Joxemari Mitxelena Axeiak jasoko du ostiral arratsaldean Oiartzungo X. Kirol Saria. 50 urtez herrian pilota erakusteko, txapelketak antolatzeko eta afizioa sustatzeko egindako lana eskertu nahi izan dute. Udalak, herriko kirol klubek eta oiartzuarrek Landetxe kultur aretoan 18.00etan egingo dioten omenaldian jasoko du oroigarria.
UKABek, herriko kirol elkarteetako ordezkariak eta Udala biltzen dituen Kirol Aholku Batzordeak, azpimarratu duenez, pilotari moduan lehenbizi eta entrenatzaile eta epaile bezala ondoren, bere ibilbide luzean kirol honi emandako guztia nabarmendu nahi izan du. 37 proposamen ezberdin jaso dira aurten eta hautagai guztien artean aukeratu dute Mitxelena saritzea.
Bizitza osoa pilotari lotua
Izan ere, bizitza guztia pilotari eman dio. Pilotaren bueltan alor ezberdinetan ibili da beti Mitxelena. Pilotari bezala zenbait urtetan Gipuzkoako txapeldun izan zen, baita ezker paretan eta trinketean ere.
Oiartzunen sortu diren pilota talde ezberdinetan ibili da: Lartaunen lehenengo (1974tik 1992ra), Oiarpen ondoren (2004tik 2010era) eta Txosten azkenik, 2010etik aurrera.
Entrenatzaile lanetan aritzeaz gain, hautatzaile bezala Pilotako Euskal Selekzioarekin hainbat lorpen ditu. Besteak beste, 2017an Kolonbian jokatutako munduko txapelketan txapeldun izan zen neskekin eta 2023an Alziran jokatutako munduko txapelketan txapeldun neskekin eta bigarren mutilekin.
Euskal Herriko eta Gipuzkoako txapelketak antolatzen aritu da urtetan zehar. Epaile lanetan ere ibiltzen da urtero 80 partidu baino gehiagotan. Azken urteetan, Txostekin joko zuzenak berreskuratzen aritu da. Gaur egun, Euskadiko Euskal Pilota Federazioko presidentea da eta Oiartzungo izena hamaika txokotara zabaldu du.
“Bere pilotaren inguruko jakintza herriarekin elkarbanatu nahi izan du beti liburuak idatziz zein telebista programetan. Oiartzun herria eta pilotaren sustapena lau haizetara zabaldu ditu eta bere hitzetan Euskal Herriko plazarik onena Oiartzungo Beheko Plaza da”, gogorazi dute.
Kirol Astearen baitan
Kirol Sariaren ekitaldia, aste honetan burututako Kirol Astearen baitan antolatzen da. Urriaren 25etik 31ra 12 ekintza prestatu dituzte adin eta interes desberdinei zuzenduta.
Sei egunetarako egitarau oparoa osatu dute, helburu nagusia bizi osasuntsurako jarduera fisikoak duen garrantziaz jabetzea izan delarik. Elikadura egokiak eta aisiak honetan guztian duen garrantzia ere erakutsi dute.
Tarte berezia eskaini zaie adinekoei, eta haiei zuzendutako indar entrenamendu saioa antolatu da. Helburuen artean, sarkopenia (muskulu masaren eta indarraren galera) saihestea, mugikortasuna hobetzea eta artikulazioetako minak murriztea izan dira.
Saio horiez gain, adin-tarte, egoera fisiko eta zaletasun guztietarako ekintzak antolatu dituzte, denontzako aukerak ikusarazteko. Besteak beste, pala eta futbol egokitua jokatzeko eta ikusteko aukera izan da eta etxeko txikiak gimnasia familian egiteko aukera izan dute.
Ohi bezala, Kirol Sariaren banaketak itxiko du aurtengo Kirol Astea, ostiral arratsaldean Landetxeko kultur aretoan 18.00etan. Aurretik, goizean, Nordic Walking saioa izango da 11.00etatik 12.00etara Elorsoro kiroldegian Abittu taldeak antolatuta.