Futboleko entrenatzaileen patua, ez beti baina bai gehienetan, berdintsua izaten da: arorik disdiratsuena ere gainbehera edo porrot batekin amaitzen da. Lehendakaritzak eta kirol-zuzendaritzak, aldiz, ezkortasun-giroa albait arinen eteteko ahaleginean, ilusioa eragiteko entrenatzailea eta proiektuak aurkeztu behar izaten dituzte.

Imanolek Realean ez jarraitzeko erabakia jakinarazterako hasiak ziren sareetako eta taberna-zuloetako adituak kinielak egiten. Baziren glamour handiagoko aukerak, Xabi Alonsorena bereziki. Jokalari gisa lortu zuen guztia eta Bundesligan erdietsitako sona amu apartak izan zitezkeen egungo izarrei eutsi eta anbizio handiko egitasmo bat abiatzeko. Gainera, Xabi bertakoa da eta ongi ezagutzen ditu Realaren izaera eta funtzionamendua. Jagoba Arrasate ere apustu erakargarria zatekeen. Zinezko realzalea da, taldearen ezagutza handia du, hainbat proiektutan zaildu da eta zaleek estimu berezia diote. Realak, ordea, etxeko teknikari baten aldeko apustua egin du: Sergio Francisco irundarra izango da lehen taldearen entrenatzailea, Realeko jokalari ohia eta Sanse bigarren mailara igo zuena. Beste aukera batzuek baino purpurina gutxiago du, baina hauxe da, nire aburuz, Realaren nortasunarekin ondoen ezkontzen dena. Orain izarren bati bederen eusten saiatu behar, eta fitxaketekin asmatu. Aperribairen mugimendu azkarrak entrenatzaile berriarenganako konfiantza transmititzeko eta zurrumurruak errotik mozteko balio izan du. Aldi berean, erronka gaizki irtengo balitz, bere bizkarra jarri du makilkaden lehen lerroan. Gustatu zait jarrera. 

Imanoli azken helburu bat geratzen zaio: taldea seigarren urtez jarraian Europan sartzea. Lortuko ez balu –errazegi ohitzen gara aparretara–, porrot itxura izango luke oriotarraren irteerak. Bidegabea litzateke. Haren engaiamenduak, realzaletasunak, taldea kudeatzeko trebeziak, zaleekin konektatzeko gaitasunak eta kirol-mailan lortu duen guztiak ez du aitortza eta esker ona besterik merezi. Realarentzat ona baino hobea izan da, eta denborak are gehiago onduko du. Agur eta ohore, Imanol.