Gazako gerra piztu ondorengo lehen Gabonetan ez zen inongo ospakizun ofizialik izan, ahal izan zuten tokian soilik ofizio eta liturgiak mantendu ziren. Palestinan 47.000 kristau inguru bizi dira, gehienak Eliza Ortodoxokoak dira, luteranoak aldiz gutxiengoa. Ba 2023ko abendu hartan, Belenen, Zisjordanian, aipatutako Eliza Luteranoko apaiz xume batek, zeinaren kongregazioak Jesus haur bakarti baten irudia jarri baitzuen harrizko aska baten gainean zapi palestinar batez babestuta, benetako Eguberriko espiritua esaldi apelaezin batean laburbildu zuen: Jesus gaur egun berriro jaioko balitz, Gazako etxe bateko hondakinen azpian egingo luke.
Aurten, Belengo Udalak lotsati argiztatu du Aska Plaza, hiritar guziak deituz, haien erlijio-konfesioa edozein dela ere. Plaza erdian disdiratzen den zuhaitza ikustean, Natibitatearen Elizaren parean hain zuzen, nire buruari galdetzen diot zer aldatu den 2023ko Gabonetatik hona. Ba, Nicola Canawati alkatearen hitzak entzun eta gero, ulerturik: Itxaropenak, dardarti eta babesgabea badirudi ere, Gazako etorkizuna argitu behar du. Zera ba, munduari esaten ari dio Gazako zauriak gure zauriak direla, Gazako jendea gure jendea dela eta haren pairamena guretzat arrotza ez dela. Urrian, su-etena aldarrikatzearekin, gerra- amaieraren itxaropena piztu zen. Baina gaizki deituriko bake planaren xehetasunak ezagutu ahala, euforia sentipena lausotu egiten zen. Hola, indarkeriaren intentsitatea gutxitu bazen ere, zibil palestinarrak egunero erailtzen jarraitzen ditu Israelgo armadak. Eta hotzez hiltzen dira ere. Irudi hoiek, kanpaleku urpetuak, haurtxo hotz-hotzak, jadanik bizirik hilak...
Ez ditut Gabonak gustoko, inpostura hutsa niretzat, erlijiosoa barne. Baina aurten salbuespen bat egingo dut Belenetik munduari igorritako itxaropenaren mezua nerea eginez: benetako bake bidezko eta beharrezko baten alde, Palestina haien etxetzat sentitzen duten guztiei, izan musulman, judu edo kristau, oraindik garaiz gaudela sentitzen duten guztiei ere... Eguberri On!