Harrituta gelditu garela diot, gure sorkuntzan nahiko fidelak garela ikusi dugulako. Oso zaila da antzematea zeintzuk diren gaur egun ala iraganean egindakoak.
‘Memento mori’ izan da zuen single-a, zuen aurkezpen gutuna. Ez dakit adinarekin iritsi zareten ideia horretara.
–Heriotzari begiratzeak hobeto bizitzea ekartzen du. Askotan ahaztu egiten dugu hilkorrak garela. Ondo dago, noizbehinka, hilko garela gogoratzen duen mezua zabaltzea, bitartean bizi eta disfrutatzeko asmoak bultzatzeko. Memento vivere.
Hilkorrak gara, baina orokorrean, artistek hilezkorrak diren obrak utzi ohi dituzte atzean.
–Mundu honetan gure ale insignifikantea uzten dugu. Artistak, aportatzen duen zerbait sortzen badu, hor geratuko da. Musika gizakiaren ekarpen izugarri aberatsa da eta zentzu horretan guk ere ekarpenen bat egiterik badugu, zorionekoak izango gara.
Rock balada bat ere badago disko berrian, ‘Heroi direnak’. Halakoei ere ez diezue muzin egiten.
–Ez. Argi geneukan gure diskoa heavya eta gogorra izango zela, gaurko irrati-formuletako standar-en pretentsiorik gabekoa. Gu garenari fidelak izan gara eta horrela atera da. Zintzoak izatea guretzat ona da eta jendeak nabaritzen du.
Nostalgiak asko eragiten duen garaiak ari gara bizitzen. Inoiz baino errepertorio luzeagoa izanda, betiko abestiak eskatzen dira ala berriek ere harrera ona izaten dute zuzenekoetan?
–Pena da gizakion jarrera edo izaera horrelakoa izatea. Gaur egun daukaguna, berritasuna, atzera botatzen dugu, eta aurrekoa hobea balitz bezala hartzen da kontuan. Gero, urteak pasatzen direnean, atzera botatzen zen hura ikaragarria zela ondorioztatzen dugu, aurrekoa baino hobea inkluso... Kontraesan horretan bakoitzak bereari begiratu behar dio, gaur egun kaleratzen dena ere behar bezala baloratzeko, gauza onak, txarrak bezala, badaudelako. Gure kasuan, Denboraren orbainak diskoa oso ondo hartua izan dela uste dut. Kritika onak jaso ditu eta pozik gaude.
Iker Bengoak ekoitzi du diskoa.
–Bai, Silverstar estudioetan beste ukitu bat eman dio diskoari. Soinuan eguneratze bat izan da, grabatze-instrumentuetan garapen handia izan delako. Digitalki samurtasun itzela eskaini daiteke gaur egun. Grabatzeko garaian, old school izan gara: prozesu berdinak...
Nostalgiara itzuliz, kontzertuetan, oraindik ere ‘Laztana’, asko eskatzen dizueten abestia al da?
–Ez dago eskatu beharrik, barneratuta baitaukate Laztana iritsiko dela momenturen batean edo bestean. Baina Laztanarekin gertatu bezala, jendeak beste abesti batzuk ere ondo barneratuta ditu. Eta kontzertuan kantu asko zurekin batera abesten dituztela antzematea oso pozgarria da.
Beste berritasun batekin ere itzuli da Latzen. Yerko Ortiz da zuen gitarrista berria eta belaunaldi gazteagoko musikaria da.
–Bera izan zen froga egin genion lehen gitarrista. Kimika sortu zen berarekin. Gu baino gazteagoa zen baina berak dio besteok baino carcagoa dela (barre egin du). Taldeetan hartu-emanak egoten dira eta gauza guztiak guztion artean adostu eta egiten ditugu.