Uztailaren 19an Errenterian 25. Erromeria Eguna ospatuko da. Ostegun honetako aurkezpenean, Andoni Goitiak, Ereintza dantza elkarteko lehendakariak, zehaztu zuenez, jaia 1988. urtean abiatu bazuten ere, pandemia dela eta bi urtez ez zen egin, eta aurten mende laurdena beteko du. Edizio borobila izanik, 2025ean helburu berezi bat dute: belaunaldiartekotasuna sustatzea, jende gaztea erakarriz.

Erromeria eguna euskal dantza herriko plazetara eta kaletara eramateko nahiarekin jaio zen eta honi erromeria forma eman ziotela azaldu zuen Goitiak.

Erromeria Eguna antolatzen hasteak euskal dantzen ikastaroen sorrera ekarri zuen eta gaur egun ere ikastaro hauek ugariak direla esan zuen Goitiak. Horiek horrela, jaia “erabat errotuta” dagoela adierazi zuen.

Programa trinkoa

Ereintzako Vanesa Castañok egunaren egitaraua aurkeztu zuen. Zerbait berezia antolatu nahi zutela esan zuen, baina ikusirik egun horretako programa trinkoa dela, aurreko hilabeteetan ekitaldi bereziak prestatzea erabaki zuten giroa pizten joan zedin. Azkeneko ekitaldi berezia joan den asteburuan burutu zen: Xabin Bikandik eta Aiko taldeak sortutako abestia eta dan-tzaren aurkezpena.

Kalejira amaitzen dugunean, Zumardian Zumardian kanta (horrela du izenburua lan berriak) denok batera dantzatuko dugu".

Castañok, aurten belaunaldi ezberdinak plazan ikusteko ahalegin berezia egin dutela aipatu zuen. Horretarako Bixkor txaranga gaztearen eta urte hauetan Erromeria Egunean parte hartu duten taldeen laguntza izango dute,

Gazte Egunarekin bat

Bestalde, aurten Erromeria Eguna Gazte Egunarekin bat egingo du. Ander Aguilera kideak aitortu zuenez, hasieran aldiberekotasun horrek beldur apur bat eragin zien, baina gero jende gaztea erakartzeko aukera izan zitekeela ohartu ziren. “Gazte asanbladarekin harremanetan jarri ginen eta Gazte Egunean parte hartuko dutenak gonbidatu ditugu Erromeria Eguneko ekitaldietan parte hartzera, eta horren truke, gaueko erromeria antolatzeko aukera izan dugu, Gabezin erromeria (22.30etik aurrera Lehendakari Agirre plazan)”.

25. urteurrenarako jende gehiago gonbidatu dute, baina ohiko egitaraua jarraituko du. Beraz, Euskal Parrillaren eskutik, herri bazkaria izango da, baseriko pilaskoa eta txerri saiheskiekin, besteak beste. Menu begetarianoa ere izango da aukeran.

Bazkaria

Herri bazkarirako txartelak, uztailaren 3tik aurrera izango dira salgai Arkaitza taberna eta Paki belar dendan eskura daitezke, baita esku orri eta karteletan dagoen QR kode bidez ere. Helduek 20 euro ordaindu beharko dituzte eta haurrek 10 euro.

Maite Gartziak, Kultura zinegotziak, 25 edo 27 urte hauen atzean dagoen lan ikaragarria nabarmendu zuen. “Oso harro gaude ekitaldi honekin, eta ikusten dugu herritarrei asko gustatzen zaiela egun hau.

Gartziak ere Gazte Asanbladarekin egin duten elkarlana goraipatu zuen: “Sortu duzuen sare komunitario hori oso garrantzitsua da ere, alde horretatik beraz, zorionak eta eskerrik asko”.

Madalenen hasiera baino bi egun lehenago iritsiko da Erromeria Eguna. Dena prest dute eta eguraldi ona egitea besterik ez dela gelditzen esan zuten.