- Anaitasuna hamaika taldeen artean bederatzigarren da une honetan Hirugarren Mailako 4B multzoan; bost puntu pilatu ditu, garaipen bat, bi berdinketa eta bi porrot izan ondoren. Hori bai, azken partida 0-3 galdu zuten etxean Urdulizen aurka.

Itxura batean abenduaren 16an Getaferen kontra Txerloiako zelaian jokatuko den partida historikoaren berri izan bezain laster, etsipena nagusitu arren, segituan bihurtu zen ilusio. Eguerdiko 13.00etatik aurrera azkoitiarren zelaian zozketa telebistaz zuzenean bizi izan zuten hamar jokalariek, bazuten itxaropena Cholo Simeoneren Atletico edota Lopetegiren Sevilla tokatzeko, baina azkenean Getafeko taldearekin konformatu behar izan zuten.

Pedro Urdapilleta Anaitasunaren presidenteak berak aitortu dio egunkari honi klubean gustura daudela aurkariarekin: "Oso pozik gaude. Getafe ez da edonolako taldea, iaz Europa Liga jokatu zuen. Entrenatzaile eta jokalari ezagunak ditu, beraz, pozik egotekoa da".

Hori bai, "sari potoloa bati bakarrik tokatzen zaio eta ez zaigu guri suertatu. Ez gaude atsekabetuta, ordea. Egia esan itxaropena bagenuen, eta hasiera batean etsipenak jo gaitu, baina berehala eman diogu buelta".

Inolaz ere, talde gipuzkoarrak beste helburu bat du orain begiz jota; alegia, ordurako zaleak estadiora itzuli ahal izatea, edukieraren %50ean bada ere, zale gorrixek Azkoitian historia egingo duen norgehiagokarekin goza daitezen: "Pandemiaren bilakaeraren arabera ikusiko da publikoa joan daitekeen ala ez. Etxean jokatu ditugun ligako hiru partidetatik bitan publikoa egon da eta azkenekoan ez. Zaleen mesedetan, %50eko gehienezko edukiera izatea espero dugu. Horrela balitz, gutxienez 300 pertsona egon ahalko lirateke harmailetan eserita. Eta zero ala 300 zale arteko aldea handia da". Zen-tzu horretan gehitu nahi izan zuenez "zaleek partida zuzenean ikusteko aukera izatea espero dugu. Egia esan, oso polita izango litzateke".

Helburua, dena den, "lehiatzea" baino ez da: "Argi dago kategorien arteko aldea oso nabarmena dela, baina partida bakar batera izanik mila gauza gerta daitezke. Gu gogotik saiatuko gara".

SENTIPEN KONTRAJARRIAK JOKALARIEN ARTEAN

Xabier Artetxe Anaitasunako entrenatzaileak aitortu duenez, "sari potoloetako bat tokatzea espero genuen arren, Getafe talde gogorra da, Lehen Mailan oso ondo dabilena, eta pozgarria da horrelako talde bat Txerloiara etortzea".

Entrenatzaile gipuzkoarrak garbi esan zuen: "Kanporaketa jokatzeko gogoz gaude. Eta ea ordurako publikoa sar daitekeen". "Gurea bezalako talde apalek lehen mailako taldeei irabazi izan diete txapelketa honetan, eta unea iristen denean Lehen Mailako talde baten aurkako kanporaketaz gozatzen saiatuko gara, baita ezustearen bila gogor lan egiten ere. Partida historikoa da, eta guk maila ona eman behar dugu", gaineratu du.

Bestalde, Josu Juaristi, Txiki, Anaitasunako kirol zuzendariak esan zuenez, "beti izaten da Europan jokatzen ari diren talde handietako bat tokatzeko ilusioa, eta Getafe ez dago zerrenda horretan. Baina, azkenean, sekulako taldea da, sari galanta guretzat Lehen Mailako talde baten aurka jokatzea".

Markel Eskurtzak, talde gorrixeko jokalariak, Jose Bordalasek zuzentzen duen taldearen ezaugarriez hitz egin zuen. "Badakigu oso talde gogorra dela, mutur-muturreraino borrokatzen duena; beraz, prest etorri beharko dugu, barne-babes edo espinillera onak jarrita... Gu ere borrokarako prest egongo gara", esan zuen txantxetan.

"Sari potoloa bakarra zen eta tokatu ez arren ez gaude atsekabetuta"

Anaitasunaren presidentea

"Getafe talde gogorra da, Lehen Mailan ondo dabilena eta pozgarria da Txerloiara etortzea"

Anaitasunaren entrenatzailea

"Badakigu talde indartsua dela, baina geu ere borrokarako prest izango gara"

Anaitasunako jokalaria