Hernani: Bakailao Astearen hamaikagarren edizioa ospatuko da
Udalerriko merkataritza jarduera, gastronomia eta kultura dinamizatzeko helburuarekin, Hernaniko Udalak eta Berriak Hernaniko merkatari eta ostalarien elkarteak Bakailao Astearen hamaikagarren edizioa antolatu dute. Ohi bezala, ekimen garrantzitsuena bihartik urriaren 20ra burutuko den Hernaniko tabernen arteko pintxo lehiaketa da.
Aurten 27 establezimenduk bakailaoa osagai nagusia duten pintxo bereziak prestatu dituzte eta bi euroko prezioan salduko dituzte. Herritarrek, dastatu eta gustukoena bozkatzeko aukera izango dute, tabernetan bertan edota, aurten lehenengoz, mugikor bidez. Horretarako, karteletan dagoen QR kodigoa eskaneatu behar da.
Tabernetan, pintxo guztiak jaso-tzen dituen liburuxka egongo da eta bertan bozkatzeko kontutan izan behar diren gakoak aurkitzen dira: zaporea, itxura eta zailtasuna.
Txapelketa herrikoiaz gain, iaz bezala, epaimahai profesional batek ere sarituko du pintxorik onena. Eider Mendiola (Iturralde jatetxea), Aritz Ansola (Sansonategi jatetxea), Pili Lujanbio (Onddi taberna) eta Xabat Erroizenea (Kroketxea) izan dira aurtengo epaimahaikideak. Euren dastaketa joan den ostegunean egin zuten eta dagoeneko aukeratu dute onena. Emaitza gutun-azal batean sartu dute, udaletxean jasota dago, eta hau ez da irekiko ekimenaren azkeneko egunera arte
Epaimahaiaren saria eta herritarrek emandako botoekin saritutako hirurak urriaren 22an jakinaraziko dira kalejira baten bidez.
Horrez gain, Bakailao Astearen baitan, bakailaoaren inguruko menu bereziak emango dituzte zenbait jatetxek: Errioguardaenea, Iturralde, Latxunbe, Tripontzi eta Zinkoenea (menuak ezagutzeko eta erreserbak egiteko, jatetxeetan edo Hernani Turismoaren sare sozialetan).
Bakailao Asteak irauten duen bitartean, joko bat ere izango da: herriko hiru komertziotan Pil-pil maskota, topatzen duenak saria jasoko du.
Era berean, maskotarekin kalean argazkia atera eta 676 194 803 telefonora bidaltzen duenak produktu sorta baten zozketan parte hartuko du.