Patxi Etxeberria Zubiria bertsolari oriotarra hil da bart gauean (1930-2025). Bertsolari afizioz, arrain-saltzaile ofizioz, Lasarte-Oriara bidea egina zuen 1955ean Etxeberriak, eta bertan bizi izan zen orduz geroztik bere emazte Inaxi Etxeberriarekin eta beraien hiru semeekin batera.
Nor zen Etxeberria?
Ortzaika auzokoa jatorriz, Errezabal Txiki baserrian jaio zen Etxeberria, 1930eko urriaren 14ean, etxeko zortzi senideetatik bosgarren. "Sortzetik bertsozale" zela zioen oriotarrak, eta 1956eko irailean izan zuen oholtzara igotzeko lehenbiziko aukera, Hernanin, txapeldun irten zelarik oriotarra.
Orduz geroztik plazaz plaza ibili zen Etxeberria, ia sei hamarkada luzez entzuleei bertsoak abesten. Bere sarien artean aipagarriak ditu 1959ko Aginagako gazteen txapelketa edota Loiola Irratiko bost txapeldunordetzak. Maila handiagoan berriz, hiru aldiz lortu zuen Gipuzkoako Txapelketako finalean sartzea, 1964, 1966 eta 1969an, hurrenez hurren. Euskal Herriko txapelketan aldiz, behin izan zuen finalera sailkatzeko aukera, 1980an.
Bere bizitzaren inguruko liburua
Bere ibilbide luzea omentzeko asmotan, Patxi Etxeberria. Hizketan bezala bertsotan. 50 urtez plazagizon 1959-2009 liburua kaleratu zuen Xabier Lasa Bergara idazle andoaindarrak 2009an. Bertan, Etxeberriaren bizitza, mundu ikuskera, eta bertso bilduma landu zituen Lasak, baita oriotarrari buruzko hainbat bertsolariren eta bertso eskoletako lagunen iritziak jaso ere.