Mirandesen aurka Anduvan jokatuko duten partidaren bezperan adierazi zuenez Gaizka Garitano Eibarko entrenatzaileak, une honetan “denboraldiko sasoirik onenean” dagoen taldea izango omen dute aurkari armaginek. Mirandesek “talentu handiko” jokalari gazteak ditu, “denboraldiarekin batera hazten ari direnak. Gainera, Joseba Etxeberriak ondo kokatzen ditu, bai banaka, bai taldearen fun-tzionamendurako ere”, adierazi zuen. Gogora ekarri zuen, Burgoseko taldeak azken bederatzi partidetatik zazpi irabazi dituela Anduvan, bat berdindu eta beste bakar bat galdu. Entrenatzaile bizkaitarrak azpimarratu duenez, Mirandesek “kalitate handiko” jokalariak ditu, “abiadura handikoak; area kanpotik jaurtiketa onak egiteko gauza direnak, eta barrutik ere mina egiteko gauza direnak. Teknika handiko jokalariak ditu, batzuk Lehen Mailan jarduteko modukoak”. Bere esanetan, etxetik kanpo jokatutako azken partidetan Eibarrek defentsan txukun jardun du, baina horri “erasokorragoak” izatea gehitu beharko omen liokete, aurrera “gehiago iristea” eta “erasorako grina handiagoa” erakustea.

“Taldea sendo dago eta ondo joka tzen ari da, baina ez dut oso kontuan hartzen zer egin den, aurrerantzean zer egin behar dugun baizik. Gosea izaten jarraitu behar dugu eta orain arte egindakoa ahaztu. Anduvan irabazi egin behar dugu”, aldarrikatu zuen Garitanok. Raul Garcia golegile nagusiarekin “oso erne” egon beharko dutela adierazi zuen armaginen entrenatzaileak, bigarren mailako pitxitxiaren sailkapenean bigarren postuan dagoelako. Sailkapenaren buruan egotea aurkarientzat pizgarria dela adierazi du Garitanok, eta armaginak mendean hartzeko asmoz “jo eta su” zelairatuko direla. “Baina guk ere sutsuki jokatzen ditugu partida guztiak. Orain hor goian gaudenez, ahalegin guztiak egingo ditugu lidergoa defendatzeko”.