- Realaren emakumezkoen taldeak konpromiso bikoi-tza hartuko du aste honetan ligan: bihar Betis izango du aurkari Zubietan, 20.30etik aurrera (Gol katean); eta igandean Sporting Huelvari egingo dio bisita, eguerdiko 12.00etatik aurrera. Joan den larunbatean Eibarrekin berdindu ostean, datozen bi partida horietan jokoan izango diren sei puntuak lortu nahi dituzte txuri-urdinek, sailkapenaren goialdean finkatzeko. "Jokatzeko grinaz gaude. Eibarren partidak irakurketa ugari izan ditzake. Amorrua batetik, hiru puntuak ez lortzeagatik, baina baita gauzak beltz jarri zirenean altxatzeko gauza izan ginenaren irakurketa positiboa ere. Taldeak jokatzeko gogoz dago, animoz ongi, eta zertan hobetu badugula ere badakigu ", azaldu zuen atzo Natalia Arroyok.

Realeko entrenatzaileak, hori bai, oso bestelako partida espero du Sevillako taldearen aurka: "Eibarrek baino joko alaiagoa egiten du Betisek, eta partida zeharo ezberdina izango dela esango nuke". Eibarren aurkako partidaren inguruan ere azalpenik eman zuen, "taldea mugitu nahi genuen eta abiadura falta izan zitzaigun; pase gehiegi egin genituen horizontalean".

Azken posturaino eraman duen bolada txar baten ostean iritsiko da gaurko arerioa, Deportivorekin zazpi puntura berdinduta baitago sailkapenaren zuloan. "Betisen jokalariei erreparatuz gero, nekez konpreni daiteke puntuak lortzeko halako zailtasunak izatea; horregatik izaten dira aurkari hauek horren arriskutsuak, une batean ez bada bestean bolada txar hori eten egingo dutelako, ea ez den partida honetan gertatzen. Entrena-tzailea ere aldatu berri dute eta horrek plangintza zailtzen du", adierazi zuen Arroyok, Pier Luigi Cherubinok dimisioa aurkeztu ondoren, Juan Carlos Amorosek hartutako taldeari buruz.

Bestalde, Realeko jokalari garran-tzitsuetako bati buruz ere hitz egin du entrenatzaile kataluniarrak, izan ere, Leire Bañosek gaur 200 partida beteko baititu elastiko txuri-urdinarekin. "200 partida ikaragarri dira, eta asko esan nahi du horrek hain jokalari gaztea izanik. Bere profila asko ematen duten horietakoa da, eta entrenatzaileok egiten duen guztia ikusten dugu, agian kanpotik hainbeste ez nabarmendu arren. Berak laguntzen du taldea josten. Beti eman eta eman, sendotasuna defentsan eta kemena erasoan; ez da erraza horrelakorik topatzea" esanez amaitu zuen Arroyok.

"Amorrua eman zigun Eibarren aurka hiru puntuak ez lortzeak, baina partida beltz zegoenean altxatzeko gauza izan ginen"

Realeko entrenatzailea