- Acunsa Gipuzkoa Basketen fitxaketa berria aurkeztu zuten atzo Donostiako Aquariumean: William Magarity. ACB Ligara itzuliz talde gipuzkoarrarekin jokatu zuen lehen neurketari dagokionez, hau esan zuen suediarrak: "Gogor jokatu genuen. Gauza batzuk ondo egin genituen, beste batzuetan hobetu eta aurrera egin behar dugu. Entrenatzaileak esan digu oinarri ona dugula, eta ados nago horretan; hortik abiatuta hazten jarraitu behar dugu. Aurrera begiratu behar dugu, gogor jokatu eta kontzentratuta egon".

Magarity izan zen talde gipuzkoarreko jokalaririk aipagarriena Madrilen aurkako partidan, 17 puntuko balorazioarekin (9 puntu eta 5 errebote), eta argi utzi zuen kantxan dagoenean zein den bere jokatzeko era: "Irabazi nahi dut; galtzea gorroto dut. Irabaztea da garrantzitsuena eta nire esku dagoen guztia egingo dut, jaurtiketak egin, defendatu, paseak banatu; daukadan guztia emango dut partidak irabazteko. Hori baita axola duen bakarra".

Jokalari suediarra kikiltzen ez den eta bere buruari mugarik jartzen ez dion horietakoa da. Erabat konbentzituta aipatu du ACB ligan arrakasta izan dezakeela: "Acunsa Gipuzkoa Basketera etorri naiz ACBrako maila dudala uste dudalako. Taldeko jokalaria naizelako nago talde honetan, taldea hobea izaten laguntzea gustatzen zaidalako. Irabaztea dut beti helburu, eta daukadan onena emango dut bai erasoan, baita defentsan ere".

Etxean jokatu beharreko partida izan arren, (Illunbe oraindik obretan dagoenez) beraien Coliseum-ean jokatuko den Burgosen aurkako partidari buruz hauxe esan du 2,11 metro neurtzen dituen jokalariak: "Marcelo Nicolak eskatzen diguna buru-belarri egiten badugu, Madrilen aurka minutu batzuetan jokatu genuen bezalako intentsitatearekin jokatzen badugu, gogor eta indartsu, eta ondo pasa-tzera irteten bagara, berdin dio noren aurka jokatu".

"Nicolak eskatzen digun bezala, gogor eta indartsu jokatzen badugu, berdin dio noren aurka jokatu"

Gipuzkoa Basketeko hegal-pibota