GAZTENEK

Baserritik bizitzea posible da

24.10.2021 | 01:28
Gazte bat negutegian lanean. Argazkia: Unsplash

Gaztenek programari esker gipuzkoako 254 gazteek lehen sektorean enpresa-proiektuak abiatzea erabaki dute

Gazteak lehen sektorera erakartzeko asmoz sortu zen 2005. urtean Gaztenek programa eta ekimena abiarazi zenetik 254 izan dira baserritik bizitzeko apustua egin duten gipuzkoarrak. Gipuzkoako Foru Aldundiak Eusko Jaurlaritzarekin batera bultzatzen duen programak 70.000 euro arteko diru-laguntzak eskaintzen ditu eta baita sektorean aditu direnen teknikarien aholkularitza bost urtez jasotzeko aukera.

Nekazaritzari lotutako enpresa proiektuak martxan jar-tzeko asmoa duten 18 eta 40 urte arteko gazteei dago zuzendua Gaztenek, sektorean belaunaldi-erreleboa bermatzeko helburuarekin. Proiektua bideragarria den aztertu ondoren, programaren onuradunek bost urteko epea izango dute instalatzeko. Lehenengo urteetako gastuei aurre egiteko, alegia, enpresak etekinak eman bitartean sortzen diren gastuei aurre egiteko, programak 20.000 eta 70.000 euro arteko laguntza emango dio, beka baten modura.

Programan izena emateko Gipuzkoako Eskualdeko Nekazaritza Bulegoetara (ENB) jo behar da, Azpeitia, Bergara, Elgoibar, Hernani, Ordizia, Tolosa edo Zarautzen dauden bulegoetan, hain zuzen. Informazio gehiago, www.gipuzkoa.eus/gaztenek webgunean.

Xabier Arruti, Gipuzkoako Foru Aldundiko Nekazaritzako eta Lurralde Orekako Zuzendaria


"Ondo prestatzea ezinbestekoa iruditzen zait baserritik bizitzeko" 

Gipuzkoako Foru Aldundia ahalegin handia egiten ari da gazteak lehen sektorera ekartzeko. Ahalegin horren isla da Gaztenek programa, Eusko Jaurlaritzaren eta Aldundia beraren ekimena.

Zertan laguntzen dio Gaztenek programak baserritik bizitzeko apustua egin nahi duen gazteari?

–Amets edo nahi batekin gerturatzen dira eta lehenengo pausoa da bideragarria den frogatzea. Ondoren, bost urtetako programaren bidez, laguntza jasoko du proiektua gauzatu ahal izateko. Proiektuak martxa hartu arte sortzen diren gastuei aurre egiten ere laguntzen zaie diru-laguntza bidez.

Baserriko bizimodua gertutik ezagutzen duzun aldetik, zer esango zenioke jauzi hori egin nahi dutenei?

–Asko ikasteko esango nieke. Ezinbestekoa da oinarrizko prestakuntza bat jasotzea eta egin nahi duen horretan espezializatzea, baita enpresa eta ekintzailetza arloan prestatzea. Baserrian lan egiten duenak, gainera, naturari bere ekarpena egiten dio; ez dago gauza politagorik, baina horretarako asko ikasi beharra dago. Mundua aldakorra da eta horri aurre egiteko gaitasuna landu beharra dago.

Ainhoa Artola, abeltzaina

"Proiektuaren fase guztietan lagundu dit Gaztenek programak"

Ainhoa Artola amezketarrak basa-txerriekin egiten du lan. Hiru urte daramatza bere enpresa-proiektuarekin eta Gaztenek programak fase guztietan lagundu diola azaldu du.

Zer dela eta erabaki zenuen baserritik bizitzearen aldeko apustua egitea?

–Bestelako lanetan ibili ondoren, animaliekin lan egin nahi nuela argi nuen. Kaleko lanak ez ninduen betetzen eta animaliekin lan egitea, berriz, betidanik izan dut gogoko.

Baserriko bizimodutik zer da gehien gustatzen zaizuna?

–Lana niretzat egiten dudala, nagusirik izan gabe, eta naturan eta animaliekin lan egitea ahalbidetzen didala.

Gaztenek programa 18 eta 40 urte arteko gazteei dago zuzendua. Zertan lagundu dizu programak?

–26 urte nituela izan nuen programaren berri eta urtebete beranduago ekin nion proiektua egiteari. Proiektua diseinatu, aurrekontuak egin, baimenak eskatu, eta abar. Proiektuaren fase guztietan lagundu dit.

Nola dago zure proiektua une honetan?

 

–Proiektua bideragarria den justifikatzeko prozesuan gaude orain. Horretan ezinbestekoa izaten ari da Saioa Zabaleta nire monitorearen laguntza, zeinarekin oraindik ere oso harreman estua dudan.

Imanol Arrieta, Gaztenek programako teknikaria

"Egitasmoaren bideragarritasuna izan ohi da gazteen kezka nagusia" 

Proiektu berri bati ekiten diogunean, dirua bezain garrantzitsua da adituren baten aholkuak jasotzea. Izan ere, hastapenak gogorrak dira beti. Imanol Arrieta Abelur kooperatibako teknikaria da eta Gaztenek programako hainbat gazteri lagundu die euren nekazal-proiektuak martxan jartzen.

Zein izan ohi da gazteen kezka nagusia?

–Proiektuaren bideragarritasuna da kezka gehien sor-tzen diena, alegia, errentagarritasuna, batez ere inbertsio handiak tartean daudenean.

Nola laguntzen diozue?

–Proiektua teknikoki eta ekonomikoki aztertzen lagun-tzen diegu. Geroago datozen pausoetan ere laguntzen diegu, adibidez, bankuekin finantzazioa negoziatzen, izan ere, proiektua bideragarria dela justifikatu behar da. Enpresa sortzeko formulen inguruan ere aholkatzen diegu, kontratuak prestatzen, Ogasunarekin tramiteak egiten, eta abar.

Zein motako ustialekuak dira ohikoenak?

–Gehienak ustialeku tradizionalak dira, abeltzaintzakoak edo nekazaritzakoak. Badaude beste egitasmo berriagoak, erlezaintzakoak edo eperrenak.

noticias de noticiasdegipuzkoa