Remigio Mendiburu eskultoreari omenaldi bat bezala definitzen du Iñaki Martiarena Otxotorena Mattin marrazkilariak Ixabel Agirresarobe Arzallus ipuin-kontalariarekin batera plazaratu berri duen Txulotik liburua. Agirresaroberen hitzak eta Mattinen marrazkiekin osatu da obra hau.
Juan Jose Alkain Udarregi bertsolariaren omenez Remigio Mendiburuk egindako Usurbilgo eskultura du ardatz nagusia kontakizunak.
Liburuak kontatzen duenez bere 36 orrialdeetan, Remigio Mendiburu eskulturagileak artelan bat egiteko proposamena jasotzen du: Udarregi bertsolariaren omenezko eskultura bat egin behar du. Orduan, artista sormen prozesuan murgiltzen da, bete-betean. “Prozesu horretan, Udarregirekin elkarrizketa izango du. Bertsolaria ezagutuko du: bere tristurak, pozak, nekeak, etab”, azaldu zuten aste honetan Usurbilen egindako aurkezpenean.
Agirresarobek aditzera eman zuenez, Remigio Mendiburuk egindako monolitoan bertsolariaren idazkera agertzen da eta horrek atentzioa deitu zionez, horren inguruan liburu bat idatzi behar zuela pentsatu zuen: “Usurbildarra naiz. Monolitoari begira pasa dut eguna joan eta eguna etorri. Umetan begiratzen nion. Tarteka pasatzen nintzen eta jolasten nuen, begiratzen nion. Gerora hor bazela zerbait sumatu nuen”.
Mattini bere bururapena azaldu zion eta “orduan bota zidan Remigio Mendibururen eskulturarekin bat egitearen ideia. Hortik uztartuta, Txulotik atera zaigu”, gaineratu zuen.
Harria Hitz Usurbilgo ondarea ezagutzeko egiten den ibilbide gidatuaren baitan, Udarregi 1829an jaio zela aipatzen da, Uztaetaburu baserrian, Aian; gerora Usurbilen bizi izan zen. Bertsolari trebea zen, baina eskolara inoiz joan ez zenez letragabea zen. Horregatik, sortzen zituen bertsoak gogoratzeko, teknika bat sortu zuen.
Teknika hau berak bakarrik uler-tzen zuen marraz egindako kodea zen. Eskulturan Udarregiren idatzietako bat dago. Idatzi hau Artikulaaundi baserriaren horman mantentzen da.
Txulotik liburuaren sortzaileek azaldu zutenez, bi helburu nagusi ditu liburu honek. Batetik, ondare materiala eta ez materiala ezagutarazi eta transmititzea: “Belaunaldi berriek gure bi artista hauek eta euren jardun aparta ezagutu dezaten nahi dugu: izan ere, testuinguru zailean aritu ziren biak ala biak”. Bestetik, ahozko herri literatura hi-tzez eta irudiz hornitu nahi izan dute.
Gogorazi zutenez, sormen prozesua hitzetik abiatu bazen ere, irudiak hartu zuen garrantzia ondoren. Kolore paleta ausarta eta marra lodiak dira nagusi Mattinen irudietan, aurrera egiteko grinaren eta barruko indarra askatzearen erakusle: Agirresaroberen hitzen freskurarekin, irakurleak aise jarraitu ahal izango du bien artean osatutako kontakizuna. “Zuloaren bestaldean zer ote dagoen kuxkuxeatzera gonbidatzen dugu irakurlea”, bota zuten erronka.
Agirresarobek eta Mattinek urteak daramatzate elkarrekin lan egiten, bakoitzaren dohainak uztartuz zuzeneko kontakizunetan. Azken urteetan, gainera, euskarri fisikoetara jauzia egin dute, Amona Tomaxaren joan-etorriak argitaratuz, eta esperientzia hori baliatu dute, orain, Udarregi eta Mendiburu elkartzeko.
Bi egileek parte hartu zuten liburuaren aurkezpenean, eta esker oneko hitzak izan zituzten Usurbilgo Udalarentzat zein Denonartean argitaletxearentzat.
Sortze prozesuan “produktu atsegina eta erakargarria” egiten saiatu direla esan zuen Mattinek. “Editoreak ere edizio lan garrantzitsua egin du. Begi onez ikusi zuen egitasmoa, planteamendua ere asko gustatu zitzaion”, gaineratu zuen .
Udalaren aldetik, Agurtzane Solaberrieta Mesa alkateak parte hartu zuen aurkezpenean eta Agirresarobek eta Mattinek egindako “lan ederra” nabarmendu zuen. Solaberrietaren ustez, gainera, liburua Usurbilgo ondarearen transmisiorako ere baliagarria izango da: “Dudarik gabe, gure ondarea Usurbildik kanpo zabaldu eta ezagutarazteko tresna bikaina izango da: Udarregi bertsolaria, bere omenez Mendiburuk egindako eskultura eta, bide batez, baita Mendiburu bera ere”.
Azaldu zuenez, horixe da, halaber, 650 Usurbil Bizi proiektuaren oinarrietako bat ere: “Gure herriaren baloreak eta identitatea bultzatzea da proiektu horren helburuetako bat”.
Hausnarketa prozesu baten emai-tza izan zen sormenerako laguntza lerro bat martxan jartzea. “Herria txikia izanagatik sormena badela ikusten genuen eta sustatu beharra zegoela, Udalak kultur sortzaileen bidelagun izan behar zuela, azkenean, sormenaz gain tokiko ekonomia sustatzen duelako”, gogorazi zuen alkateak. Aurtengo Kultur Sormenerako Beka, hain justu, Txulotik liburuak irabazi du. Deialdira lau lan aurkeztu ziren guztira, Txulotikekin batera Agirresaroberen Usurbil borobil errioan dabil ipuina izan zen horietako beste lan bat.
Aurkezpenaren egun berean, LH5eko haurrentzako emanaldia egin zuten, Sutegin. Bertan Agirresarobek ahozkotasuna goraipatu zuen eta gaztetxoei, era berean, ahoz kontatutako hori idatziz jasotzeak duen garrantziaz mintzatu zitzaien: “Ahoz esaten denak garrantzia gehiago du, baina gizartean idatzitakoak garrantzia gehiago hartzen du. Niri gertatu zait; 30 urte paseak ahozkotasunean lanean burubelarri, eta askok aintzakotzat hartu ez. Duela pare bat urte hasi nintzen liburuak argitaratzen eta bat-batean jendearen zorionak jaso nituen”.