- Mubil, Gipuzkoako Mugikortasun Adimentsu eta Iraunkorraren Zentroak hilabete honetan beteko du bere lehen urteurrena, eta ez nolanahi gainera, “erreferentziazko agente bilakatu baita Euskadin, mugikortasun berriaren inguruan”, Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiak aipatu duenez.

Urtebete honetan, 50 bat enpresarekin lankidetzan aritu da Mubil, eta aurrerantzean sare hori handitzeko asmoa du.

Markel Olanok bilera izan du Gipuzkoako Foru Aldundiaren apustu estrategikoaren parte den zentro horretako Ane Insausti zuzendariarekin, eta bertatik bertara egiaztatu ahal izan du Mubilek lehen urtean izan duen bilakaera, Tolosako Usabal industrialdean duen behin-behineko egoitza fisikoan. Ahaldun nagusiaren iritziz, etapa hau “benetan emankorra” izan da, egitasmoa nabarmen sendotuz.

Foru erakundeak gogora ekarri du, Cidetekek kudeatzen duen energia biltegiratzeko laborategi oso aurreratua duela Mubilek, “Europa mailan punta-puntako ekipamenduarekin hornitua”; dagoeneko hamalau enpresak erabili omen dute, eta horietako ba-tzuk nazioartetik etorritakoak. Gainera, beste hiruk ere, instalazioak erabiltzeko konpromisoa hartu omen dute, eta 20 inguruk, berriz, interesa adierazi.

Zortzi profesionalek osatzen duten Mubileko taldearen lanak ere oso erantzun positiboa jaso du, Gipuzkoako enpresetako 40 arduradunetik gora izan baitira bertan antolatutako lan-saioetan.

Bilera horien helburua eragileen arteko lankidetza sustatzea da, mugikortasun elektrikoaren inguruan, konektatuan, partekatuan zein autonomoan; proposamenen kalitatea bultzatzea, eta arlo horretako industria mugikortasun berrirantz bideratzea.

Gure lurraldea mugikortasun berriaren lidergoan mantentzeko Mubilek zabaldu duen beste ildo bat, sektore hori elikatuko duten ideia ekintzaileak sustatzea da. Foru Aldunditik nabarmendu dutenez, helburu horrekin sortutako Mubil Mobility Awards sarien lehen edizioa ere ospatu da, Ecomagnet eta Wattson startupak saritu zituztelarik, eta deialdia urtero egiteko asmoa azaldu zuten.

Markel Olanok “oso balantze positiboa” egin du, eta zentro hori Donostiako Eskusaitzeta industrialdean izango duen behin betiko egoitzara aldatzeko egindako aurrerapenak ere aipatu ditu.

Kokapen berrian azalera handiagoa izango denez, mugikortasun iraunkorraren inguruan polo berritzaile bat sortzea ahalbidetuko da, bertan, Mubilez gain, elektromugikortasunean punta-puntako enpresak errotzea espero delarik.

Eta horrekin jarraituz azpimarratu zuen Gipuzkoako ahaldun nagusiak, Foru Aldundiak 8,2 milioi eurotan erosi diola lursaila Donostiako Udalari, eta beste bost milioiko partida ere onartu dutela, Donostiako egoitza.