Urtebetetzeak modu askotara ospatu daitezke, eta Nøgenek etxe-aldaketa baten inguruan egin du festa. Kursaalean antolatutako jaian, etxetik kalerako bidea egin dute: hamar urte ez dira alferrik pasa, eta errepidera doaz. Azken egunotan sareetan erakutsi duten auto-stopa ongi badoa, behintzat.
Sarrerarik gabe utzi duten Kursaaleko oihal gorri itxiaren aurrean, atea topatu dute ikusleek kontzertua hastear. Ateak badu gonbidapenetik zerbait. Markel Idigorasek (ukelele, gitar eta ahotsa) luzatu du: Kursaal antzokia izan arren, aukera zuen publikoak txalo egin, abestu, eta zutitzeko. Ia erregua. Ez da ondo aterako eta Glastonbury abestietan erantzun hotza jaso arren, Enarak hastearekin batera kubo handiko harmailetan, albokoetan batez ere, jendea zutik jarri da.
Arratsaldea abiada hartzen zegoenean, eszenatoki albora eramandako atetik Antton Telleria (batzuetan Jokin Guilisagasti bateria jotzailea ordezkatu izan duena) eta Nacho Mur gitarjolea (La M.O.DA.) sartu dira. Etxerik ez badago eta Kantu zahar bat abestietan lagundu dute, publikoa eserlekuetan gozo zegoela. Gabonetako ajeen ondorioz, nekatuta edo, baina taula gainean gertatzear ziren sinboloei adi.
Fase berria
Nøgenek iragarria zuen Kursaaleko hitzordua fase baten itxiera eta beste baten hasiera izango zela. Eta hortxe irudikatu dute euskal kulturako hainbat artistek, etxe-aldaira enpresa bateko langilez jantzita zirela: alfonbrak, kutxak, etabar eraman dituzte. Agur etxeari. Jokin Pinatxok (Janus Lester) zuzendu duen koroak Ane Negueruela bakarlari sendoa lagundu du Gelditu dena abestian.
Momentua luzatu eta luzatu egin dute, Idigoras, Gilisagasti, Alex Irazusta gitarra eta Olatz Cuevas baxua eszenatokitik atera eta Kursaal erdian agertzeko astia emateko asmoz. Behin ekaitza pasata, Galdu duenari: “Ondo egongo naiz, baina agian bihar”.
Etorkizunera begirada horretan egon da aldaketa: oihal gorria berriz ireki denerako, etxea kalea bihurtu da, autobus geltokia. Auskalo errepidearen erdian oreinik topatu duten, baina Orein abestiaz gain (adi Negueruelak goiko anfiteatroraino, auskalo jendea esnatzeko edo, egin duen lasterketari), Erori Arte, Abendua (Mur berriz ere agertu da, “nuestro español favorito”, Idigorasen hitz txantxagarrietan), Gertu eta Urari eskaini dituzte, bi momentu berezitarako tartea gordez.
Bizitzako soinu bandak
Konplexurik gabeko taldea dela aspaldi erakutsi zuten donostiarrek, eta euren ibilbidea aurrera eramateko beharrezko teknikariak eta taldea eskertu dute Amaralen Marta, Sebas, Guille y los demás abestiaren letra egokituz. Euren belaunaldiak pairatzen dituen lan kaskarrak, bakardadeak, eta hamaika arazoei letra jarri zien soinu banda, Ken Zazpiren Haizea ekarriz. Hamar urte atzera begira, Negueruelak aitortu duen moduan, bazegoen bertan egon nahiko zuena eta iritsi ez dena. Horiek guztiak gogoan, Oxigenoa eskaini die.
Kontzertu amaiera elektriko horretan, Keari, Itzuli neri, Zeri begira hartu nahi duzu lo? (ikusleak berriz zutik!), eta Maleta kabitu dira, sentimenduen askatasun hori ospatuz, publikoak beti eskatzen dituen hit ezagunen gose hori asetuz. Hogei abestitik gora hamar urte hauetan taldeak argitaratu dituen lanetatik (Lys, Liv til døden, Under Alt, Åben Cirkel, eta Galdu baino lehen) setlist zabala borobiltzeko.
Eskertzeko eguna
Irazustak aitortuta Idigorasen antitesia izan daitekeela (yin eta yang balira, eszenatokiko albo bakoitzean daude), arratsaldea jada gau zeean bigarren blokeraino salto egin eta lagun izan dituzten artista guztiak berriz ere taulara eraman ditu. Nora abestea falta zen, autobus geltokian taldeak egingo duen bira iragartzen duen kartela eskegita zegoen.
Urtebetetzeak modu askotara ospatu daitezke, baina askotan, jaia hurbilekoekin ospatzea da hoberena. Nøgenek hori nahi zuen, hurbilekoekin konektatuz, eta beste behin taldea den horri leial izan eta gero ("5 lagun, kanta batzuk"), jaitsi dira Kursaaleko eszenatokitik. Trasteak jasota, iragan jatorrera itzuli etorkizuna ibiltzeko, badute non aritu: Madrilen joko dute martxoaren 14ean, eta bost egun beranduago, Bilbon. Uda aldera, Aranda de Duero eta Itero de la Vegan ospatuko dituzten jaialdietan arituko dira, udazken aldean Euskal Herrira itzuli aurretik: Azpeitian urriaren 31ean eta Iruñeako Gayarren azaroaren 13an.
Hala ere, misterioa ez da hor amaituko: gutxienez beste hiru data gehiago egongo dira. Uztailaren 25 eta abuztuaren 1ean, jakin gabeko lekuetan. Eta azaroan, data eta lekurik gabeko hitzordua.