Berrogeita hamar urte eta hilabete pare bat oraintsu, urteurrena orain dela oso gutxi bete dela beraz. Ni neu Iruñeko espetxe zaharreko 4. galerian, 109. ziegan espetxeratuta nengoen. Azaroaren 20ko arratsalde hartan bertan oso kontziente nintzen milioika pertsonen bizitzak, patuak eta etorkizunak markatuko zituzten une gakoak bizitzen ari nintzela, ni neu barne baita preso politiko guztiena ere. Kontzientea nintzen kapitulu berri bat hastear zegoela Espainiako estatuan oro har eta Euskadiko hegoaldeko lau lurraldeentzat bereziki. Askatasunaren, demokraziaren eta Euskadiren autogobernua berreskuratzeko aukeraren lehen izpien lekuko zuzena nintzela sumatzen nuen. Eguna bortitza izan zitzaigun, eta ziur nengoen etorkizuna zirraragarria eta liluragarria izango dela. Ziur, laster berriro elkar besarkatuko nituela gurasoak eta anai-arrebak. Ziur nengoen askatasunaren eguzki geldi ezina aterako zela mendi, haran, herri eta hirien gainetik. Ziur haize berriak eta itxaropen garaiak, leihoak eta ateak zabalduko zitzaizkigula euskaldunoi.
Franco 1975. urtean hil zen. Oraintsu dela 50 urte eta bi hilabete. Mende erdi bat hain zuzen. Urruti geratzen da. Ez zen, ez, erraza aurre ikustea zein norabide izan zitekeen zuzen eta egokiena. Nolatan jakin! Garai oso urrun haietan EAJk Xabier Arzalluzen esku eta lumatik Euskal Herriari zuzendu zitzaion irmo eta argi. Xabier Arzalluzen eskua garbi dager, estatista batean eskua hain zuzen. Profetikoa esango nuke neurri handian behintzat. Honela zioen 43 urteko Xabier Arzalluz gazte hark:
“Herriari: Francoren heriotzarekin, Euskal herriaren borrokaren garairik zailenetako bat amaitu da. 40 urteko lehentasunezko zapalkuntzaren ondoren, gure Herriak bere patuaren jabe izateko borondatea sendo mantentzen jarraitzen du. Euzkadik bere borrokaren etapa berri bati aurre egin behar dio. Francoren heriotzak aldi erabakigarri bat irekitzen du, helburu argi eta garbi bereiziak dituzten indar politikoen presentziak ezaugarritzen duena:
- A) Gutxiengo batzuek Erregimenaren jarraipena mantentzeko erabakia hartu dute, eta harekin batera, Euskal Herriak jasaten duen zapalkuntza tradizionala eta hainbat posizio pribilegiatu mantentzea. EAJk jarrera politiko hau defendatzen dutenen aurrean, Francoren Erregimenaren aurka mantendu duen oposizio irmo bera berresten du.
- B) Pertsona eta talde politiko batzuek Erregimena sistema politiko demokratiko baterantz eboluzio-prozesu batetik gidatzeko aukeran sinesten dute. EAJk demokratizaziorako aldaketa bat aurreikusten dutenen aldean, publikoki adierazten du bere eszeptizismoa etorkizuneko promesen edo adiskidetze-keinuen aurrean, benetako demokratizazio-ekintzekin eta Euskal Herriaren eskubideen aitortza praktikoarekin batera ez datozenean.
- D) Beste erakunde politiko batzuek, Erregimenaren aurka irekian, haustura demokratikoa defendatzen dute, preso politiko eta sindikal guztien amnistia aldez aurretik emanez, hauteskunde libreak, estatu eta nazionalitate mailan ordezkaritza-erakundeak sortzea, alderdi politikoen eta sindikatu libreen askatasuna eta giza eskubideen berme eraginkorrak”.
Eta jarraian: “Hau da, beraz, Euzkadiren askapen prozesuaren fase honetan EAJren jarrera: Espainiako Estatuaren etorkizun politiko hurbila edozein dela ere, EAJk aldarrikatzen ditu bere berehalako helburu politikoak hauek direla: Euzkadik beretzat ordezkaritza-gobernu bat ezartzea, herri-borondatetik sortu zenaren ordezkoa izango dena. Euzkadik bere legeak egin ahal izatea, berak aukeratutako Parlamentu bat ezarriz. Euzkadik bere baitan berdintasunezko gizarte bat eratzera eramango duen eta demokrazia politikoaren erabilera eraginkorra ahalbidetuko duen sistema sozioekonomiko bat sortzea. Euskara Euzkadiko hizkuntza ofiziala eta adierazpen-bide izan dadila kulturaren, komunikabideen eta bizitza politiko eta administratiboaren maila guztietan. Euzkadik ez duela erakunde itxi bat osatuko, baizik eta herrien arteko elkarrekintza demokratiko guztietarako irekita dagoen erakunde bat. Horregatik, EAJk Europako batasunaren garapena eta Euzkadi herrien Europan sartzea defendatzen du, historiaren hasieratik, eskubidez, Europan sartu baita. EAJk berresten du bere demokraziaren kontzeptuak edozein talderen elitismo oro baztertzen duela, edozein itxura ideologikopean, herri-borondatea monopolizatu, ordezkatu edo manipulatu nahi badu, herri osoaren benetako parte-hartzearen kaltetan. Euzko Alderdi Jeltzaleak euskaldun guztiak gonbidatzen ditu zeregin honetan parte hartzera, baita egitura bidegabeen biktima gisa beren sorterria utzi eta, gizartean integratu nahi dutenak ere, hura eraldatzeko eta Euzkadi gero eta herrialde justua eta demokratikoagoa bihurtzeko. Gora Euzkadi askatuta! Euzkadin, 1975eko azaroak 20an”.
