Ereintza, 25 urtez euskal erromeria hauspotzen Errenterian
Dantza Taldeak belaunaldien arteko harremanean jarri zuen arreta Erromeria Egunaren 25. edizioan
ErrenteriakoErromeria Egunaren 25. edizioa ospatu zuen larunbatean Ereintza Dantza Taldeak eta inoiz baino jende gehiago bildu zen herriko plazetan dantzan. Izan ere, aurtengo edizioan, Ereintza Dantza Taldeak belaunaldien arteko harremanean jarri zuen arreta, adin ezberdinetako parte-hartzaileak euskal dantza tradizionaleko jardueretan elkartzeko asmoz.
Gainera, urte guzti hauetan Erromeria Egunean parte hartu duten talde, musikari eta dantzariak gonbidatu zituzten. Hortaz, taldeak esker ona adierazi zien 25 edizio hauetan jaiaren arrakastan eta jarraipenean lagundu duten pertsona guztiei.
Bestalde, mende laurdenak merezi duen garrantzia izateko xedearekin, martxotik ekaina bitartean, hilabetero, ekintza berezi bat antolatu dute: Bourreés dantzen ikastaroa, logo berriaren aurkezpena, Mikel Sarriegiren hitzaldia, Aikok sortutako abestiaren aurkezpena...
Formatu "indartsuagoa"
Horiek horrela, antolatutako aurtengo erromeriak formatu “indartsuagoa” izan du, musika eta jolas elementu gehigarriak gehituz, adin talde guztien parte-hartzea hauspotzeko gogoz.
Goizetik dultzaineroak, txistulariak, Zubietako joaldunak eta beste talde batzuk ibili ziren herriko kaleak alaitzen. Ohi bezala, Koldo Mitxelena plazan hamaiketakoa hartu ondoren, eguerdian dantzaldi ibiltaria abitu zen Xabier Olaskoaga plazatik, aurten Aiko taldearen parte-hartzearekin.
Merkatuzarren bazkaldu ondoren, Bixkor txarangaren emanaldia eta txistulari, trikitilari eta dultzaina joleen emanaldia Zumardian izan zen. Jarraian, dantzaldia egon zen Patxi eta Konpainia taldearekin.
Amaitzeko, eta berrikuntza gisa belaunaldiartekotasunean sakontzeko eta larunbatean ere Gazte Eguna ospatzen zela aprobetxatuz, Gabezin taldearekin erromeria antolatu zuten 22.30etik aurrera Agirre Lehendakariaren plazan.
Erromeria Eguna Ereintza Dantza Taldearen jatorrizko ekimena izan da, herri dantzak sustatu eta erromeria giroa sortzeko helburuarekin, euskal dantzak udalerriko espazio publikoetara eramanez. Gaur egun, Errenteriako kultur egutegian hitzordu garrantzitsu bihurtu da.
Mende laurdeneko ibilbidean, aipatutako taldearen ekimen eta antolakuntzari esker, udalerriko plazak euskal dantzaren eta tradizioaren gune bihurtu dira.
Temas
Más en Bertan
-
Arrasate ofrece un programa para acompañar a las familias en la educación emocional y digital de sus hijos e hijas
-
Lazkao alza la voz contra el racismo en el deporte
-
Los alumnos de Primaria de la Ikastola Izarraizpe de Azpeitia ya disfrutan de su renovado patio de juegos en Perdillegi
-
Andoain aprueba un presupuesto que recoge la obra de la ampliación del ‘poli’