- Mailaz igoz gero erosteko aukerarekin Getafek utzita etorri da José Manuel Rodríguez Chema. Eibarreko jokalari berritzat aurkezterakoan, talde armaginera "guztion artean helburua lortzen laguntzera" etorri dela esan zuen Chemak. Amaia Gorostiza presidentea eta Cesar Palacios kirol-zuzendaria izan zituen lagun Ipuruan.

Neguko merkatuan "irteeraren baten bila" zebilela onartu zuen erdiko atzelariak, eta "oso deigarria" gertatu omen zitzaion Eibarrek erakutsitako interesa. "Segituan jabetu ginen hauxe zela aukerarik onena berriro maila gorenera itzultzeko, eta Eibar, nire ustez, merezi duen tokira itzultzeko. Hasiera hasieratik jasotako harrera zoragarria izan da", azaldu zuen.

"Ahal dudan guztian laguntzera nator, nire bertsiorik onena eskaini nahi dut, eta ea guztion artean helburua lortzen dugun. Oso txapelketa zaila da, eta partida bakoi-tzari bere horretan egin behar diogu aurre, epe luzerako helburuekin jardun baino", gaineratu zuen Albaceteko jokalariak. Bere hitzetan, "oso talde familiarra izatearen usaina hartu izan diot beti, eta nire burua berriro ere futbolari senti-tzeko aukerarik onena zela. Lanerako gogotsu nator, eta daukadan guztia emateko asmoz".

Atzo, talde armaginarekin egin zuen lehen saioan, Gaizka Garitanorekin hitz egiteko denborarik apenas izan zuen Chemak. "Egingo dugu tartea eta azalduko dit nigandik zer espero duen. Lehiatzeko oso sasoi onean nator", aitortu zuen.

Bere aldetik, César Palaciosek nabarmendu zuenez, "Chemak beste aldaera bat ematen digu, hobetu gaitzakeen profila duela iruditu zaigu. Denboraldiaren bigarren zati zorrotz eta gogor honi aurre egiteko oso egokia zela pentsatu dugu. Defentsan ezker bat izatearen aldaera eskaintzen digu, eta, horretaz aparte, bere esperientzia, tamaina eta bere ibilbidean erakutsi izan duen maila aparta", zehaztu zuen.

"Gure helburua lortzeko sekretua taldearen lana izango da. Hemendik aurrera ia partida guztiak izango dira finalak. Defentsako lerroan lesioak izan ditugu, eta xehetasun guztiak zaindu nahi ditugu. Denboraldiko unerik garrantzitsuenean postu guztiak ondo bermatuta izan", adierazi zuen kirol zuzendariak.

Fitxaketen merkatuari buruz, taldeak 25 fitxa profesional dituela esan zuen Palaciosek, beraz, "ez da bestelako sarrerarik egongo. Uste osoa dugu taldearengan; honako hau egoera jakin bat baino ez da izan. Beti egon behar da erne, konponbideak bilatzeko prest; bestelakoan, oso pozik nago taldearekin, eta horixe da gure lanaren eta gure balizko arrakastaren oinarria.