Ruper Ordorikak igandean hasi zuen Lesakan bira berria. Aurretik, larunbatean, Durangoko Azokan izan zen Lurra ikutu barik lana aurkezten. Larunbatean, berriz, Mugalariekin igoko da Victoria Eugeniako oholtzara.

Disko berria kaleratu duzu, 'Lurra ikutu barik', eta Lesakan aurkeztu zenuen igandean. Nola joan zitzaizun biraren lehen kontzertu hori?

—Ondo. Gauzek bere bidea behar dute. Kontzertuetan abestiek beste bizitza bat hartzen dute, diskotik harago.

Beste dimentsio bar hartzen dute, ezta? Edo, agian, zuzenekoetan beste abesti batzuetan eraldatzen dira...

—Disko bakoitzarekin entzulearen tokian jartzen saiatzen naiz. Maite dut kantua entzutea zenbaitetan. Bietara egiten dugu, diskoan dauden ugari, baita beste guztietatik ere.

Diskoaren izenburua 'Lauaxeta'ren bertso batetik atera duzu.

—Halako batean, hura irakurtzean, pentsatu nuen disko honetako kantuez mintzo zela. Gero ohartu naiz izenburu hori ez dela ezohikoa nire gauzetan. Badut 'Lurrean etzanda' deituriko disko bat; beste bat 'Hodeien azpitik' deitzen da... Hor badabil zerbait (barre egin du).

Baten batek esango du artistak “lurra ikutu barik” ibiltzen direla, lebitatuz edo.

—(Barre egin du berriro) Ez dakit horrenbesterako izango den! Egia da, halere, batzuetan bakoitzak izaten duela iturburua norbera denaren sentsazioa. Beste zenbaiten, aldiz, zure buruari galdetzen diozu bitartekari baino ez ote zaren, nonbaitetik heltzen diren esan beharreko gauzak harrapatzen dituzula, alegia. Horrekin lotzen nuen nik izenburua, ustekabean edo aurre-planifikaziorik gabe iristen diren gauzekin.

Lehen abestian horrela diozu: “Garai batean/bazirudien/maite nuen dena/betiko izango zela”. Hirugarrenean, aldiz, “Arorik aro/mundu zahar hau/gero eta maiteago” abesten duzu. Ez al dira nostalgia hitzak?

—Ez dut uste, baina beharbada bai. Gauza desberdinak dira. 'Arorik aro'-n mundu zaharraz ari naizenean, toki jakin eta bizimodu jakin bati buruz ari naiz, mundu zabalaz baino. 'Garai batean', berriz, gehiago da galerari buruzko kantua. Baina izan liteke diozuna. Egia esan, ez dut iragana aztertzeko dohain handirik oraindik. Badut esperantza noizbait gauza horietaz zertxobait gehiago ulertuko dudala.

Iragana aztertzeko dohainik ez duzula diozu. Aurten 45 urte bete dira 'Hautsi da Anphora' kaleratu zenutenetik. Laster, 50. urteurrena iritsiko da. Ezer berezirik egitea pentsatu duzue?

—40. urteurrenean jaso nituen horrelako proposamenak. Pandemia dela eta, 42. urteurrenean bost kontzertu egin genituen Pott Bandako lagunekin, Atxaga, Iturralde eta guztiekin, diskoaren harira. Nola diren gauzak. Bilbao Museoan erakusketa badago erakusketa bat eta, bertan oso ongi apainduak Hautsi da Anphora-rentzat Juan Carlos Eguillorrek egindako azaleko originalak. Badirudi zirkulu bat ixten dela, baina nork daki non egongo ote garen bost urte barru, agian errusiar ereserkiak abesten!

Halere etorkizunari ere galdetzen diozu. Hor dago 'Gero, zer?' kanta.

—Diskoa egitea bera etorkizunari begira egotea da. Lantzen ditugun berritasunak aurrera begira egiten ditugu. Dohain hori ere badu musikak. Ez baita betetzen egiten denean, entzuten denean baizik. Beti du aurrera begirako proiekzio bat.

Eta zer da Ruper Ordorikak aurrera begira ikusten duena?

—(Barre egin du) Ez nizuke gehiegi lagunduko. Ez dut bizi garen momentua oso ondo konprenitzen. Zaila ikusten dut. Ene kasuan uste dut musikariok zorioneko garela. Nire kasuan, behintzat, barrua antolatzeko baliagarri zaizkit kantuak. Baina, oro har, iruditzen zait aldaketa handi-handien hasieran gaudela, behintzat, nire eginkizunari dagokionean. Musikak, beste esparru askok bezala, badu teknologiarekin harreman zuzena eta zerbait berriaren hasieran baino ez gaude. Musikaren mundua guztiz eraldatzen ari da, goitik behera.

'Streaming' plataformak iritsi ziren, eta, orain, adimen artifizialaren garaiaren hastapenetan gaude. Nola uste duzu eragingo diola horrek musikari?

—Humanoideak beti lortu du bere teknologia barruko mesedetara hurbiltzea. Ez bakarrik esplotazio eta helburu jakin horietara, sormenaren aldetik ere beti lortu du. Esperantza hori badut. Baina hori ez da gertatzen gustuak aldatu gabe. Beste estetika gustu batzuk loratzen ari dira. Mikrofonoa asmatu zenean jende asko izutu egin zen. Ordura arte abesteko modu bakarra zegoen, ahotsa inpostatuta. Egun batetik bestera, gaur egun guztiz arrunta den gailua sortu zen, eta horrek munduaren gustuak aldatu zituen. Derrepentean, Frank Sinatra bezalakoak agertu ziren, lehen horrelako kantaerarik ezin zelako gertatu. Orain, berdin: gaur egun mundu mailan gailurrean dauden disko asko ezin litezke ulertu, konposizioan adimen artifizialaren eraginik izan gabe.