Hitz borobilak benetan. Bi urte ondoren, 1977. urtea beraz, Amnistiaren Legea. Berriro kalea zer zen dastatzeko aukera izan nuen. Poza, dardara eta ilusioa gainezka. Hemen eta oraingoan ere Xabier Arzalluzen hitzak goratzekoak dira. Begiratzen dut atzera bai, Amnistia Legea nire bizitzak izan duen erabakietan erabakigarrienetakoa izan zen eta. Garai politiko zailak, 1977 urteak ziren, katramilatsuak guztiz. Zalantzak eta beldurrak azalean. Baita garai itxaropen-tsuak ere, irrikan garai berriak. Franko bi urte eskas hila zela, preso politiko ugari kartzeletan. Trantsizio politiko garaiak. Politiko estatista osatuen garaia, gihar mardula duten horietakoena.
Horien artean garai haietan, berriz, EAJko presidentea zen Xabier Arzalluz. 1977ko urriaren 15ean, oraintsu dela 49 urte luze. 49 urte. Ia ia mende erdia alajaina. Espainiako Kongresuan eztabaida sutsua amnistiaren inguruan hain zuzen. Hitzaldi borobila guztiz Xabier Arzalluzena. Entzun nahi duenak entzun beza, eta ulertu nahi duenak, uler dezakeenak, uler beza, bezate. Ni neu garai haietan kartzelan nengoen espetxeratua, Madrileko Carabancheleko kartzelan, eta sententziaren arabera urte askotarako gainera. Aurrera begiratu beharra. Atzekoa atzean, atzeari bizkarra ematea zegokion. Garai zail haietan, arriskuz eta itxaropenez osaturiko egun horietan non eta Madrileko Espainiako Gorteetan honelako hitz ausartak bota zituen, besteren artean, orduko EAJko EBBko presidentea zen Xabier Arzalluz karismatikoa. Guztiek onartzen dute historikoa izan zela esan zituenaren edukiak. Hitz sendo, zindo, argi garbi, borobil, mardul, tenkorrak.
“Presidente jauna, diputatu jaun-andreok. Gu hauteskunde orokorretara joan ginen, baita gure herriko sektore batzuen iritziaren aurka ere, benetan uste baikenuen demokrazia ezartzeko aukera eskaintzen zutela. Gure hauteskunde-kanpaina osoan eta aurreko oposizio-urteetan, eta publikoki esan genuenez, Amnistia zen egoera demokratiko batera iristeko aldez aurreko ezinbesteko urratsa. Guretzat Amnistia ez da politikagintzari dagokion ekintza bat, egoera zail baten konponbideari dagokiona, non nolabait ebaki egin behar den gordiar korapilo bat. Ahanztura besterik ez da, gure legearen atarikoak zioen bezala, guztion amnistia denontzat, guztion ahanztura denontzat. Izan ere, gogoratu behar da, azken aldiz bada ere, hemen bildu garela eremu ezberdinetan militatu dugun pertsonak, elkar gorrotatu eta elkarren aurka borrokatu garenak. Eta hemiziklo honetan gertatzen dena, urte luzez kartzelan eta erbestean egon diren pertsonak sentitzen diren hemiziklo honetan, atzerri edo kartzela horiek eragin zituzten gobernu- eta gobernu-erantzukizunak partekatu dituzten beste batzuekin batera, gure gizartearen errealitatearen irudia da. Gizarte horren ordezkari eta bide bagara, gizarte horren eredu ere izan behar dugu, elkar ahaztuta. Une honetan ez du balio odolezko egitateak aipatzeak, zeren odolezko egitateak izan baitira bi aldeetan, baita boterearen aldetik ere, eta batzuk ongi tristeak, ongi azpikoak. Amnistia adiskidetzeko bidea da, baina baita sinesgarritasun demokratikorako eta jardunbideak aldatzeko bidea ere. Espainiako Estatuko herriak banan-banan eskatzen ari dira beren bizitza propiorako eskubidea, produkzio- eta partaidetza-egiturak aldatzea, ekoizpen horretan eta beren onuretan, eta pixkanaka bigarren eta hirugarren mailako herritarrak desagertzen joatea. Hau lan gogorra izango da, luzea, baina gure zeregina, funtsean, Amnistia osatzea da, hau eta beste gauza batzuk gizarte demokratiko bat sortzen joatea da”.
Xabier Arzalluz, bi saio borobilak. Euri eta eurite asko eta bortitzak bota ditu geure aberrian, baita trumoiak eta kazkabarrak ere. Gero gerokoak ongi bezain ongi ezagutzen ditugunak hain zuzen. Esan beharreko zerbait daukat esateko: orain dela 30 urte paseak nik neuk EAJren atea jo nuela. Badakit, jakin ere, Xabier Arzalluzek bazuela nire ibilbide eta nuen motxilaren ezaugarrien zehatzaren berri osaba Gerardo Bujandaren eskutik. Esan beharra daukat nire beldur eta kezka ulergarriak, ezertan geratu zirela, zeren Xabier eskuzabal, adeitsu, hurbil eta zintzoa guztiz aritu zen beti nirekiko, hitza hitz. Eskerrik asko, Xabier Arzalluz, Euzkadi bihotzean, agur, ohore, bejondeizula, ez adiorik.