Hilean behin, gutxienez, agertzen da hedabideetan erretiratuen edo pentsiodunen aurkako zerbait: halako fundazio batek pentsioen etorkizun beltza gogoratzen digu, ez dakit nongo unibertsitateko “ikerketa” talde batek ehun urte barruko demografiaz txostena ateratzen du, ekonomialari andana batek oraingo pentsio sistema bideraezina dela errepikatzen du eta abar; oraingo honetan kazetari edo idazle batek liburu bat idatzi du non esaten baita pentsiodunek eta erretiratuek kristoren bizimodua (“una vida cañón”) daramatela duten erretiro-pentsioei esker. Badirudi, egilearen arabera, erretiratuak festaz festa bizi direla, parrandaz parranda, jatetxe garestietan eta bidaia are garestiagoetan, lehen etxebizitzatik bigarrenera eta buelta. Liburuan ez dago datu zehatzik, nola ez, “inpresioak” eta “sentsazioak” baizik, elkarrizketa askorekin eta oso tonu dibertigarrian. Liburuan, nola ez, belaunaldien arteko arrakala azpimarratzen da behin eta berriro. Tesia argia da: zaharrak ondo bizi dira gazteak gaizki bizi direlako. Ezer berririk ez, pentsiodunak, erretiratuak, zaharrak errudunak dira.

Alferrik izan dira liburua dela-eta datu zehatzekin argitaratu diren artikuluak (nola luzatzen ari den erretiroa hartzeko epea, adibidez, edo zenbat pentsiodunek kobratzen duten gutxieneko pentsioa edo zenbatekoa den gutxieneko pentsio hori argi eta garbi zehazten dutenak). Gure garai zoro honetan datu zehatzek ez dute zereginik inpresio edo sentsazioen aurrean. Azken finean, fundazio, ekonomialari, kazetari eta idazle horien guztien helburua, eta atzean dituzten botereena, zera da: jendearen artean “sentsazio” zehatz bat sortzea, zaharrak ongiegi bizi direla, etor daitezkeen, eta etorriko diren, murrizketak, izozketak eta pribatizazioak erraz irentsi ahal izateko. Pentsiodunak barruko etsai egokia izan daitezke kapitalismoan bizi ditugun benetako arazoak (soldata txikiak, lan baldintza gogorrak, garestitze orokorra) estaltzeko. 

Tamalez, pobre batzuk beste pobre batzuen kontra jartzeak onurak ekarri dizkio beti gure sistema santuari.