Urola Garaia: makina bat ekitaldi M8rako
Emakumeen Nazioarteko Eguna ospatzeko Urola Garaian makina bat ekitaldi antolatu dute. Legazpiri dagokionez, Domingo Agirre ikastetxeko ikasleek izarren pasealekua egingo dute 11.00etan Euskal Herria plazan, gizarteari ekarpena egin dioten emakumeekin. 15.30ean kalejira egingo dute Laubiden. 18.20ean nerabeen zerbitzuan egindako txapak banatuko dituzte, Kale Naguisan. Bukatzeko, karropoteo feminista egingo dute. 18.30ean abiatuko dira Kale Nagusitik. Ekitaldi hau Legazpiko Asanblada Feministak antolatu du.
Ezkio-Itsason bi ekitaldi antolatu dituzte. 19.00etan Elbira Zipitriari buruzko dokumentala emango dute udaletxeko aretoan eta ondoren afari merienda egingo dute Anduaga elkartean.
Urretxun eta Zumarragan ere hainbat ekitaldi antolatu dituzte. 13.00etan Gure Txoko jubilatuen elkarteko Ondare taldeak dantza saioa egingo du Zumarragako plazan. 18.00etan Gure Txoko jubilatuen elkarteko Irri Makila taldeak antzerki saioa egingo du Zelai Arizti aretoan. Bukatzeko, 19.00etan manifestazioa egingo dute. Areizaga-Kalebarren plazatik abiatuko dira. Manifestazioa Urola Garaiko Koordinadora Feministak deitu du.
Gainera, hurrengo egunetan hainbat emanaldi egongo dira: Ainarak dokumentala (etzi 20.00etan Legazpiko Latxartegi aretoan), Elbira Zipitriari buruzko dokumentala (bihar 19.00etan Urretxuko Labeaga aretoan), Fadia’s tree dokumentala (bihar 20.30ean Zumarragako Zelai Arizti aretoan) eta Cerdita pelikula (etzi 20.30ean Zelai Arizti aretoan).