Aristotelesen arabera, pentsamenduak ekintza baldintzatzen du, ekintzak portaera zehazten du, errepikatzen diren portaerek ohiturak sortzen dituzte, ohiturek izaera egituratzen dute, eta izaerak norberaren patua moldatzen eta markatzen du. Aristotelesi kasu eginez gero, pentsatzen duguna ondo zaindu beharko genuke. Askotan uste izaten baitugu gertatzen zaigunak baldintzatzen duela gure bizitza eta neurri handi batean hala da, baina ahaztu egiten dugu gure burutik pasatzen denak ere baldintzatzen dituela gure jokaerak eta azken batean gure bizitzeko modua.
Maiz erabakigarriena ez da izaten gertaera bera, baizik eta gertaera horren inguruan pentsatzen duguna, edo gertaera hori baldintzatu duen aurretiazko pentsamendua. Bizitzan etengabe ari gara erabakitzen, eta aurrera egin edo amore ematearen arteko erabakia gure pentsamenduek baldintza-tzen dute guztiz. Egoera bera oztopo edo aukera bezala ikusi dezake gure buruak. Gure barne narratiba horren arabera erabakiko dugu zer egin. Pentsatzea, beraz, erabaki ororen lehen urratsa da, erabakigarria.
Zenbat ordu eskaintzen dizkiogu geure burua, geure elikadura, geure gorputza zaintzeari. Pentsatzen duguna zaintzea ere ezinbestekoa da, burua baita gure aukerak ernatzen diren eremua. Eta kontua ez da baikortasun inozo batean bizitzea, baizik eta norberaren pentsamenduaren gaineko erantzukizuna hartzea. Geure buruan sartzen uzten duguna iragaztea, mugatzen gaituzten ideiak zalantzan jartzea, indartzen gaituztenak elikatzea... Gure lagunak edo ohiturak hautatzen ditugun bezala, gure pentsamenduak ere hauta ditzakegu, ez beti, baina saiatzeak bakarrik merezi du. Pentsa une batez zeri uzten diozun zeure buruari sartzen eta bertan egoten, zer atera nahiko zenukeen zeure burutik, zer utzi nahiko zenukeen bertan betirako, aurrera egiten lagunduko dizun adiskide on bat bezala.