Ekaitz Mendizabal Goixerri: "AEBn jendea apustuak egitera dator"

Amerikako Estatu Batuetan urtebete pasa berri du Ekaitz Mendizabal Goixerri mutrikuarrak. Xisteran denborali bikaina egin ostean gurutzatu zuen itsasoa. Pozez gainezka dago, eta txikitatik amesten zuena betetzen ari dela dio.

17.03.2020 | 13:12
Ekaitz Mendizabal Goixerri

Nola doa denboraldia?

Ondo, gustura. Gauzak ongi doaz, eta ni gustatzen zaidana eginez. Ez gaude kexatzeko moduan.

Hasiera nolakoa izan zen?

Zaila. Aldaketa handia somatu nuen, eta denbora bat behar izaten da egoera berrira jartzeko, baina apurka-apurka moldatzen joan nintzen, eta orain oso gustura nago.

Emaitzak ere lagunduko du horretan ezta?

Dudarik gabe. Orain emaitza onak lortzen ari naiz, eta horrek asko laguntzen du.

Nolakoa da zuen egunerokoa?

Astean bi egunetan izaten dugu jai, astelehena eta asteartea. Beste egun guztietan kinielak ditugu. Hontatik bizi gara eta saiatu behar dugu sasoiko egoten. Libre gaudenean beti saiatzen gara fisikoa lantzen, korrika eginez, edo eta baita soinketa gelara joanez.

Nolakoa da jendearen erantzuna?

Honera etortzen den jendearen estiloak ez dauka Euskal Herrikoarekin zer ikusirik. Hemen jendea apustuak egitera dator, askotan ez dituzte pilotariak ezagutu ere egiten, zenbakiei begiratzen die apustuak egiteko onak diren edo ez. Euskal Herrian aldiz, zesta gustatzen zaiona joaten da ikustera. Hemen, aldiz, apustuak egin nahi dituztenak, normalean.

Pilotalekua nolakoa da?

Oso ona, neri behintzat ikaragarri gustatzen zait frontoi hau, eta nire jokatzeko erarako ere oso ona dela esango nuke.

Hor erabat kinielak jokatzen dituzue. Asko aldatzen dira gauzak?

Neri partidak jokatzea askoz gehiago gustatzen zitzaidan etorri aurretik, baina orain kinielei gustua hartzen ari naiz. Oso ezberdina da kiniela bat jokatu edo partida bat jokatu. Kinieletan tanto batean dena jokatzen duzu, galtzen baduzu kalera zoaz, eta hurrengo txandara arte gainerako pilotariak pasa behar dute, baina hori da hemengo jokatzeko era, eta esan bezala ari naiz tamaina hartzen.

Zure atzetik joan dira Xisteran zebiltzan Goitia eta Sorozabal anaiak. Nola ikusten dituzu?

Egia esan Goitia eta Johan oso ondo ikusten ditut, uste dut tamaina hartu diela egoerari. Gorka, berriz, iritsi berria da, eta gainera atzelari izatetik aurrelari izatera pasa da. Horrek denbora bat eskatzen du, baina ari da jartzen eta jarriko da.

Zure betiko ametsa betetzen ari zara, ezta?

Hori da. Hau da txikitatik nahi nuena, eta horixe egiten ari naiz. Egiten ari naizena inork ez dit kenduko eta beti esan ahal izango dut nik ere Ameriketan jokatu nuela zestan. Hau zen nire ametsa eta gozatzen ari naiz.