Agian lehenago behar bazuen ere, inoiz ez da berandu. Lourdes Iriondo zendu zenetik 20 urte betetzekoak direnean –hilaren 27an izango da eguna–, Gipuzkoako Foru Aldundiak hilondoko Urrezko Dominarekin errekonozitu du gaur, ostiralarekin, abeslari, musikari, antzerkigile eta hainbat arlotan sortzaile izandako donostiarra. Foru Jauregian. Joxe Mari Iriondo kazetariak –Lourdesen lehengusuak– aintzatespena familiaren izenean, Eider Mendoza diputatu nagusiaren eskutik. Bertan ziren musikariaren ahizpetako bi: Maria Angeles eta Maria Jesus Iriondo. “Errekonozitu nahi dugu kantagintzan, antzerkigintzan, haur literaturan eta euskararen transmisioan eta komunitate bizitzan Gipuzkoari eta Euskal Herriari emandako guztia”, azpimarratu du Mendozak.

“Musika erruz maite zuen” etxeko alaba zela esanez definitu du Joxe Marik Lourdes. Opera ikasketak hasi zituela gogoratu du, eta, tamalez, bihotzeko gaitz batek bere ikasketak berehala zapuztu zituela. Aitak oparitutako gitarra batekin hasi omen zen orduan. “Gaztetan, ibilbide liriko klasikoa eten behar izan zuenean ere, ez zen beste inor izaten saiatu: euskarazko kantagintzan aurkitu zuen bere ahotsa eta hortik aurrera, beti izan zuen bere-berea, presarik gabe, modurik zintzoenean. Oholtzan eta handik kanpo, sortzaile eta hezitzaile jardunean norbera izate horrek eman zion indarra eta egia bere lan guztiari”, goraipatu du, bere aldetik, Lourdesen lagun izandako Mariasun Landa idazleak bere laudatioan.

1964. Andoainen eta Tolosan ikastolen alde zenbait kantaldi eskain ondoren, hurrengo urtean Aizarnan egin zuen emanaldia. Hurrengo egunean, Joxe Mari beraren eskutik, Loiolako Herri Irratian lau kanta grabatu zituen: Abesten dizut jauna, Arren Jainkoa, Ene Amatxo bihotzekoa eta Haurra sehaskan. Bere ahotsa uhinetan hedatzen hasi zenean, han hasi zuen Ez Dok Amairuren “musa” izango zenak bere ibilbidea. Hain zuzen ere, taldearen bizkarrezurra zela esanez jarraitu du Joxe Mari Iriondok: “Lourdes baitzen taldeko eragilea, kudeatzailea; herriarekiko harremanen arduraduna, eta Información y Turismoko delegazioarekin egin beharreko tramiteak ere bere gain hartu zituen, harik eta Nekane Oiarbide andrea taldean sartu zen arte”.

Baga biga higa sentikarian ere berebiziko papera izan zuen donostiarrak eta Ez Dok Amairuren ostean, Bidasoako mugaren bi aldeak euskal kantuen bitartez josi zituen Zazpiribai taldean ere, ezinbestekoa izan zen Lourdes Iriondoren figura.

Bere ibilbidean hamabost bat disko grabatu zituen eta behin gaixotasunak jota oholtzak utzitakoan, beste sorkuntza ildo batzuetan aritu zen. Hala idatzi zituen bost antzerki-lan eta umeentzako lau ipuin. Beraz, sekulako ekarpena egin zion Lourdes Iriondok euskal kulturari. "Garai zail haietako Euskal Herrian, hartu baino gehiago eman zuen Urnietako Torreako dama, emakume argia izan zen, hezia, ausarta, nortasun handikoa, dotorea, gozoa eta inoiz garratza”, deskribatu du haren lehengusuak. Eta nola ez ba, “berandu bederen”, familiaren izenean eskerrak eman dizkio Gipuzkoako Foru Aldundiari Urrezko Dominarengatik. Jakina, Lourdesen izaera umila ere gogora ekarri nahi izan du. Horrela esaten omen abeslariak berak: “Nik ez ditut txaloak maite, herrian onartzen nautelako abesten dut”.

Eider Mendozaren hitzekin amaitu da ekitaldia. Ahaldun nagusiak zabaldu egin nahi izan die Lourdesen ekarpena, hark irekitako bideari segika etorri ziren beste euskal andre artistei. Gogoan izan ditu, besteak beste, Estitxu Robles-Arangiz, Pantxika Erramuzpe, Maite Iridin, Sara Soto eta Maite Arizkorreta. “Moldeak apurtu zituzten eta, horregatik, Lourdesi Urrezko Domina eskaintzearekin bat, euskal kantagintzaren eta, oro har, kulturgintzaren garapenean emakumeek izandako garrantzia ere aitortu eta aldarrikatu nahi dugu”, esan du Mendozak.

Musika eta antzerkia, lagun

Ekitaldia ezpata-dantzarekin hasi da Foru Jauregiaren kanpoaldean. Gerora, ohorezko solairuan izan du jarraipena, Alaia Martinen bertso batekin: “Kaixo elkartu garenoi/hain areto apainean/Lourdes gogoan daukagu/zure ahots bikainean/zer indar zure begitan/zer su ezker bekainean/ irauten jakin zenuen/orduko oholtza labainean”.

Momento de la pieza de Borobil Teatroa. Arnaitz Rubio

Umeekin egindako antzerkigintza lanak gogoratzeko eta goratzeko Borobil Teatroak sortutako pieza labur bat ere eskaini da, eta Ainara Ortegak, Angel Unzuk, Mikel Azpirozek eta Juanan Urrizak Lourdesen hainbat abesti jo eta kantatu zituzten, tartean, Loa, loa, ttuntturrun berde, Gaua , Hala ere eta Errota zaharra. Horrenbestez, gaur, inoiz ez bezala, Lourdes Iriondoren legatuak bizi-bizi eta indarrean jarraitzen du.