Kantautorearen gainbehera ekarriko du horrek?

—Hori aspaldiko kontua da (barre egin du). Kantuak beti iraungo du; hizkuntza guztietan egiten da, tribu guztiek egiten dute eta mendeetan zehar ere egin da. Halere, nire esperientzia ez dator bat kantautoreen gainbeherarekin. Nire azkeneko diskoa, 'Bakarka II' bakarka egin dut, eta horren ondorioz konturatu naiz jende askok hori maite duela, hurbilagoa izatea musika edo hitzak beste modu batera jasotzea. Denetarik egongo da.

Eta 'Bakarka III' diskoan pentsatu duzu?

—Gaixoak euskaldunak 'Bakarka III' aterako banu! (Barrez). Nahiz eta aldiro ari naizen abestien aldaerak osatzen, ez daukat buruan hirugarren disko bat ateratzea. Ez dakit zer gertatuko den.

'Lurra ikutu barik' diskora itzuliz, esango nuke bereziki pop koordenatuetan mugitu zarela oraingoan.

—Ez dakit. Estilistikoki rock, pop, jazz, folk... bezalako estiloetan kokatu izan naute. Ez zait iruditzen gaur egun estiloaz horrela hitz egiteak deskripzio gehiegi ematen duenik. Beste fase batean gaudela esango nuke. Baina, bai, herri musika da, dudarik gabe.

Ohikoa den legez, zure hitzak musikatu dituzu eta baita beste poeta batzuenak ere.

—Batzuetan testu bat irakurrita barrura etortzen zait hori kantatuko nukeenaren pentsamendua. Zerbait antzematen diet alde horretatik, nahiz eta badiren zenbait poema luzeak direnak eta ez arau batean sartutakoak. Hori da, adibidez, azken diskorako musikatu dudan Tonino Guerraren Hogeita hamabosgarren kantorea jatorrizko poemaren kasua. Berak romañoloz idatzi zuen bere poesia gogoangarria. Javier Aguirre Gandarias Bilboko poeta eta lagunaren beste poema bat ere kantu bihurtu dut. Berak gaztelaniaz idazten zuen. Duela urte gutxi utzi gintuen eta plazera izan da bere La panadera poema neure alorrera ekarrita Okina abestian bihurtzea. Eva Linazasororen beste kantu bat ere badago diskoan, Erdi Bana, eta diskoa ixten duen abestia, Denak du bere sasoia, liburu santuko Eklesiastes-etik atera dut.

Eta Ruper Ordorikak ere bere sasoia du?

—(Barre egin du) Denek bezalatsu. Gustura ari gara eta diskoa orekatua atera dela uste dut.

Zuzenean Mugalariekin zabiltza. Estudioan, ordea, beste talde batekin aritu zinen.

—Niretzako oso polita izaten da kantuei beste irakurketa bat ematen zaienean. Lan egiteko molde hau bitxia ere badela badakit. Beste disko batzuk bai, egin izan ditut Mugalariekin. Badakizu, sarritan esan ohi dut, nire abestiak mugaz beste alde pasatzeko irabazi-asmorik gabeko erakunde bat direla Mugalariak. Taldea aldatu egiten bada ere, urteak daramatzagu laukote bezala Arkaitz Miner, Asier Oleaga, Lutxo Neira eta laurok. Oraingoan, ohorezko mugalarietako bat gehituko zaigu, Nando de la Casa.

Estudioan, aldiz, amerikano bat eta bi ingelesekin aritu zara. Leo Abrahams gitarrekin eta teklatuekin aritu da, Jon Thorne kontrabaxuan eta Kenny Wollesenek bateria, bibrafonoa eta perkusioak jo ditu.

—Nire burua eta kantu hauek nora eramango ninduten ahal bezain libre uzten saiatu naiz. John Zorn konpositore eta sortzailearekin aritzen da Kenny Wollesen eta Jazzaldira etorri izan da. Laurie Andersonekin etorri behar zuen Kursaalera berriki, baina kontzertua bertan behera geratu zen, beraz, oraindik ezin izan diot disko berria eman. Azkenekoz otsailean etorri zen Anohni and The Johnsons taldearekin. Hemen geratu ziren bizpahiru egunez eta orduan grabatu genituen bifrafonoa eta bateriak, gero gitarrak. Leok, gainera, hainbat ñabardura egin ditu bere Londreseko estudioan. Nire sistema horixe izaten da, musikari horiek guztiak bahitzea (barre egin du). Urte luzetako adiskidetasuna, batez ere, Kennyrekin. Hau izan da berarekin grabatu dudan bederatzigarren diskoa. Leorekin bigarrena da. Jon Thorne da, kasu honetan, berrikuntzarik nabarmenena. Halere, uste dut disko honek asko zor diola Leok sortzen duen giroari. Aurretik lanaren pop koordenatuen inguruan galdetu didazu, eta uste dut horrek harreman zuzena duela Leok sortu dituen soinuekin.